Ander Gortazar
Arkitektoa

Lur azpian

Varsoviara etorri bezperan eman zuen ETB1ek «Munduko Plazan» saioaren azken atala, nondik eta Poloniako hiriburutik. Hainbat toki ezagun-ezagun erakutsi zizkigun Leire Palaciosek baina bat bota nuen faltan. Lur azpiko Varsovia.

Unibertso berezia da lur azpia. Beldurtu eta liluratu egiten gaitu aldi berean: Ninja Dortoka Gazteak estolderietan ikusten hazi ginen, Fritz Lang-en Metropolis-en azpimundua ezagutu genuen ondoren eta Cerda eta Haussmann-en Bartzelona eta Paris subterraneoak ikasi genituen gero. 2016an, Bartzelona osoaren lur azpiko planoa marraztu zuen Rosina Vinyes-ek doktorego tesian: zerbitzu sareak, lur azpiko garraioa, aterpeak, sotoak eta abar. Ezezagun dugu lur azpia, baina ezin lurrazala ulertu hura gabe.

Varsovia hiria plano sekuentzia baten bidez azaldu beharko bagenu, derrigor jo beharko genuke lur azpira. Marszałkowska kalean gora goazela, Kulturaren eta Artearen Jauregia dagoen plazara iritsi aurretik, eskaileretan behera egitea da gauzarik naturalena. Lurgaina bi hiribide garrantzitsuren arteko bidegurutzea da eta biribilgune erraldoi batek okupatzen du, non autoek, autobusek eta tranbiek agintzen duten. Oinezkoak 200 metro desbideratu behar dira bidegurutzea zebra bide batetik zeharkatu nahi izanez gero. Aukera logikoa da lur azpia.

Lurgaineko biribilgunearen oinezko erreplika da lur azpiko espazioa. Lur azpiko korridoreen irteera nagusiak maila berean dagoen plazatxo batera jotzen du, metroarekin lotura egiten duena. Bertan, ausaz topa ditzakezu bikote bat abortatzeko eskubidearen kontrako (edo aldeko, egunaren eta orduaren arabera) pankarta bat eskuan, txano edo bufanda edo galtzerdi edo Biblia saltzaile bat edo musikariak. Sarrera-irteera nagusiaz gain, beste hamabi ere baditu lur azpiko biribilguneak, eskailerak denak, espaloietara edo tranbia geltokietara doazenak. Korridoreek zortzi bat metro zabal dute, eta jendez bezainbeste publizitatez eta garraio argibidez saturatuak daude. Komertzioa ere badute, kapsula txikietan ongi antolatua alboetara, merkataritza informaletik gertuago hiri erdialdeko frankizia globaletatik baino. Lurgainean hotelak, H&M, Burger King, KFC, Starbucks eta Pizza Hut. Lur azpian loreak, barruko arropa, otartekoak, berokiak, giltzen kopiak, makillajea, botikak eta karneterako argazkiak.

Pixkanaka, hiriek ikasi dute oinezkoak ezin direla lur azpira kondenatu. «Mugikortasun jasangarria» eta «irisgarritasuna» kontzeptuak barneratu dituzte eta konturatu dira zebra bide bat lur azpiko pasabide sistema bat baino mila bider demokratikoagoa dela. Varsovia ere ari da, pixkanaka, ikasten, eta lurgaineko biribilgunea moldatzen ari dira orain, zebra bideak biribilgunetik gertuago egon daitezen.

Erosoago mugituko gara eta ez dugu derrigor jo beharko lur azpira bideak gurutzatzeko, baina onura objektibo honek albo kalte kultural bat ekarriko du ezinbestean. Hiriek homogeneizaziorako duten joeraren konstatazio txiki bat, nostalgia puntu batekin. Lurgainean, oinezkoek lekua izango dute, komertzio informalak, loreek eta barruko arropak, otartekoek eta berokiek, giltzen kopiek eta makillajeak, botikek eta karneterako argazkiek ez horrenbeste. •