Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Zerk balio digu guri?

Neskatilak 10 bat urte izango zituen. Lepotik dominak zintzilik zituzten lagunekin zihoan, kolko-hutsik bera. Alboan, beste neskatxa bat bere gisan saririk erdietsi gabe, eta bien erdian, bela eskolako entrenatzailea. Azken hori neskatilekin ari zen: «Ez zait axola zein postu egin duzuen: itsasora atera zarete, nabigatu duzue eta biziraun duzue. Horrek balio dit niri».

Ortzimugara begira ginelarik, itsaso barrenean olatu koskorren artean ikusi genituen belak batera eta bestera txandak osatzen, hainbat bela eskolen arteko estropadan.

Haur-nerabe haietako bakoitza Optimits izeneko belaontzi baten gidari zen. Ur handi samarretan, haizea biltzen aritu behar izan zuen, une oro egoera baloratu eta erabakiak hartuz. Bakarrik.

Estropada ondoren, bakoitza bere bela eta ontzia jasotzen ari zela, marinel txiki haiei begira aritu nintzen, zeharretara harro samar ageri zen itsasoa. Ez zitzaion arrazoirik falta entrenatzaileari: itsasoratu, nabigatu eta biziraun egin zuten.

Miretsi nuen entrenatzailearen gaitasuna garrantzitsua dena ez denetik bereizteko. Inbidia puntu bat ere sentitu nuen, zergatik ez aitortu.

Aurrerago, neskatoaren ama aurkitu nuen, Optimits-ak atoian antolatu eta sokaz lotzen. Belaontzian txikitatik nabigatutakoa zen bera ere. Kontatu zidan berari nabigatzeak asko eman ziola eta asko erakutsi ziola bere buruaz. Horregatik nahi izan ziola eskaini ikaspen hori ere alabari.

Pentsakor geratu nintzen itsasoari begira. Galdera bat etorri zitzaidan, berehala. Eskolan ikasle izan ditudan guztietatik –eta hainbeste urtetan mordoxka izan dira–, zenbatek esango ote luketen ama hura esaten ari zen antzeko zerbait: «Eskolan bizitakoak asko eman dit eta neure buruaz asko irakatsi dit». Uf! Trebetasun instrumentalez haratago zenbat ote da?

Badakigu ikasleek errealitatearekin lotura duten testuinguru aberatsetan eta esperimentatuz ikasten dutela gehiago eta hobeto. Heziguneetan, konpetentzietan irakasten saiatzen ari garen horretan, eskolak –lau pareten arteko eskolak– espazio mugatuak dira bizitzarekin lotura zuzena duten esperientzia aberatsak eskaintzeko. Beraz, DBHn, batez ere, egoerak eta arazoak asmatu behar izaten ditugu ikasleek aterabideak aurki eta gara ditzaten. Hauxe da gure paradoxa, bizitza erreala egoeraz eta arazoz beteta egonik, eskolan asmatu beharrean.

Tematu gara hezkuntzaren erdigunean eskola (hezkuntza arautua) jartzen, irakaskuntza-ikaskuntzaren funtsa han dagoela uste dugulako, batez ere. Hezkuntza hor kokatuta, begirada horretatik egindakoa da gure ebaluazioa: eskolak eskainitakoa bereganatu duenak ikasi du eta besteak ez.

Eta saiatuko bagina, hari mehe batez balitz ere, hezigunetik kanpokoa eta barrukoa josten, hezkuntzaren erdigunetik hezkuntza formalaren harrokeria astintzen eta informalak eta aisialdiak egin dezaketen ekarpena aitortzen?

Izan ere, edonorengandik ikas dezakegu, edozein momentutan. Denok ikasten dugu elkarrengandik, etengabe eta edonon. Ikaspen ederra jaso nuen, nik behintzat, bela entrenatzaile hark emaitzei baino prozesuari balio handiagoa eman zionean. •