Ander Gortazar
Arkitektoa

(edertasunaren) Botere eraldatzailea

Edertasunaren botere eraldatzailea. Javier Burón Cuadrado abokatu, ekonomista eta Bartzelonako Udaleko etxebizitza gerenteari irakurri nion, eta pentsatu nuen sarriago errepikatzeko moduko kontzeptua zela. Egiari zor, esaldia luzeagoa zen: «Alokairuko babes ofizialeko etxebizitza publikoak, hiri zaharberritzea eta edertasunaren botere eraldatzailea». Sar ezazu programa politiko batean eta tori nire botoa.

Esaldia FAD sarien karietara zetorren. Kataluniako arkitektura eta diseinu sari garrantzitsuenak dira FAD sariak, Europa mailako zaharrenak, eta berau irabazi zuen berriki Fabra i Coats etxebizitza sozialen proiektuak, Mercè Berengué eta Miguel Roldán arkitektoen lanak. Edertasunaren botere eraldatzailea: hartu abandonatutako XIX. mendeko lantegi industrial bat eta sartu hamarnaka etxebizitza sozial; ondarea mantenduz, materialak errespetatuz, kalitatezko espazio publikoa sortuz, zaharra dena berria bezainbeste zainduz eta alderantziz.

Epaimahaiak azpimarratu zuen industria ondarearen kontserbazioak eta zaharberritzeak hirigintza jasangarrian duten garrantzia, eta nabarmendu saritutako proiektua «etxebizitza unitateak eraikin industrial batean sartzea» baino harago doala. Izan ere, eraikinak barne espazio kolektibo zabal bat sortzen du, proiektua egituratzen, ondarea azpimarratzen eta eraikina hiriarekin lotzen duena. Hiri arkitekturaren izaera publiko eta zibikoa. Eta ederra.

Euskal Herrira begira jarri naiz. Zehazki Gipuzkoara, duen ondare industrial oparoarengatik, eta zehazkiago Donostiara, denok dugulako zilbor bat. Amaitzear da Zinemaldia, eta joan den urteko irekiera ekitaldian Rafael Berriori egindako omenaldi bideoaz oroitu naiz: “No pienso bajar más al centro”. Woody Allen-en “Rifkin’s Festival” pelikulan azaltzen ez den Donostiaren aldeko ikus-entzunezko manifestuan musikari bat ikusten dugu, lehen planoan, Altzako ermita bidean behera oinez. Atzean Zardoya Otis lantegia eta Jolastokietako dorre bikiak. Badoa behera pixkanaka, Herrera pasealekutik plaza aldera, eta kamerak eraikin zehatz bat aukeratzen du parez pare erakusteko: Oxigraf. Rem Koolhaas-i irakurri diot berriki hiri garaikidea izango dela «XX. mende amaierako paisaiaren (oraindik aitortu gabeko) edertasunaren aldeko manifestu bat». Erositako prezioan saltzen dut aipua.

Ikusi ditudan irudien arabera, Oxigraf eta Zardoya Otis etxebizitzek ordezkatuko dituzte, anti-hirigintza gisa defini daitekeen enegarren operazioaren bidez. Ez da izango ondarerik, hirigintza jasangarririk, kalitatezko espazio publikorik, barne espazio kolektiborik. Edertasunaren botere eraldatzailearen beldur, hiri arkitekturaren izaera publiko eta zibikoa eskas bazterrotan. •