Jon Ormazabal
IKUSMIRA

EZ NAZAZU BAKARRIK UTZI, PILOTA

Tristurari idatzi zion Joseba Sarrionandiak, baina poemak, moldatuta, berdin balio lezake Aimar Olaizolak pilotarekiko izan duen eta duen beharra irudikatzeko. «Zure laguntza behar dut gauzak aintzat hartzeko/ gelditu eta gauza bakoitzaren balioa sentitzeko/ bizi garen bezala pentsatu ordez/ zelan bizi garen pentsatzeko». Ume-umetatik, banandu ezineko bikotea izan dira goizuetarra eta eguneko 24 orduak bete dizkion larruzko bola, baina heldu da harreman horri, azken 23 urteetan izan duen eran bederen, amaiera jartzeko ordua. Pilotak bera utzi aurretik utzi nahi izan du Olaizolak pilota, egokiena iruditu zaion unean, bere ibilbidera betirako lotuta egon den Juan Martinez de Irujok egiterik izan ez zuen eran. Ogetako kantxa eta aldagelak banatzen dituen atea ez da zabala, baina ate nagusitik, final bat jokatuz, utziko du pilota. Izan ere, Olaizola II.a ezer izan bada, final irabazlea izan da, egun handietan egin du distirarik gehien. Jon Ormazabal