Pablo Ruiz de Aretxabaleta
ERREPIDEAN TINKO

Indiako nekazariek protesta indartu dute azken heriotzen ondoren

Ia urtebete borrokan daramaten Indiako nekazariek beren protesta indartu dute Uttar Pradesh estatuan ibilgailu konboi batek manifestarien kontra jo eta lau nekazari hil ondoren. Indian piztu den sumina are handiagoa izan da auto horietako batean ministro baten semea zegoela salatu zutenean.

Nekazariak hildakoen omenaldiaren hasieraren zain.  AFP
Nekazariak hildakoen omenaldiaren hasieraren zain. AFP

Indian ia duela urtebetetik egiten ari diren protestetan lau nekazari hil izanak –ministro baten semea tartean zela izan zen eraso baten ondorioz– ahuldu beharrean indartu egin du nekazaritza produktuen merkatua liberalizatzearen aurkako mugimendua, baita Narendra Modiren gobernuaren aurkako oposizioa ere.

Zortzi pertsona hil ziren joan den urriaren 3an boterean dagoen Bharatiya Janata Party (BJP) alderdiko kideen eta nekazarien arteko liskarretan. Istiluak Lakhimpur Kheri herrian gertatu ziren, Uttar Pradesh estatuan, Indiako iparraldean. Lau nekazari ibilgailu konboi batek harrapatuta hil ziren, autoek manifestarien kontra jo zutenean.

Ondoren, manifestariek ibilgailuetan zihoazen lau pertsona –horietako hiru BJPko kideak– lintxatu egin zituzten, eta zauritu ugari izan ziren ondorengo istiluetan. Manifestarien kontra jo zuen autoetako batean Ajay Kumar Mishra Barne ministroaren semea zihoala jakin zenean, sumina areagotu egin zen Indian.

Modiren gobernuak arrakasta izan du unibertsitateko ikasleen eta bere autoritarismoaren kontrako eta eskubide zibilen aldeko aktibisten protestak zapaltzean, baina ez du lortu nekazariak isilaraztea.

Nekazariek ia urtebete daramate protestetan nekazaritza produktuen merkatua liberalizatuko duten legeen aurka. Eta beste borroka horiek denborarekin ahuldu arren, nekazarienak gogor dirau eta azken heriotzek indartu egin dute.

Gobernuak denborarekin nekazariak nekatzea espero zuen, baina ia urtebetez eutsi diote, bero itogarria egin zein hotz ikaragarria, errepide nagusien ondoan zeru zabaleko kanpamenduetan. Denbora horretan 600 nekazari inguru hil dira, baina azken gertaera inflexio puntua izan da.

«Lakhimpur Kheriko gertakariaren ondorioz, areagotu egin dugu gure asaldura», esan zuen Yogendra Yadavek 40 nekazari sindikatuk osatutako Samyukta Kisan Morcha (SKM) koalizioko buruak.

SKMk urriaren 12an Shaheed Kisan Diwas (Nekazari Martirien Eguna) deitu zuen eta oposizioko alderdiekin batera Indiako hainbat hiritan manifestazioak antolatu zituen gertakariak salatzeko.

Hala, New Delhin, oposizioko Kongresuaren Alderdiaren kideek manifestazioa Uttar Pradesheko eskualdearen bulegora eraman zuten. Haiekin All India Kisan Sabha (AIKS) nekazarien erakunde garrantzitsuetako baten kideek parte hartu zuten. Kalkutan (mendebaldea) edo Candigarhen (iparraldea) ere nekazarien erakundeek eta oposizioak manifestazioak egin zituzten.

Kongresuaren Alderdiko hainbat ordezkari saiatu ziren heriotzak gertatu ziren herria bisitatzen, baina agintariek galarazi egin zieten. Priyanka Gandhi alderdiaren burua atxilotu zuten herrira zihoala. Atxiloketaren aurkako protestan gose grebari ekin zion. Berdin gertatu zitzaion, Akhilesh Yadava Samajwadi Party alderdiko buru eta eskualdeko gobernuburu ohiari.

Joan den asteartean milaka nekazarik trenbideak moztu zituzten eta 293 tren igarotzea galarazi zuten, Barne ministroaren dimisioa eta atxiloketa eta ikerketa inpartziala eskatzeko. Polizia trenbide geltokietan zabaldu zen, baina horrek ez zuen eragotzi 150 merkantzia tren geldiaraztea; horietatik 75 ikatza zentral elektrikoetara garraiatzen zuten trenak ziren.

Nekazarien sindikatuak biltzen dituen Samyukt Kisan Morcha (SKM) koalizioak adierazi zuenez, sei orduz iraun zuen protestan hainbat buruzagi atxilotu zituzten.

«Ekintza hau leku eta barruti ezberdinetan garatzen da. Herrialde osoko jendeak badaki non gelditu behar ditugun trenak. Indiako Gobernuak oraindik ez du gurekin hitz egin», adierazi zuen Rakesh Tikait nekazarien buruzagiak.

Tentsioa gora doala, agintariek hildakoentzako konpentsazio ekonomikoak eta gertakariak argitzeko ikerketa hitzeman dituzte, egoera lasaitzeko asmoz.

Ordainketak

Horrela, Prashant Kumar Uttar Pradesheko Poliziako zuzendari nagusiak adierazi zuen Gobernuak 450.000 errupia (6.000 dolar inguru) emango dizkiela hildakoen senideei, eta zaurituek 100.000 errupia (1.300 dolar inguru) jasoko dituztela.

Kumarrek, gainera, ikerketa bat egingo dutela agindu zuen, Rakesh Tikaitekin batera emandako prentsaurreko inprobisatu batean.

Uttar Pradesheko Gobernuak eta Gobernu zentralak –biak BJPren esku– hasieran ez zuten aintzat hartu nekazarien salaketa eta ukatu egin zuten erasoa gertatu izan zenik. Hala ere, irudiak grabatuta agertu zirenean –konboiko ibilgailuak lasai doazela ikusten da, nekazariak jo, gainetik pasatu eta beren bideari jarraituz– BJP defentsan jarri zen, konpentsazioko ordainketa horiek aginduz.

Baina oraindik ministroaren ardura dago argitzeke. Ajay Kumar Mishra Indiako Barne ministroak prentsaurreko batean adierazi duenez, bere semeak nekazariak harrapatu zituzten autoetako bat gidatzen zuela dioten salaketek «ez dute oinarririk».

Mishrak, berriz, nekazariek BJPko hiru kide eta ibilgailu bateko gidaria lintxatu zituztela nabarmendu zuen.

«Nire semea ez zegoen bertan. Gaizkile batzuek makilaz eta ezpataz eraso zieten BJPko langileei. Nire semea han egon izan balitz, ez zatekeen bizirik aterako», ziurtatu zuen Mishrak.

Manifestariek salatu zuten, ordea, istiluak ministroaren konboiko auto batek jendetza harrapatu ondoren gertatu zirela, Lakhimpur hirian eta Keshav Prasad Maurya ministrordearen bisitagatik antolatu zen protestan. Ibilgailuekin nekazariak harrapatu ez ezik, BJPko kideek ihes egiten saiatu zirenen kontra tiro egin zutela gaineratu zuten manifestariek.

Mishrak harrokeriaz dena ukatu eta «bi minututan» protestei amaiera emango ziela esan arren, bere egoera politikoa kolokan dago.

Indiako Kongresu Nazionalak Mishra berehala kargugabetzea eskatu du.

Era berean, BJPko kargu batzuek ere Mishraren dimisioa eskatu dute. «Hau ez da gertakari arrunta izan, hilketa baizik», esan zuen horietako batek, alderdiak kargutik kendu baino lehen.

Astebete igaro zen ministrordearen semea, Ashish Mishra, atxilotu zuten arte, hilketa leporatuta, nekazarien eta oposizioaren presioagatik eta bakarrik eskandaluak Auzitegi Gorenaren erreakzioa ere eragin zuenean.

Auzitegi Gorenaren presioa

Auzitegi Gorenak argi utzi zuen ez zegoela «pozik» poliziaren ikerketarekin, eta galdetu zuen zergatik ez zuten Mishra gaztea lehenago atxilotu.

Berez, hasiera batean Poliziak ministroaren semea lekuko moduan deitu zuen. Ondoren, N.V. Ramanna Auzitegi Goreneko presidenteak bere haserrea erakutsi zuenean, erabaki zuten atxilotzea. Rammanak esan zuenez, hilketak ikertzeko Gobernuak «hitzak baino ez ditu eskaintzen, ekintzarik ez».

Ashish Mishra Uttar Pradesh-en atxilotu zuten «lankidetzarik ezagatik» eta «erantzun lausoak» emateagatik, ordu batzuk iraun zuen galdeketan, Upendra Kumar Agrawal Poliziako inspektoreordeak prentsari esan zionez.

Dagoeneko hamar pertsona atxilotu dituzte susmagarriak direlako, ministroaren semea barne. Baina Auzitegi Gorenak Uttar Pradesheko Gobernuari ikerketa arintzeko eskatu dio, ez delako fio behar bezala egingo duenik.

Joan den asteazkenean informazioa eta atxiloketen datu zehatzak eskatu zizkion. «Ikerketa ezin da amaigabeko istorio bat izan. Estatuak desagerrarazi behar du Polizia ‘oinak arrastaka’ dabilelako irudia», ohartarazi zuen Auzitegi Gorenak.

Bestalde, nekazariak harrapatu zituen konboiko BJPko kideak lintxatu zituztenak bilatzeko susmagarri batzuen argazkiak banatu ditu Poliziak. Gainera, ordainsaria eskaini du susmagarrien informazioa ematen dutenentzat, kopuruak zehaztu gabe, eta salatarien nortasuna babestuko duela ziurtatu du.

Banatu dituen irudietan gizon batzuk agertzen dira, makilak eta bandera beltzak eskuetan, sutan dauden kotxe batzuetatik hurbil.

Ikerketarako dagoeneko 70 nekazari baino gehiago galdekatu dituzte, aurrez prestatutako erasoa den edo kotxeek nekazariak harrapatu izanari erantzunez gertatu zen argitzeko.

Giza eskubideen aldeko erakunde batzuek argi salatu dute argazkiak banatzeak giza eskubideak urratzen dituela eta irudietan agertzen diren gizon horien bizitza arriskuan jartzen duela.

Trilochan Singh Gandhi aktibistaren ustez, «nekazarien argazkiak publikoki partekatzeak, izenak jakin gabe edo indarkeriarekin zerikusirik ote duten ebidentziarik izan gabe, arriskuan jar ditzake. Baliteke batzuk indarkeriaren ondoren zaurituak laguntzen aritzea. Aurpegi haserreak agertzen dira, nekazari guztiak haserre zeuden, baina horrek ez du esan nahi mundu guztia kriminala denik».

«Giza eskubideen urraketa da eta salaketa jarriko dugu», adierazi zuen Gandhik.

Poliziak, berriz, «kasu normaletan jarraitzen dugun legezko prozedura da», adierazi zuen. «Ez ditu giza eskubideak urratzen eta argazkiak banatzeak ez ditu arriskuan jarri. Susmagarri batzuk identifikatu ditugu. Ezin dugu esan elementu antisozialak direla, orain arte bakarrik susmagarriak direlako», gaineratu zuen.

Oraindik identifikatu ez dituen manifestarien kontrako hainbat salaketa abian jarri ditu Poliziak. Istiluak, kalteak nahita eragitea, kalteak arma arriskutsuekin nahita egitea, giza bizitza arriskuan jartzeko arduragabekeriazko ekintzak eta hilketa dira leporatu dizkieten delituak BJP alderdikideak lintxatzeagatik.

Nekazariak, tinko

BJPko eta Estatuko buruek gertatukoaren aurrean harrokeriaz erantzun duten arren, eta ministroaren semearen inpunitatea susmatzean duten arren, nekazariek aurrera egiteko duten erabakia gogortu egin da.

Gobernuaren kontrako haserrea, gainera, Punjab, Haryana eta Uttar Pradesheko nekazariengandik Estatu osora zabaldu da.

Gurvinder Singh protestan hil zen nekazari gazte bat zen. Indiako iparraldeko sikh hau gutxitan ateratzen zen bere familiako baserritik. Baina urriaren 3ko goizean nekazaritza erreformaren kontrako protestetan parte hartzera joan zen eta gauean tiro bat buruan zuela eraman zuten, hilik, etxera, familiak adierazi zuenez.

Gaztea etxetik gutxi ateratzen bazen, bere heriotzak India osoan izango du eragina, bere aitaren arabera.

Bere aita Sukhvinder Singhek «iraultza» aipatu zuen, BJPk Mishra ministroa ez bazuen kargutik kentzen eta ez baditu erreformak bertan behera uzten. «Nire semea martiri izan zen. Orain martiri izateko nire txanda da. Protestak handiagoak izango dira. Begiratu inguruan, orain edonon daude».

Iritzi publikoaren presioa gora doan arren, Indiako Gobernuak ohiko jarrera autoritarioaz erantzun du, amore eman gabe. Baina kasu honetan Narendra Modiren alderdiaren indar hori ahultasun bihur daiteke, Indian nekazariek duten begikotasunagatik. BJPko karguak nekazarien kontra azaldu dira, ordea, sikh separatistak eta traidoreak direla esanez.

Mishra ministroak berak gizon indartsuaren ospea lantzen du eta urriaren 3ko gertaerak baino lehen, adierazpen gogorrak egin zituen nekazarien kontra.

2000. urtean istiluak, erasoa eta aurkari politiko bati tiro egitea leporatu zioten Mishrari.

Salaketak ukatu zituen eta aske geratu zen. 2012an diputatu hautatu zuten eta joan den uztailean Modiren gobernuan sartu zen.

Erreformak

Gainera, gertakaria Uttar Pradeshen izan zen: Indiako estaturik jendetsuena, ia 200 milioi biztanlerekin eta, beraz, Parlamentura diputatu gehien bidaltzen dituena. Datorren urtearen hasieran estatu horretan eskualdeko hauteskunde garrantzitsuak egingo dira Modiren BJPrentzat eta oposizioarentzat.

Gertatutakoak indar gehiago eman die iazko azaroan hasi ziren nekazarien protestei. Haien ustez ekoizleak babes bermerik gabe merkatu librearen mende uzten dituzten hiru legeren aurka ari dira, eta onuradunak korporazio handiak izango liratekeela salatzen dute.

Indiako Gobernuak, ordea, dio nekazariei prezioak eta ekoizpena zuzenean erosleekin negoziatzeko gaitasuna ematen saiatzen direla arau horiek, trabarik eta bitartekorik gabe.

2020ko irailean onartu ziren lege horiek nekazariei baimena ematen diete ekoizpenak erosleei zuzenean saltzeko, Estatuak kontrolatzen dituen merkatuetara jo beharrean.

Merkatu horietan gutxieneko laguntza prezio bat (PSM) bermatzen da, elikagai jakin batzuengatik. Hori gabe, nekazariek uste dute industria handien esku geratuko direla, inolako babesik gabe.

Nekazaritzako elikagaien sektorearen pisua oso handia da, herrialdeko 1.200 milioi biztanletik bi heren inguru enplegatzen ditu, populazioaren ia % 70 bizi dela ziurtatuz eta BPGaren %15 inguru lagunduz.

Azaroaren amaieratik, nekazariek merkatua liberalizatzeari aurre egin zioten eta New Delhirako bideak oztopatu zituzten, eta horrela, Modiren gobernuak 2014an boterera iritsi zenetik izan duen erronkarik handienetako bat sortu zuten.

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen erreformak urtarrilean indarrean sartzea, hilabeteetako protesten ondoren, eta batzorde bat eratu zuen neurrien eragina kontsultatzeko aldeekin.

Baina orain Auzitegi Gorenak berak protestari amaiera jar diezaioke. Delhiren inguruetan protesta egiten ari diren nekazariek eurekin bat egiteko deia egin dute, Auzitegiak har dezakeen erabakiaren zain.

Manifestari gehiagok mugimenduarekin bat egiteko eskatu dute, Auzitegiak protesta egiteko eskubidea erabatekoa den eta nekazariek kalera irteteko eskubidea duten aztertuko duelako. Gobernuak Lakhimpur Kheriko gertaeren modukoak ez errepikatzeko protesta bukatu behar dela adierazi du.

 

BJP hauteskundeetan zigortzeko helburua

SKM sindikatuen koalizioak ez die utzi alderdi politikoei bere plataformarekin nahasten eta nekazarien borroka alderdien arteko gatazkatik urrundu nahi izan dute. Baina argi dute BJP Narendra Modiren alderdia zigortzeko asmoa dutela. Modu horretan, Uttar Pradesheko legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan, lau hilabete barru, BJPren kontrako kanpaina egingo dutela iragarri dute, iaz Bengalako hauteskundeetan BJPren hautagaien kontra egin zuten moduan.

Lakhimpur Kheriko indarkeriak, jeep batek manifestarien kontra egin zueneko irudiak eta ministro baten semeak izan dezakeen inpunitateak nekazariak hunkitu dituzte –baita BGPko kide batzuk ere– eta inflexio puntua izan da protestetan. Komunikabideetan nagusi izan dira gertaeraren albisteak eta telefonoek grabatutako bideoak. Indiako iparraldeko estatu nekazarietatik haratago, mugimendu nazionala bultzatu dute Modiren politikari desafio potentea eginez.

Orain, ia urte bat errepideetan borrokan izan ondoren, nekazariak epe luzeagorako borrokarako prestatzen ari dira eta prest daude hurrengo Indiako hauteskunde orokorretaraino luzatzeko, BJP alderdiak 2024an boterean jarraitzea galarazteko.

BJPk nekazarien protestak berehala desagertuko zirela uste zuen baina, aitzitik, indartzeaz gain, boterean jarraitzea zailduko diote, Uttar Pradeshen lau hilabete barru eta, agian baita Estatuan ere, hiru urte barru.