Xabier Izaga Gonzalez
IKUSMIRA

BETIEREKO GALTZAILEAK

Kuban sareen bidez jakin zuten beren «matxinadaren» berri, AEBetatik zabaldu ziren mezuak irakurrita. Afganistanen aspaldi jakin zuten neurri handian Kubako «matxinada» eragin omen zuen egoeraren erantzulea negoziatzen zebilela talibanekin. Afganistandarrak babesteko haien herrialdea okupatu zuenaren tropak AEBetara itzuli dira, Afganistanera iritsi ziren bezain lotsagarri, eta afganistandarrek ez dute sareen bidez jakin.

Europar Batasunean Afganistango gertaerek kezka eragin dute, duela zenbait urte Ekialde Hurbileko gatazkek eragin zuten exodo handia ez ote den berriro gertatuko. Turkiak, arrisku hori dela-eta, bere migrazio politika gogortuko duela iragarri du. Afganistandarren egoerak, haien ziurgabetasunak, ez du elkartasunik eragin, beldurra baizik. EBk talibanekin hitz egingo du; irabazleekin, alegia. Terroristekin ez omen zegoen hitz egiterik; galtzaileekin ere ez, nonbait. Ez terroristak direlako, galtzaileak direlako baizik. Nork hitz egingo du afganistandarrekin, berriro ere, hamaikagarrenez, gerra galdu dute eta? Xabier Izaga Gonzalez