Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Robadors

Berezia da Robadors kalea. Bartzelonako Raval auzoko bihotzean, carrer de l’Hospital eta carrer Sant Pau lotzen dituen hustubide baten modukoa da. Usain bizia, taberna zuloak ezker-eskuin, prostituzioa agerian. Sei solairuko etxeak baina hiru metro zabal, nahiz eta kalearen zati handi bat zabaldu egin zuten Kataluniako Filmoteka eraiki eta espazio publiko global bat irabazteko. Sventramento esaten zaio hiri-eremu kontsolidatu zati bat eraitsi eta haren ordez espazio zabal bat sortzeari. Egoki esan ere, sventramento, italieraz, pertsona edo animalia bati erraiak ateratzearen ekintza delako. Hiri-berritze proiektu honi esker ingurua atseginago egin, etxebizitzen prezioa apur bat igo eta profil ezberdineko bizilagunak iritsi ziren kalera. Tartean, ni neu. Gentrifikazioa, lehenengo pertsonan.

Tokiak aldatu egiten dira ezinbestean, bortizki batzuetan, pixkanaka bestetan, eta mikromatxismoaz hitz egiten dugun modu berean aldaketa urbano horien sintoma edo eragile diren hainbat mikroekintza edo mikroegoeraz ere hitz egin genezake.

2012ko maiatzaren 25a, ostirala, gaueko ordu txikiak. Kaleko harrabotsak ez dit lorik hartzen uzten eta leihora hurbildu naiz. Kamioi bat ikusten dut kalean aparkatua; harritu egin naiz, ez baita ohikoa tamaina horretako ibilgailurik etxepean ikustea. Norbait ikusten dut kamioiaren atoira hurbiltzen, atzetik, eta barrura egin du salto. Segundo gutxiren buruan atera da eskuetan zerbait duela, baina ez naiz gai zer den zehatz ikusteko. Pixkanaka, inurriak apurretara nola, bat, bi, hiru pertsona, gero lau, bost, sei, hurbiltzen dira kamioira gauza bera egiteko: atoira salto egin eta kaxa bat, eskuoihal bat, arropa edo dena delakoa eskuetan dutela atera eta alde egin dute.

Poliziari hots egitea otu zait eta hala egin dut. Kamioi baten karga lapurtzen ari dira nire muturren aurrean eta kamioilari gizajoaren larruan jarri naiz. Minutu gutxiren buruan dator polizia bikote bat –azkarrak dira oso auzo honetan–, kamioiaren kabinara hurbildu dira eta lehenengo sorpresa: gidaria bertan dago. Gidaria barruan dela lapurretan egitea ez da hipotesi sinesgarria eta plot twist-a deskubritu nahi dut.

Segundo gutxiko elkarrizketa baten ostean badoaz poliziak, kamioiaren atzealdean jendea pilatzen den bitartean. Begirada fintzeko esfortzua egin dut, jendeak kamioiko atoitik ateratzen duen hori zer demontre den jakiteko. Ulertu dut bat-batean: maindireak dira, izara garbiak, eta konturatzen naiz ezerk gutxik irudika dezakeela hobeto Robadors kalearen errealitatea maindire garbien logistikak baino. Aurreiritzi dezente dut putazaleen inguruan, baina izara zikinetan txortan egiteko desira ez da horietako bat.

Alejandro Gonzalez Iñarrituk Bartzelonaren erraiak erakutsi zizkigun «Biutiful» izeneko «sventramento» zinematografikoan. Bartzelona turistikoaren B aldearen miseriak, A alde kosmopolita horren oinarri ezinbestekoa; ezkutuan normalean baina gentrifikatzaileari parez pare agertu ahal zaiona gutxien espero duenean, udaberriko egun epel bateko ordu txikietan. •