Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Agenda markatu

Zein pozik, berriro hiri gris horretan (barka biezadate bilbotarrek). Aspaldiko lagun eta ezagunak agurtzen. Hotza pasatzen eta manifestazio buruari zurito batekin itxaroten. Pegatina paparrean harro. Badator, badator. Hori jende pila. Hemen badago gogoa, badago indarra. EH Bildu bada zerbait batu egiten gaituena. Bakoitzak izango ditu bere ñabardurak, bere kritikak, gustukoago dituen gauzak eta batere gustatzen ez zaizkionak. Batzuek beti alai parte hartzen dute; besteek, serio; beste batzuek, ohitura zaharrak ez galtzeko, marmarrean eta ironiaz blai egiten dugu ibilbidea. Baina hantxe, aspaldiko partez elkarrekin. Alaitasuna berreskuratzen hasi gara.

Giroa, hori behar dugu herri honetan. Tristura, nekea eta nazka barreiatzeko badaude beste batzuk. Euskaraz entzun eta pribilegioez ari diren horiek, manifestazioak zerbait arriskutsu bezala ikusten dituzten horiek. Langileon lorpenak gizartearen porrot bezala irudikatu nahi dituzten horiek. Beraien kideak enpresa handien administrazioetan sartzen dituzten bitartean argiaren prezioaren errua beste batzuei leporatzen dieten horiek. Euskal Herria turistentzako folklore dela uste duten horiek. Ongi bizitzea inora ez doan trenbidea eraikitzearekin erkatzen duten horiek.

EH Bildu da etorkizuneko gehiengoa eraikitzen ari dena, lortutako bozekin langileen aldeko neurriak bermatzen ari dena. Baina abiada hartu behar duena lehenbailehen. Eta aurreko larunbatean milaka pertsonak eskatu genuen aurrera egiteko. Tira dezatela herri honetatik, soka ez baita apurtuko. Prest gaudelako espazio berriak eskuratzeko. Prest gaudelako kapitalaren eraso ideologikoaren aurrean tinko mantentzeko. Prest gaudelako gure eskubideak eta gure gorputzak lehen lerroan ezartzeko eta horietan oinarrituta pausoz pauso Euskal Herri librea eraikitzeko.

Hurbil sentitu behar dugu arabarrok Nafarroa, bizkaitarrek Lapurdi, zuberotarrek Gipuzkoa. Eta hori kalean egin behar da. Taupada berreskuratzera goaz, nazioa izango bagara gure etorkizunaren gidaritzan jarri behar dugulako jada. Ez gara isilik geratuko emakume bakarra etxera beldurrez doan bitartean, migrante batek bere burua arriskuan jartzen duen bakoitzean batetik bestera mugitzeko, euskal militante gazteen aurka salbuespeneko legedia erabiltzen dutenero, enpresariek langileen eskubideak errespetatzen ez dituztenero, gazteei kalitatezko hezkuntza eskaintzen ez diegun arte, administrazioak euskaldunokiko bere betebeharrei huts egiten dien bitartean eta gure hirietan ghettoak sortzen direnean oraindik.

Hau ez da erresistentzia bakarrik, erresistentzia etorkizuneko gizartea eraikitzea da eta horretarako eskura ditugun tresna guztiak erabili behar ditugu: lantokietatik eta auzoetatik hasita parlamenturik urrunekoraino. Ezin dugulako jada beste inoren esperoan egon. EH Bilduk gehiengoaren ahotsa izan behar du, sistema kapitalista eta patriarkala mantentzea jasanezina dela sentitzen dugunona. Gure indarrak xurgatzen ari den sistema desagerrarazi eta gure biziak erdigunean jarri nahi ditugunona. Ordua iritsi da berriro ere agenda politikoa marka dezagun, mahai gainean gehiengoaren interesa ezar dezagun eta behartu ditzagun gainontzeko sektore politikoak gure iniziatibei erantzutera. Horrela lortuko dugu oraindik EH Bildu bere sentitzen ez duten horiek guztiak batzea. Gure harrotasuna ez delako hoberenak eta puruenak izatea. Gure harrotasuna Euskal Herri librea errealitate egitea delako. •