Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

Pazientearen senidea

Gutxitan aipatzen da paziente baten sendatze prozesuan bere senideek jokatzen duten papera. Osagile bezala, haien eragina hainbat ikuspegitatik ikusteko aukera izan dut, alde eta kontra. Kontsultan eginiko azken irakurketak (“Topical Issues in Pain 2”, Gifford ed. 2000) gaiari buruz hausnartzeko aukera eman dit, eta zuendako ere baliagarriak izan daitezkeen zenbait gako ekartzea pentsatu dut; garaiaren arabera, denoi noizbait leku bietan egotea tokatzen baitzaigu (pazientearena zein senidearena).

Guregana datozen paziente asko senideek lagunduta egoten dira: seme-alabak, bikotea, gurasoak... Baina bakarrik datozenean ere, normalean etxean norbaitekin bizi izaten dira; horretara, guk emandako aholkuak eta instrukzioak haiekin partekatu behar izango ditu, neurri handiagoan edo txikiagoan. Senide horien jokabideak gure aholkuen eraginkortasuna biderkatu... edo ezabatu dezakete. Adibide batekin errazago ulertuko da: Mari Asunek, zahartu ahala, gero eta arazo gehiago ditu oreka mantentzeko. Bistan denez, endekapena pertsona guztietan gertatzen den gauza naturala da (osasuna kaskartzea alegia); baina aldea dago endekapen hori bizkor edo astiro gertatu. Gure tratamenduarekin azken hau bilatuko dugu: Mari Asun, ahal den neurrian, oinez mantentzea erortzeko arriskua gutxituz. Horretarako, baliabide batzuk erabiliko ditugu (ariketak, laguntza teknikoak...) baina garrantzitsua izango da laguntza hori tamaina egokian ematea: ez gutxiegi, eta ez gehiegi. Izan ere, Mari Asunekin azken arazo hau aurkitzen dugu. Bera etxeko amona da, maite-maitea, eta denek lagundu nahi diote: hara eta hona autoan eramanez; besaulkian eserita dagoenean, gauza guztiak eskura ekarriz; jantzi eta eranzterakoan, haur txikia balitz bezala lagunduz... Egoera horretan, oso eroso aurkitzen da eta ez du inolako premiarik oinez aritzeko, edo hobetzen saiatzeko. Tamalez, gehiegizko maitasun horren ondorioz, Mari Asunek oinez ibiltzeko ahalmena behar baino bizkorrago galduko du.

Iñaki, berriz, gazteagoa da: ez ditu oraindik 20 urte bete. Sukaldari laguntzaile bezala aritzen da, eta bi hilabete bajan daramatza gerriko minarengatik. Lehen beste lan bat zuen, supermerkatu batean (han pisuak jasotzen eta jaisten aritzen zen, eta ez zitzaion gerriko minik egiten). Hasieran Goitia zen bere medikua, baina «ezer egiten ez ziola» eta «lanera bidali nahi zuela» iritzita, Lasa medikuarengana aldatzea eskatu zuen. Honek bere ama tratatua zuen hamar urte lehenago, gerriko minarengatik: operazio kirurgikoa egin zuten, eta ondo geratu zen. Lasak baja luzatu eta fisioterapia agindu zion; puntu horretan ezagutu genuen Iñaki. Esplorazioan Iñakik ez zuen bizkarreko muskuluen eta giltzaduren inolako anomaliarik; tratamenduarekin, berriz, ez da modu esanguratsuan hobetu. Kontua da kasu hau konplexuagoa dela: hasteko, Iñakiri ez zaio sukaldeko lana gustatzen; bestetik, bajan dagoenetik etxean ez du kolpe zorrik ematen (neska lagunarekin bizi da, hark egiten dio dena); gainera pisuak jasotzea ekiditen du, erosketa poltsa txikiak barne, kalte egingo diolakoan; honen kontura, forma fisikoa erabat galdu du; gainera, amari eginiko operazioa gogoan, Iñaki eta biak bide hori jarraitu behar ote litzakeen pentsatzen hasiak dira. Paziente hau hobetzeko, ez da fisioterapia bakarrik behar: ezinbestekoak dira motibazioa lantzea (edo lanez aldatzea), aktibitate fisikoari berrekitea, eta amaren eta bikotearen “ez-laguntza” hori moldatzea. Horrelakoetan, eta jakitun garenean –beti ez baita erraza horrelako koadroetan bakoitzak jokatzen duen papera ezagutzea–, senide horien konplizitatea beharko dugu, laguntzeko baino gehiago kalterako izaten ari diren jarrerak identifikatzeko eta moldatzeko, pazientearen hobe beharrez. •

www.abante.eus