Isidro Esnaola

Baliabide publikoen hustuketa planifikatua

Zaldibarko zabortegia kolapsatu zenean, EAEn jarduera kaltegarriak kudeatzeko moduari buruzko xehetasunak ateratzen hasi ziren. Jakin genuen, adibidez, 2000. urtean Gasteizko Gobernuak osasuna arriskuan jartzen zuten industria jardueren jarraipena egiteari utzi ziola. Agindua Josu Jon Imaz Industria sailburuak sinatzen zuen. Modu horretan eraginkortasun eta arintasun administratibo handiagoa lortzen zelako justifikatzen zen. Jakina, administrazio izapiderik gabe, arintasuna da nagusi; baina segurtasunaren gaineko kontrola ere galtzen da. Eta horrela, azkenean Zaldibarko zabortegia erori zen.

Enpresa pribatuen autorregulazioaren beste adibide bat Iberdrolak eman berri digu; izan ere, elektrizitatearen prezioak errekorrak lortu dituela aprobetxatuz, udan bi urtegi hustu ditu baimendutako gutxieneko bolumenean utzi arte; administratiboki ezarritako gutxieneko hori gabe, hutsik egongo lirateke. Garrantzitsuena da mozkinak pilatzea. Denetan interesgarriena da prezioen eskandalua hain handia dela, ezen aste honetan, bat-batean prezioa 20 euro baino gehiago jaitsi baita; ez gasaren prezioa, ez berriztagarriak, ez bestelako azalpen ofizialik. Gobernuarentzako eta oligopolio elektrikoentzako irudiaren kostua hain handia zenez, jaistea erabaki dute, nahi duten prezioa finkatzeko gaitasuna dutelako. Merkatuaren itxura dago, baina errealitatean enpresa gutxi batzuen kontrol zorrotza dago.

Autorregulazioak hain ondo funtzionatzen duenez, oraindik esku pribatuetan ez dagoena, hala izateko bidean da. Hilaren hasieran, Onkologikoko enpresa batzordeak salatu zuen pazienteak eta bertako profesionalak zentro pribatuetara bideratzen ari zirela. Orain, bularreko minbizia duten gaixoak Donostiako Ospitalean tratatzea erabaki du Osakidetzak. Urrats horietan, Kutxaren gizarte ekintzaren ondorioz minbizian espezializatutako zentro bat ospitale huts bihurtuko da, eta horrek aseguru pribatuei baino ez die mesede egiten. EAJren erabaki politikoa da enpresa pribatuekin lehiatzeko ahalmena duen edozein ekimen publiko desagertzeko bidean jartzea.

Hori da, hain zuzen ere, Euskaltelekin egin dutena. Abuztuaren 13an 9 urte bete ziren Euskalteli zuntz optikoaren sare publikoa saldu ziotenetik. Salmenta bat baino gehiago ondasun publiko bat oparitzea izan zen, enpresa pribatu baten balioa handitzeko erabateko pribatizazioari begira. Astearte honetan kotizatu zuen azkenekoz burtsan, inbertsio funts batek erosi ondoren. Buelta asko eman ondoren, esku pribatuetan gelditu da Euskaltel, EAJko gestoreek orduan aurreikusi zuten moduan.

Garai batean, bazirudien Espainiako Gobernuak independentzia ukatzearen ondorioz EAJk herria eraikitzea erabaki zuela zeharkako bidea erabiliz, hau da, funtsezko sektoreetako enpresetan posizioak hartuz: BBVA, Iberdrola, Euskaltel... Gaur egun argi dago bide horrek ez duela inora eramaten. Argi dago ere EAJren kezka bakarra dela enpresa pribatuei ahalik eta baldintza hoberenak eskaintzea euren mozkinak handitzeko. Helburu hori erdiesteko ongizate estatua desegiten ari da. Gero eta palanka gutxiago gelditzen dira herri eraikuntzan erabili ahal izateko.