Gorka Elejabarrieta

Bide berriak

Urriaren 8an itzalaldi elektriko masiboa eta kazola jotzea egiteko deialdi bateratua egin dute estatu espainiarreko estaturik gabeko herrietako alderdi ezberdinek, La Llotjako Adierazpena bultzatu zuten horiek hain zuzen. Argindarraren etengabeko gorakadaren aurkako ekimenak izugarrizko potentziala dauka. Elkarrekin indar gehiago daukagu, elkarrekin gure helburuak erdiesteko aukera gehiago. Printzipio sinple, ulerterraz eta eraginkorra. Urteetan euskal gatazka edo Kataluniako gatazka izan ditugu hizpide, baina konpondu beharreko arazo estrukturala daukana ez da Euskal Herria, ez da Katalunia, estatua bera da. Are gehiago, ba al dago modurik euskal gatazka politikoa konpontzeko katalana konpondu gabe? Edo alderantziz? Estatuak zatiturik eta norbere eremuan isolaturik nahi gaitu. Ariketa berdintsua egin behar dugu Parisa zein Bruselara begira, bakoitza bere eskalan. Ulergarria al da Eskozian erreferendum bat antolatu ahal izatea eta Euskal Herrian ez? Europan erreferendum adostuen formula areagotzen den neurrian gero eta ulergaitzagoa suertatuko da zenbait estatutan debekatuak egotea, delitua izatea. Errealitate, praktika bakoitzak bestearengan daukan eraginaren ondorio da hori, berezko ondorioa. Pentsa ekimenak, deialdiak, mobilizazioak eta zergatik ez erreferendumak elkarrekin, batera antolatzera iritsiko bagina? Legalki antolatzea posible duten horiek posible ez dutenekin batera. Badago sekula jorratu ez den bide berri bat jorratzeko aukera. Saia gaitezen.

Europako estaturik gabeko herrietan indar subiranistak eta independentistak nabarmenki igo dira hauteskundeetan azkeneko hamabost urteetan. Horren adibide argia dira Irlanda, Eskozia, Faroe, Flandria, Korsika edo Katalunia eta Euskal Herria, besteak beste. Badago joera orokor bat norabide horretan. Kasu gehienetan gainera indar politiko horiek alderdi progresistak, ezkerreko alderdiak dira. SNP, Sinn Fein, Alderdi Errepublikazalea (Faroe) edo EH Bilduren beraren kasua. Populismoa goraka doa Europan, eskuin muturra eta Europaren kontrako sentimendua egonkortzen ari dira eta, neurri berean, estaturik gabeko herrietako alderdi subiranista eta independentistak Europako alderdi progresisten aliatu potentzial nagusi bezala azaltzen ari dira. Espainiar estatuan Katalunia eta Euskal Herria dira ezkerrerago bozkatzen duten nazioak. Erresuma Batuan, Irlandako iparraldea eta Eskozia Brexitaren kontra bozkatu zutenak. Europa ezkerrera bideratzeko egon daitekeen aukera bakarra estaturik gabeko herrietako indar politikoekin batera egitea da. Horretarako behar-beharrezkoa da Europako ezkerrak oro har bere agendan autodeterminazio eskubidearen onarpena gehitzea, gatazka nazionalak konpontzeko erreferendum adostuen aldeko hautua egin dezan. Ipar herrietako ezkerrak aspaldi dauka hori bere izaeran txertatua. Bide horretan lan egiten jarraitu beharra dago.

Estatuen eta Europar Batasunaren beraren demokratizazioan aurrerapausoak ematea da batzuen eta besteen elkargunea. Elkarrekin jorratu beharreko bi bide paralelo imajinatzen ditut. Bata subiranista eta independentisten artekoa, gure helburu nazionaletan aurrera egiteko. Bestea subiranista/independentista eta progresista/ezkerrekoen artekoa, gizartearen eta sistemaren demokratizazioan –autodeterminazioa barne– elkarrekin aurrerapausoak emateko. Bide honek baditu arriskuak, esaterako, demokratizazio bide horretan gure izaera eta aldarrikapen nazionalak urtu daitezke, ezker tradizionalak maiz eskatzen digun norabidean. Baina horregatik da nire ustez hain garrantzitsua bi bideak batera, modu paraleloan, jorratzea. Finean, gure bokazioa estatu independente bat eskuratzea delako, eta horren arabera diseinatu eta ibili behar ditugulako bide eta estrategiak. •

(Josetxorentzat, beti gure oroimenean)