Entrevista
Mikel Arratibel
Autobus gidaria

«Azken autobusa nik hartu nuen 30.000 kilometrorekin eta 600.000rekin utzi nuen»

Azken bost urtetan Algeciraseraino autobusa berak gidatu zuen; 13 orduko bidaia, 1.200 kilometro joanean, beste 1.200 kilometro bueltakoan. Bi gidariren artean egiten zuten bidaia, txandaka. Algeciraseko azken bidaiak egin dituen autobusa 30.000 kilometro zituela hartu zuen eta 600.000 kilometrorekin utzi du.

1023_bengoetxea3
Jagoba MANTEROLA | FOKU

 «Bidaia mota berezia da. Senideekin zoaz, bisitara doaz», hasi da kontatzen Mikel Arratibel. Joanean isilagoa omen da bidaia. «Jendea kontzentratuta joaten da; bisitara iritsiko diren, nola joango den bisita, nola topatuko duten presoa... kezka horiekin joaten dira. Bueltan gehiago hitz egiten du jendeak; nola joan den bisita, nola ikusi duten presoa...». Negarrak ere sumatu izan ditu, askotan; agian bisita ez delako espero bezala joan edo tentsioa jaistean tristura gailendu delako. «Jendea negarrez ikusi dut eta baita barrez ere. Emozio asko bizitzen dira autobus horretan».  

Finean, asteburuero bidaia egiten duen gidariak, bizitza gertatzen ikusten du astez aste. «Ikusi ditu umeak hazten eta helduak zahartzen. Gari, adibidez. Gari ezagutu nuen 6-7 urte zituela, aita eta ama, biak Algecirasen zituen. Aitona-amonekin, lehengusuekin, lagunekin… jende desberdinarekin etortzen zen eta bere inguru osoa ezagutu nuen azkenerako. Gurasoak ez, barruan daudelako, baina bai gainontzekoak. Garirekin oso harreman berezia daukat. Hilean behin joaten zen bisitara eta beti jartzen zen gure atzean. Tabletarekin jolasean, hizketan, bidaiako xehetasun guztiak kontrolatzen zituen, guk adina. Ezagutu ditut emakumeak haurdun egon aurretik, haurdun, haurra jaio berria, katuka hasten zirenean, oinez, korrika, koskortzen… bost urtetan gauza horiek ikusten dira. Ikusi dut jendea zahartzen, gurasoak hiltzen, bikoteak banantzen…».  

Bidaia bakoitza desberdina izan da, bidaiariek egin dute berezi. «Bidaia batzuetan adibidez hamabi haur elkartzen ziren. Autobusaren atzeko partean tokitxo bat uzten genien, margotzeko, jolasteko, pasilloan gora eta behera ibiltzeko… ondo moldatzen ginen. Harrigarria zen zein ondo portatzen ziren. Bazekiten ama, aita edo biak ikustera zihoazela eta zein txintxo joaten ziren autobusean», nabarmendu du.
«Normalean jendearekin ez nuen arazorik izaten. Gertatzen zen berriren bat etortzea eta harmonia hori haustea. Galdu samar zebilen, ez zituen geltokiak ezagutzen, itxoin egin behar genion, telefonoz deitzen genion ea non zegoen, autobusa bazter batean geratuta haren zain...».

Gaizki ulertuak ez ziren beti bidaiari berrien eskutik etortzen. «Bi gidari joaten ginen eta elkarri txanda egiteko geratu egiten ginen. Normalean hiru ordu eta erdi egiten genituen gidatzen eta gero, txanda. Gidaria autobusean geratu zen eta bigarren gidaria gosaltzera jaitsi zen. Bitarte horretan, gidari nagusia ere jaitsi egin zen, kafe bat hartzera edo. Baina ez ziren gurutzatu. Bigarren gidariak gosaria bukatu, autobusera igo eta martxa egin zuen bidaiariekin batera. Beste gidaria kafea hartuta berriz bueltatu zenean autobusa falta. Eskerrak telefonoa poltsikoan zeukan, askotan autobusean uzten baikenuen. Besteari deika aritu zen, baina estaldurarik ez zegoen. Azkenean hartu zion eta gasolindegian utzi zutela esan zion. ‘Baina ez haiz oheratu?’. Autobusaren atzeko aldean bazen bidaia-gela txiki bat, zulo bat, koltxoi batekin. Lo zakuarekin hantxe sartzen ginen gidariak lo egitera besteak gidatzen zuen bitartean. Horregatik pentsatu zuen gidari batek bestea lo zegoela».

Bestelako nahasteak ere izan dira. «Lopidanatik abiatu eta bi ordu eta erdiko bidea egiten genuen, Palentziako geltokiraino. Han ohatzeak jartzen genituen. Bertan afaldu eta berriz abiatzen genuen bidaia, jende gehiena ohatzeetan zegoela. Burgosa iristen ari ginela, bidaiari bat konturatu zen diru zorroa eta dokumentazioa Lopidanan utzi zituela, autoan. Hori gabe ezin zuen bisitarik egin. Buelta eman genuen, berriz Lopidanara. Senide guztiek kezkatuta egin zuten bidaia, bisitetara iritsiko ote ziren. Ez zen bidaia erraza izan, baina iritsi ginen».

Bisitara ondo eta garaiz iritsi beharraren tentsioa nabaria izan da bidaia guztietan. «Beste behin elurra egin zuen. Lopidaraino ondo iritsi ginen, baina Armiñongo ordainlekua baino lehen, istripua. Ordu eta erdi geldirik egon ginen. Senideak oso urduri jarri ziren; ‘horrelako elurtea, ordu eta erdiko atzerapena, ez gara iritsiko, eman buelta Mikel…’. Nik esan nien lasai egoteko, iritsiko ginela, autobusa prestatuta zegoela elurrerako eta iritsiko ginela. Afaltzeko tartea laburtu genuen eta geldialdiak ere laburragoak egin genituen. Eta iritsi ginen».
Lasaitasuna. Garrantzitsua da gidariak lasaitasuna transmititzea, egoera kontrolpean duela adieraztea. «Oso garrantzitsua da eta sumatzen da bidaiariak ez badaude lasai, ez badoaz gustura, ez badute konfiantza… berehala konturatzen da gidaria. Baina gidaria ezagutzen dutenean eta zertan ari den badakiela sumatzen dutenean, lasaiago joaten dira».

Presoak ere galdetzen zuen: «Nola etorri zarete?». «Autobusean». «Autobusean ondo». «Presoari ere lasaitasuna ematen zion autobusak», esan du Arratibelek.

Errepidea eta istripuak, bikote banaezina. «Ez dugu istripurik izan. Behin Algecirasen izan genuen arazotxo bat. Harrikada batekin autobuseko kristala hautsi ziguten. Autobusak kristal bikoitza dauka eta kanpokoa puskatu zuten. Barruko kristala osorik zegoenez, arazorik gabe bueltatu ginen. Enpresara deitu genuen eta galdetu ziguten ea salaketa jarriko zuten. Ez jartzeko esan genien, alferrik zela, ez zuela ezertarako balio, sekula ez baitute inor harrapatzen. Algecirasen gertatu zen, bueltako lehen geltokian. Ondo kudeatu genuen, lasaitasunez. Apurtutako kristalaren pusketak garbitu eta buelta etxera. Hori bai, berehala zabaldu zen berria Euskal Herrian eta dei eta mezu mordoa jaso genituen». Euskal Herrian jende asko egon da asteburuz asteburu Estatu espainoleko kartzeletara zihoazen autobusen miran.

Autobusa bidaiarien etxe bihurtzen zen bidaiak iraun bitartean. Han kentzen zuten arropa lotarako pijama janzteko, han janzten zuten aurpegirik onena bisitarako, han sentitzen ziren seguru dispertsioak inposatutako ezleku horietan. «Denetarik gertatu zaigu. Autobusean gaixotu direnak, komunean eserita orduak eta orduak eman dituztenak... Farmazia bila ere ibili gara. Behin haur bat erori eta zauri bat egin zuen. Ospitalera gerturatu ginen autobusean. Puntu pare bat eta buelta».

Arratibelek bidaia guztiak eta bereziki bidaiari guztiak dauzka gordeak. Une gogorrak ere bai. «Xabi Reyk bere buruaz beste egin zuenean. Oso une gogorra izan zen. Autobus guztiarentzat kolpe latza izan zen. Hori gertatu eta gero sumatu nuen jendea maizago joaten zela bisitetara, barruan zeudenek nola bizi zuten kezkatuta zeudelako. Kezka hori nabarmena zen, presoak nola bizitzen duen eta nola kudeatzen duen...».
Itxialdia baino asteburu bat lehenago egin zuen azken bidaia Mikelek, 2020ko martxoan. Gero pandemia etorri zen. «Itxialdiaren ondoren beste bi bidaia egon ziren, uztailean eta abuztuan, baina ez nintzen ni joan. Ez nuen aukera izan jendea agurtzeko, baina gehienek deitu didate telefonoz ni agurtzeko. Niretzat esperientzia ikaragarria izan da, betiko gordeko dudana». Bidaia emozionala izan da, emozioek bidaiatu dute.