Juantxo EGAÑA

ARRANTZALEEN HAMAIKETAKOA

Argazkilari askok utzi digute beren irudietan itsasoaren, haren kemenaren, portuen, arrantzaleen, sareak josten ziharduten emakumeen, erronken, naufragioen eta gerren ikuskera. Horietako bat Konarzewski izan zen; Donibane Lohizunen bizi zen poloniar hark bere kamerarekin olatuen energia atzematen jakin zuen XIX. mendearen amaieran. Beste batzuek, hala nola Pascual Marin, Galarza eta Ricardo Martinek, Donostiako Pasealeku Berrian lehertzen ziren olatu erraldoien argazkiak egin zituzten XX. mendearen lehen herenean. Federico Scheneidhoferrek Arando Handiko (Pasaia) olatuetan noraezean zeuden itsasontzien irudiak utzi zituen. XIX. mendearen bigarren erdian Valentin Marinek, Hermenegildo Oterok eta beste batzuek arrantzaleei atera zizkieten argazkiak Donostian. Sigfrido Koch Bengoetxeak eta Jose Ortiz Echaguek arrantzaleen ikuspegi piktorikoena erakutsi ziguten XX. mendearen lehen erdian. Artikulua ilustratzen duen irudia Ignacio Etxandi margolari eta argazkilari donostiarrak (1912/1952) egina da; bertan, arrantzale talde bat ageri da hamaiketakoa egiten, Donostiako portuan. Argazkia joan den mendeko 40ko hamarkadan egindako multzo batekoa da.