Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Hirigintza

Politika zuk zeuk egin ezean beste norbaitek egingo dizula esan ohi da gazteleraz. Euskaraz arraro samar ematen dit esaldiak eta pare bat buelta eman behar izan dizkiot itzulpenari guztiz kontent utzi ez nauen bertsio hau ontzat eman arte. Susmoa dut ez ote den politika “egite” horren oinarria Katalunian egongo, jakina denez, bertakoek gauzak egiteko ohitura baitute. Berez, Katalunian ikasi nuen, bertako hiriburuko arkitektura eskolan, hiria ere “egiten” zela eta, politika bezala, hura egiteko hamaika modu daudela.

Denok ikasi dugu polis hitz grekotik eratorritako hitza dela “politika”, eta aldi berean “hiria” esan nahi duela, baina politika gero eta gehiago hiriaren hurbiltasunetik urrun egiten den gauza baten gisan sentitzen dugu. Hiria, herria, esan dezagun bada, lurraldea, honetan jada berdin dio-eta. Espainiako kongresua bihurtu da borroka politikoaren erakusleiho nagusia, eta bertan lehiatzen dira EAJ eta EH Bildu “euskal herritarren ordezkari nagusi” izendapena jasotzeko, jakin badakitelako ikusgarritasun handiena atril horrek ematen duela.

Gauzak horrela, maila lokalean ditugun arazoak bigarren mailan geratzen dira, hainbat arazo txiki baitira, kontuan hartu gabe arazoen ugaritasun horretan arazo amankomun bat dagoela. Eta horien irakurketa global bat ez da deus sumatzen. Gerora datoz irakurketak, Jorge Dionik idatzitako “La España de las piscinas” saiakeran bezala, non Espainian azken urte hauetan garatu den hirigintza ereduari bizkarrezur politiko bat ematen zaion.

Hirigintza esaten diogu euskaraz hiria egiteari, eta oinarri guztiz politikoa du, nahiz eta askotan zientzia neutro gisa aurkezten diguten. Hirigintza modu askotan egiten da eta gutxitan azaltzen zaigu erabaki bakoitzaren helburua. Aldirietako trenen zerbitzua okertzen den bakoitzean, kiroldegiaren zerbitzuaren lizitazioa idazten denean, biribilgune berri bat eraikitzean, dirulaguntzak nora bideratu erabakitzen denean, udaletxeak superabita duela aitortzean, kontratu txikiak sistematikoki erabiltzean, auzoko dendak ixten direnean eta beste hainbatetan hiri mota jakin bat gailentzen da.

Eta gaur egun gailentzen den ereduak publikoa denaren eremua murriztea du helburu.

Donostia ez da honen guztiaren eredu bakarra; bai, ordea, hurbilen tokatzen zaidan errealitatea, eta susmoa dut azkeneko hamarkadan espazio publikoaren pribatizazioan inguru emankorrenetakoa izan dela. Bertan ohitu gara arazo puntual bakoitzaren aurka mugimendu bat antolatzera, arazoak bere soiltasunean borrokatzera, alternatiba bat irudikatu gabe.

Abiapuntu ona izan daiteke hiriko hainbat auzo elkarte eta herri mugimenduk hiri-eredua aldatzea aldarrikatzeko ekainaren 18rako deitu duten manifestazioa. Bereziki, hurrengo urteetan idatziko den Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari begira ezinbestekoa izango delako auzo mailako antolakuntza eta alternatibak proposatzeko indarra, hiria beste batzuek egin ez diezaguten. •