Juantxo EGAÑA

«ABRAHAM» PASTORALA ATHARRATZEN, 1899An

1899ko apirilaren 16an “Abraham” pastorala antzeztu zen Hauzen. Urte berean, maiatzaren 28an, pastoral bera jokatu zen Atharratzen, argazkia egina dagoen tokian. Georges Herelle Filosofia irakasle eta etnografoak, Baionan bizi zenak, Zuberoako pastoralari buruzko ikerketa batzuk argitaratu zituen “Revista Internacional de Estudios Vascos” (RIEV) eta “Gure Herria” aldizkarietan. Baionako Mediatekan utzitako bere koadernoetan jasota daude 1899an Hauzen eta Atharratzen egindako “Abraham”-en antzezpenen zenbait marrazki eta testu, baita beste antzezpen batzuenak ere. Georges Herellek dio, halaber, Baionako argazkilari bat kontratatu zutela Atharratzeko pastoralaren argazkiak egiteko. Irudien egilea Tewis Michelsen suediarra izan zen, 1860an Stockholmen erretratugile gisa hasi eta 1891n Lapurdiko hiriburuko Frederick Bastiat kalean bizitzera joan zena. 1904an Pierre Gelly baionarrak bere estudioaren ardura hartu zuen. “Abraham”-en antzezpeneko sei argazki oso deskriptibo gordetzen ditu Baionako Euskal Museoak; haietan, emanaldiaren, ikusleen eta upel batzuen gainean ezarritako agertokiaren muntaketaren zenbait momentu ikusten dira.