Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Estitxu Arozena Albizu
Bertsolaria eta irakaslea

«Nire lana da, baina bizimodu bat ere bada. Honetara bizi naiz»

Berak jantziko dio txapela txapeldunari. Horrela goratu nahi du urte luzeetan egin duen eta egiten segitzen duen lana Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Iaz bete ziren 25 urte lehenengo txapela jantzi zuenetik, 1995ean. Emakume batek txapelketa batean irabazitako lehen txapela. Urteurren borobila baliatuz omenaldia egin nahi zion elkarteak, baina pandemiak galarazi zuen. Eta horixe izango du orain omenaldia, Nafarroako txapeldunari txapela buruan paratzea. Zortzi finalistatik lau hazten ikusi ditu bertso eskolan eta besteak oholtzakide eta bidaide izan ditu. Berezia izango da unea. Badaki zerbait Nafarroako Txapelketaz. 17 ediziotan parte hartu du eta denetan sartu da finalera. Bitan jantzi du txapela eta zazpitan izan da txapeldunordea.

Estitxu Arozenak duela 25 urte jantzi zuen Nafarroako txapela.
Estitxu Arozenak duela 25 urte jantzi zuen Nafarroako txapela.

Fokupean egon zara azken egunetan. Nola daramazu?

Egia da garai batean plazaz plaza nenbilelarik komunikabideetan egotera ohituagoa nengoela. Orain ez hainbeste. Nire egunerokoan gurutzatzen naizen jende aunitzek daki igandean txapela jantzi behar dudala eta aste honetako mintzagaia da, denek dute presente eta nik ere bai.

Jende asko poztu da txapela jantziko duzulako. Egin duzun bidea errepasatzen hasita, sekulakoa da.

Ni oso gazte bertso munduratu nintzen. Hamazazpi txapelketa eta hamazazpi final jokatu ditut. Egia da orduan ez zuela hainbesteko transzendentziarik, saio arrunt baten antzekoagoa zela txapelketa bera. Orain komunikabide aldetik eta protokoloz forma gehiago du.

Gero, bertso ibilbideari dagokionez, bertsolari bezala nabarmentzen hasi bezain laster irakasle ere aritu nintzen hainbertze herritan, hainbertze bertso eskolatan, hezkuntza arautuan... antolatzaile bezala ere aritu naiz Bortzirietan, batez ere Lesakan.

Egia erran, nire bizitza da. Nire lana da, baina bizimodu bat ere bada. Honetara bizi naiz buru-belarri eta hor jarraitzearen errekonozimendu bat dela uste dut. Batzuetan izan dut buruan beste zerbait egiteko aukera, prestatu ere akademikoki prestatuta nago bertze norabait joateko. Baina nik hau dut gustuko, iruditzen zait hau ondo egiten dudala eta hemen nago. Irakasle bezala eta antolatzaile bezala hainbertze urte pasatu eta gero, ez dut motibazioa galdu. Gustura nabil herriz herri orain ere.

Finalean txapela jantziko duzu, baina finalerdietan aulkiak jartzen eta kentzen ikusi zaitugu. Horrelakoa da bertsogintza.

Hagitz lan dibertsifikatuak egitea egokitzen zaigu gure elkartean; muntaketa lanak, takillan programa informatikoarekin aritu... Gure elkartean erratza pasatzetik hasita, edozer gauza egiten jakin behar da. Hezkuntzan formakuntza jasotzen dugu, alor teknologikoan berrikuntzak txertatzen ditugu... etengabeko formakuntza horretan hain lan anitzak egiteak laguntzen du. Lanik xumeenetik lanik teknikoenera egiteko gaitasuna lantzen duzu eta horrek pertsona bezala gararazi egiten zaitu.

Aitortu egingo dizut. Berriz entzun dut 1993ko bertso egunean bota zenuen bertsoa: «Ni ziur nago egunen baten erakutsiko dugula/ bertsolaritzak barrabilekin zerikusirik ez dula».

Gauza bat da edukia, zer erran nahi nuen, eta bestea da forma. Forma hain gogorra izateak egin du bertso horren iraupena. Duela 28 urte bota nuen nire bertso famatuenetarikoa, ez dakit horrek nire alde zerbait erraten duen. Lehendabiziko aldiz emakumeek kantatu genuen Bertso Eguna izan zen. Uste dut saioa ez zegoela iragarria, azken unean sartu zutela gure saioa. Egia da oihartzun handia izan duela. Maialen Lujanbio, Iratxe Ibarra eta hirurok ginen –uste dut Arantzazu Loidi ere han zegoela– eta irudi horrek markatu zuen gelditzeko gentozela. Orduan horrela erran behar zen? Agian bai. Orain ez nuke esango horrela? Agian ez.

Orain badirudi ez dela erran behar, baina Nafarroako finalaren irudia oraindik nahiko gizonezkoena da. Duela bi urte ‘Bertsolari’ aldizkarirako egin nuen kontaketa baten arabera, Nafarroako txapelketetan emakume parte-hartzaileen kopurua uste dut seitik ez dela inoiz pasatu eta zero emakumeko finalak aunitz izan dira. Tartean izan da hiru emakumeko finalen bat. Agian ez da 93ko termino horietan erran beharrik, baina oraindik emakumeek ibilbidea zailxeagoa dugula, bai, erran behar da. Zerbait oraindik badago egiteko.

Hezkuntzan ari zara lanean. Gertutik ikusten duzu egin den bidea eta baita egiteko geratzen dena ere, ezta?

Bai. Orain arte askotan fokua jarri da ‘zergatik emakumeak ez’, zergatik uzten duten bertso eskola, zergatik ez duten hainbeste parte hartzen txapelketan... akaso horri buelta eman behar diogu, ‘zergatik gizonezkoak bai’. Zergatik da bidea errazagoa haientzat? Iruditzen zait gauza horiei buruz hausnartzeak argi izpi bat ekar dezakeela eta aldaketarako bidean lagundu dezakeela. Duela 25 urte txapelketa batean txapela jantzi zuen lehen emakumea izan zinen. Nolakoa izan da bidea?

Nik nire mundutzat hartu dut betidanik. Bi anaien arreba gazteena naiz, lagun asko mutilak izan ditut, ez naiz inoiz izan neska kuadrillakoa... bertso mundua, nahiz eta gizonezkoena zen, nire mundua zela ikusten nuen. Nire ekarpena egin nahi nuen eta hori bazen emakumea izatea, gaztea eta nafarra, ba aurrera. Baina hori beste ezaugarri batzuekin batera ikusten nuen. Ez nuen konfrontazio gisara ikusten, nire mundua ere bazela sentitzen nuen. Egia da ikuspegiak, denborak eta formakuntzak gaur egun klabe batzuk ematen dizkidatela orduan pasatu ziren zenbait gauza ulertzeko. Baina ni sentimenduz nire munduan sentitzen nintzen.

Nolako finala espero duzu?

Final polita aurreikusten dut. Eskualde asko daude ordezkatuak, adin tarte zabala, sinadura duten bertsolariak ere badaude.... final ona espero dut. Nik nire aldetik denekin harremana izan dut, gazteenak haurrak zirela ikasle bezala hartu nituen eta beteranoagoak nirekin arituak dira. Niretzako oso zortzikote hurbila da.

Igandean txapela jantziko diozu txapeldunari. Aulkiak ere jarriko dituzu?

Ez. Txapela jantziko dudanez, saiora joango naiz lasai, familia giroan. Bestela goizeko zortzietarako Anaitasunan egon beharko nuen dena muntatzen. Finaleko plana erabat aldatu zait.

Bertsoren bat botako duzu?

Bai, bat behintzat bota beharko dut.