Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

ALDE EGITEAK ERE BADITU MILAKA AURPEGI

Zeresan asko eman dute orain arte Ameriketako Estatu Batuek Afganistanetik alde egiteak utzi dituen irudiek. Amerikarren enbaxada behean zuela Kabuleko zerua zeharkatzen zuen helikopteroarena Saigoneko ihesa sinbolizatu zuen irudiarekin alderatu dute. Ihes egiten zuten afganistandarrez gainezka zegoen hegazkin militar estatubatuarraren argazkiak ere ikusmin handia sortu du. Baina AEBek herrialdean izan duten porrota irudikatuko duena Kandahar talibanen gotorlekuan ikusi dugu aste honetan. «Koranaren ikasleek» Afganistaneko Armadak, AEBek hornitu eta hazitakoak, ihesean utzi zuen Humvee ibilgailuekin parada egin dute, Pentagonoaren lotsarako. Hori gutxi ez eta, Black Hawk helikoptero batek, AEBetako Armadaren erailtzeko tresnarik «kuttunenak», airea zeharkatzen zuen ekitaldian, talibanengana desertatu zuen pilotu batek gidatuta. Eskerrak Kabulen utzi dituzten hegazkinak eta droneak aurrez suntsitu dituztela, omen. Bestela New Yorken izua izango zen nagusi Irailaren 11ko urteurren borobilaren bezperatan. Dabid Lazkanoiturburu