Maite Ubiria Beaumont

Osasun ziurtagiria, ageriko eta gordetako zalantzak

Osasun ziurtagiriaren aurkako mobilizazio egun berria da gaurkoa. Larunbatetik larunbatera, uda garaiak inposatzen duen nagikeria giroari iskin eginez oso bestelako iritziak, jatorriak eta kezkak dituzten herritarrak karriketara jalgi dira frantses Gobernuak covid-19ak eragindako osasun krisiari erantzuteko plantan eman duen dispositiboari egotzitako alboko kalteak salatzeko.

Herrialde bakoitzaren backgrounda aintzat hartu gabe ezin da ulertu lurralde batean edo bestean txertaketa kanpainaren harira azaleratu den erantzun soziala. Askatasun eta eskubideekiko atxikimendu formala eta estatuaren legitimazio maila, besteak beste, kontuan hartzeko faktoreak dira fenomenoari azalpenak aurkitzeko orduan. Edonola ere, jarrera akritikoak zein aurreiritziak gaindituz, azal narritadura eragin duen erabaki politikoari buruzko gogoeta egitea lagungarria izan daiteke.

Osasun ziurtagiriaren erabilpen moldeari erreparatuz, tresnari buruzko zalantzak mahaigaineratzeko lehenengo arrazoiak fite agertuko zaizkigu. Frantziar Legebiltzarrak lehenik eta horren ondotik Konstituzio Kontseiluak laukiratu duten dispositiboak osasun publikoaren izenean herritarren eguneroko jarduerak zeharo baldintzatuko ditu ondoko lau hilabeteetan. Orain dela gutxi arte botere horiek beraiek eginiko oharra ontzat emanez, ziurtagiriaren orokortzeak gizartearen baitan arrakalak areagotzeko duen arriskua ezin da, besterik gabe, alboratu. Are gutxiago txertoa hartzeko kanpainak bere mugak erakutsi dituenean sistemaren alde urrunetan edo ilunetan bizi diren herritarrengana heltzeko. Hain zuzen, berdintasun printzipioa zalantzan jar dezakeelako ziurtagiriari darion «koakzio ifrentzua» lausotzeko hainbat moldaketa egin dituzte aipaturiko botereek. Nahiz eta azken orduko zuzenketa horiekin ez duten aise baretuko osasun kudeaketatik haratago macronismoak ordezkatzen duen gobernu eskema auzian ematen duten herritarren haserrea.

Edonola ere, gobernuarentzat arazorik handiena ez da jarrera tematsua agertu duen jendarte multzo hori. Sektore horiek ez baititu inoiz konbentzituko. Trabagarriago bilakatu daitezke berarentzat, are presidentetzarako hauteskunde kanpainan sartu aurretik, orain arte osasun agintariek emandako aginduak bete dituzten herritarrek dispositibo berria goitik behera onartzeko garatu ditzaketen erresistentziak.

Txertaketa kanpainan aurrera egiteko xedez oso urrutira jotzeko prest dela adierazi nahi izan du exekutiboak. Tempus-aren aldetik hautu txarra bilakatu daiteke, ordea. Osasun ziurtagiria orokortzea «erabaki zailagoak» saihesteko modu bakarra dela sinetsarazi nahi du Gobernuak. Alta, krisi honek konponbide miresgarrien balio galkorra erakutsi du. Izan ere, ageriko azalpenen atzetik badira ezkutuan atxikitzen den balio partekatuen galera kezkagarria. Hamarna milaka manifestari versus txertoa hartua duten milioika herritar. Gogoeta markoa zuri-beltzean finkatuz, Olivier Veran Osasun ministroak errealitatea desitxuratzera jokatu du. Hautu eskasa. Iraganean gehiengo isilaren kontzeptua baldarki baliatua izan denean, herritarrak sailkatuz, denon eskubideak murrizteko. Arreta desbideratuz, erabakigune eta epeak bortxatuz.... finean, osagai zaharrak baliatuz zaila da osasun krisia gainditzeko ezinbesteko den orube publikoa indartzea. •