Xabier Mikel Errekondo

Elektrizitateak itoko gaitu

Elektrizitatearen prezioak urkatuko gaitu edo, nahiago baduzu, aulki elektrikora eramango. Energia ekoizle lobby-en prezioei eutsi ezinik, arrastan eramango gaitu elektrizitate korronteak… uholdeetan ur-korronteek hostoak nola.

Energiaren merkatuak azken hilabeteotan ezarri dituen prezio eskandalagarriek 110 €/kWh-ko langa erraz gainditu dute eta herritarrengan itolarri orokorra sortu ezintasunean bortxatuak sentiarazteraino, trapuzko jostailuak bagina lez hiena-lobbyen nahieran.

Iluna da argiaren faktura, ilunegia ezer ulertzeko, eta etengabe ziria sartzen ari zaizkigu gobernua eta enpresak. Ziria denoi, baina zaurgarrienentzat odol-xurgaketa hutsa da… Mozkinengatik gupidarik gabe jarduten duen banpiro-lobbyak ezpainetatik darizkion herritar hauskorraren odol tantak miazkatzen ditu zurrupatzeraino; Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola), Jose Bogas (Endesa) eta abar.

Enpresek ez dute etsiko mozkinak biderkatzeko gose aseezinarekin. Larria da erakunde arduradunek, dela europar erakunde gorenak nola espainiar Gobernuak, hain oinarrizkoa zaigun argindarra haiek kontrolatzen duten merkatuaren esku uztea. Nago agintariek ate birakarietatik elektrika enpresetara egin saltoek sobera argigarri uzten dutela egoera; espiral biziatu akabaezina. Krimena.

Eta egoera mingarri honen erdian erkidegoko energia kontseilari Arantxa Tapiak elektrizitatearen prezioaren burbuila eroa frackingaren aurka eta energia burujabetzaren alde diharduten herritar eta elkarteei egotzi die… Aurpegia behar du gero!

Non eta Jaurlaritzak energia burujabetzarantz urrats bakar bat ere eman ez duenean. Ez da kasualitatea Euskal Energia Erakundearen(EEE) politika, energia kutsakorrenen eta garestienen aldekoa, gas, ziklo konbinatu eta errausketa enpresetan partaidetza handiekin. •