Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa

Nerabeak gora eta behera

Nerabeak berriz ere antzezlan honen protagonistak. Titularretan agertzen diren bakoitzean berriak ez dira oso positiboak izaten eta kasu honetan ez da desberdina. “Gazteak eta pandemia. Adituen begiradak” izeneko txosten baten arabera, arreta psikiatrikoa jaso duten nerabeen kopurua %50 handitu da pandemian. Egileen arabera, hiru arrazoi nagusirengatik jaso behar izan dute arreta gazteek: elikadura nahasmenduak, bere buruaz beste egin nahi izatea eta antsietate arazoak. Hori horrela izanik, ez da zaila asmatzea neskak direla gehiengoa. Berriz ere. Hemen ere.

Gai konplexua iruditzen zait eta begirada desberdinetatik ikus daitekeena (eta zer ez?). Nirea botako dut, lerro batzuk argitaratzeko pribilegioaz baliatuz. Nerabezaroaren etapa ia gaixotasun fase baten moduan irudikatzen du gure jendarteak; arazoz beteriko fasea, aldaketa bortitzen unea, jarrera desafiatzailearen gailentzea, identitate krisia... Ez dakit zuei bururatzen zaizuen halakoak gertatzen ez diren faseren bat; helduaroak ez du halakorik, ezta?

Fama txarrez estaltzen ditugu eta une berean beraiekiko dugun exijentzia handitzen da. Jada ez zara haur bat baina heldua izatetik oso urrun zaude, baina betebeharrak hauexek dira: eskolako jarduera handitu egingo da, gehiago ikasi beharko duzu, ordu gehiagoz, zer izan nahi duzun argi eduki behar duzu (ikasten dugunak definituko bagintu bezala, tira), super garrantzitsua da orain erabakitzen duzuna, harreman sanoak izan behar dituzu, lagunekin egon behar duzu baina ez gehiegi, ikasi lan duina izateko, kontuz bizitza arriskutsua da, drogak, harreman erotikoak... Guau. Eta beraiei gehien interesatzen zaizkien gaiak... ezta ukitu ere. Harremanak. Identitateak pisu handia hartzen duen unea da eta horrenbestez, harremanek izugarrizko garrantzia hartzen dute. Nor garen ezagutzeko, besteak behar ditugu, gure ispilu bilakatzen baitira.

Era berean, haurrak eta gazteak dira helduon ispilu nagusiak. Guk elikatzen ditugu izan daitezen, guk “erakusten” dizkiegu ditugun arau, balio, ezagutza, beldur, leku, moduak... Beraz, nerabeak agian ispilu lanak egiten ari dira eta gu nola ez, beste alde batera begira. Gure gazteen osasun mentala deritzona (zaila egiten zait dualismoetan mugitzea) arriskuan dagoen honetan, beraiei begiratzearekin batera, guztia begiratu beharko genukeela uste dut. Gehienetan sintomak gaixotasun bezala tratatzen ditugu, baina sintomak gaixotasunaren erakusle dira, ez gaixotasuna bera. Gure gazteek sintoma izateko ausardia izan dute, gauzak egiten ari garen modua ez dela osasuntsua adierazten eta izugarrizko aukera dugu hauek esan nahi dutenari begiratzeko eta entzuteko. Ez dago hau jango duenik, bizitzeko beldurrez nago, ezinegona daukat, itotzen ari naiz.

Zerbait ondo ez doala erakusten duten horiei eskerrak ematen bukatu nahi nuke, aldatzeko aukera ematen digutelako eta hausnarketarako leku ederra irekitzen dutelako. Nerabeek asko erakusten dute beti, ikasi nahi duenarentzat behintzat. Aldatzeko garaia iritsi da, beraiek lan hori har ez dezaten eta guk beraiek zaintzeko. •