IKUSMIRA

NAPALM-AREN NESKA, GERRA GUZTIEN AURKA

Neskatila bat Ameriketako Estatu Batuen napalm eraso batetik ihesi, biluzik eta negarrez agertzen den argazki hau Vietnamen aurkako gerraren ikur bihurtu zen. Duela mende erdi, 1972ko ekainaren 8an, AP agentziak atera eta argitaratu zuen. Kim Phuc-ek 59 urte ditu –orduan 9 urte baino ez zituen– eta Nick Ut argazkilariarekin batera erakusketa inauguratu du New Yorken. Napalmak eragin zizkion erreduren ondorioz 17 aldiz operatu behar izan zuten. Vietnam komunistako gobernuak medikuntza ikasketetatik aterarazi eta AEBen aurkako kanpaina egitera bidali zuen mundu osoan zehar. Mosku eta Habana arteko bidaia batean, ihes egin eta asiloa eskatu zuen Kanadan. Vietnamgo erregimenarentzat irudi deserosoa bihurtu den «Napalmaren neska» gerra guztien aurka azaldu da egunotan, Ukrainakoaren karietara. «Ez dago bidezko gerrarik. Guztiak dira ankerrak. Jendea erailtzea eta sufriaraztea baino ez dakarte. Historia errepikatzeak bihotza zeharo apurtzen dit», gaineratu du.