Xabier Izaga Gonzalez

Gazte arduragabeak

Gazteekin akordatu nintzen. Zehatzago esateko, azkenaldion telebista-irratietan eta kaleko jende askori, tartean lagunen bati ere gazteen gainean entzundakoak etorri zitzaizkidan gogora: arduragabeak, burugabeak… errudunak. Administrazioen eta gure egonezinaren eta ezintasunaren errudunak.

Ikusita nago, bai hortan, gazte arduragabeak; ez dakit heldu arduragabe adina, ordea. Eta ikusita nago pandemia hasieran, itxialdi betean, hainbat gazte batetik bestera adineko jendearentzako edo etxetik irteterik ez zuten beste lagunentzako erosketak eta bestelako enkarguak egiten.

Uztailaren erdi aldera ekitaldi bat izan zen Lekeition, Julen Atxurra Egurrola Pototo herriko semeak 25 urte bete zituela-eta kartzelatuta. Joseba Tapia, Aiora Renteria eta beste zenbait musikarik parte hartu zuten herriko parkeko kontzertuan. Parkearen gainetik, Karraspio hondartzarako bidean zehar pasieran zihoazenek musika entzuten zuten eta batzuk geratu egiten ziren.

Haietako bat, 60 urte inguruko gizona, behera jaitsi eta sarrerak salgai zeuden mahaira gerturatu zen. Neska-mutil taldetxo bat zegoen bertan. Sarrerak zenbatean saltzen zituzten galdetu zien. Sei euroan, erantzun zioten, baina kontzertua amaitzear zegoela eta ikus-entzule batzuk orduko joan zirenez leku batzuk libre zeudela, ordaindu gabe sar zedila. Gizonak, baina, sarrera bat emateko esan zien atzera berriro; gainera, goitik entzuten egon zela. «Eskerrik asko!», neska-mutilek, eta gizonak sei euroak emanaz batean: «Eskerrik asko? Zergatik? Eskerrik asko zeuei, sei euro baino gehiagoren lana egin duzue eta!».

Eta niri «gazte arduragabeen» gaineko alamena gogoratu zitzaidan. •