Iker Barandiaran

Irakurri

Seme nagusiak ez du irakurtzeko inongo gogorik izaten. Aspertu egiten dela esaten du, eta nahiago duela beste gauza batzuk egin. Txikiak, aldiz, aurten ikasiko du irakurtzen eta hizki bat idazten asmatzen duen bakoitzean hunkitu egiten da. Nagusiari esaten diot garrantzitsua dela irakurtzen ondo ikastea, bizitzarako funtsezkoa delako. Baina antza ez dit sinisten edo, besterik gabe, ez zaio askorik axola. Kontua izango da motibatuko duen gairen bat aurkitu eta horrekin ‘harrapatzea’ gutxienez irakurtzeko erraztasuna izan dezan.

Nire aitona-amonen sukaldean aldizkari erraldoi multzo bat egoten zen amonaren josteko makinaren kontra. Aitona “Zeruko Argia”-ren harpide zen gaztetatik, banan-banan irakurtzen zituen artikulu guztiak, eta izugarri pozten zen nik haietakoren bat eskuetan hartzen nuen bakoitzean. Eta haren semeak, nire osabak, tarteka ekartzen zizkion astean pilatutako egunkariak eta haiek ere gogoz irakurtzen zituen, ordurako albisteak areago garatuta egon arren.

Oso presente daukat aitona irakurtzen; izan zitekeen sukaldean, salako jarlekuan, zein bere txoko kuttunean, sotoan, alde batean oiloak zituela eta bestean negurako moztutako egurra; han ere, izkinatxo batean ipurtargi batek ‘lagunduta’ irakurketa gozatzen.

Hainbeste gozatzen zuen irakurtzen, asteburuetan lagunekin hitzordua egiten zuenean adostutako ordua baino askoz lehenago jaisten zela kale aldera; eta gure etxera etortzen zen aurreratutako denbora horri etekina ateratzeko: guri kasu egin eta jarraian, irakurgairen bat bilatu bezain laster, salako eserlekuan aritzen zen irakurketan isil-isilean erlojuak baimendu artean.

Inoiz proba egin nuen esperimentu gisa ordurako harpide eta kolaboratzaile nintzen “El Tubo” musika aldizkaria irakurtzeko eskainiz; eta hura ere eskertuta irensten zuen! Pena ez niola inoiz halakoekin argazkirik egin!

Nik ere nonbait jaso nuen bere oinordetza. Txiki-txikitatik ipuinek eta liburuek liluratzen ninduten, baita garaiko komikiek ere. Hala, gerora nire ‘paga’ komikiak erosten xahutzen nuen. Halako ‘adikzioa’ neukan behin ‘mutilen’ komikiak irakurri eta gero, auzoko dendara jotzen nuela gainontzeko komikien bila. Halakoetan, dendako Isabelek ohartarazten zidan: «Baina, horiek neskentzat dira!». Orduan muga horiek sendoak ziren, gaindiezinak, baina niri bost axola eta neskentzat ei ziren horiek ere eskuratzen nituen adineko saltzailearen harridurarako.

Ez nion inoiz kalera irteteari, lagunekin jolasteari zein harremantzeari edo bizitzak ematen zizkigun aukerei proba egiteari utzi, baina irakurzaletasunak ez zuen etsi, gozamen horri eutsi nion eta gaur egun ere hala jarraitzen dut, nahiz eta, eginbeharrek mugatuta, nahi baino gutxiago irakurri.

Are gehiago, egunkari eta argitalpen batzuen harpidetza digitala izan arren, apenas erabiltzen ditut, eta nahiago dut paperean, eskuetan irakurtzea. Hala, aitonak egin ohi zuen bezala, ohitura daukat pasa den asteburuko albiste, erreportaje eta iruzkinak astean zehar ikuskatzen jarraitzeko. Aitonak hala egiten zuen, neuk ere bai, eta eskua sutan jarriko nuke osabak ere oraindik gauza bera egiten duela.

Zaila da semeei irakurtzeak nire eta gure bizitzan izan duen eta oraindik duen garrantzia azaltzea; eta haiek barneratzea. Ez naiz, hala ere, halako irakurzaletasuna izan dezaten tematuko, nahiz eta penatu disfrutatzeko aukera ederra galdu ahal dutelako. Zeinek daki, agian beraien kabuz zaletuko dira egun batean eta lerro hauek irakurriko dituzte. Hori lorpen polit bat litzateke… ji-ji. •