Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
«APIRILEKO NESKAK»

Diana Maidanic, Laura Raggio eta Silvia Reyes, errepresioaren ikur Uruguain

Diana Maidanic, Laura Raggio eta haurdun zegoen Silvia Reyes Montevideoko etxebizitza batean tiroz eta granadekin hil zituzten 1974ko apirilaren 21ean, goizaldean. Diktadura uruguaitarraren eta errepresioaren sinbolo bihurtu dute sarraskia. Senideek aitormena, erreparazioa eta justizia exijitzen jarraitzen dute.

Dominikar Errepublikan, Rafael Leonidas Trujilloren diktadura garaian, Minerva, Patria eta Maria Teresa Mirabal ahizpak, diktaduraren kontrako militante politikoak, hilik agertu ziren 1960ko azaroaren 25ean. Aldez aurretik, Minerva eta Maria Teresa atxilotuak, torturatuak eta bortxatuak izan ziren hainbatetan. Maiatzaren 18an epaitu eta zigortu zituzten beraien senarrekin batera. Hiru urteko kartzela zigorra ezarri zieten, baina abuztuaren 9an, Trujilloren aginduz, aske utzi zituzten bi ahizpak, ez ordea haien senarrak. 1960ko azaroaren 25ean, diktadoreak hala aginduta, errepidean antzeman zituzten, etxe batera bahituta eraman zituzten eta bertan hil zituzten gidariarekin batera. Ondoren, gorpuak auto batean sartu eta istripu bat izan zuten itxurak egin zituzten. Mirabal ahizpak errepresioaren sinbolo bihurtu ziren. Haien omenez, azaroaren 25ean Emakumearen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Argentinan, diktadura garaian hau ere, baina 1976ko azaroaren 24an, ehunetik gora militar eta poliziak Montoneros taldeko kide batzuk zeuden etxe bati eraso egin zioten La Platan helikopteroekin, granadekin eta kalibre handiko armekin. Barruan inprimategi klandestino bat zegoen. Kaleak itxi zituzten eta alboko teilatuetara igo ziren poliziak eta militarrak.

Operatiboak lau ordu baino gehiago iraun zuen. Bost pertsona hil zituzten eta hiru hilabete zituen haurtxo bat bahitu zuten. Helikoptero batetik fosforo bonba jaurti zuten militarrek, eta hildakoen gorpuak, tartean haurtxoaren amarena –Diana Teruggi–, kiskaldu. 30. kaleko etxe hura, memoriarako museo bat da gaur egun. Aurrealdean eta barruan oraindik ikusgai dira tiroek eta granaden eztandek eragindako zuloak. Operatiboak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan. Montoneros taldeari eskarmentu bat eman nahi izan zioten Poliziaren eta Armadaren buruzagiek zuzenean parte hartu zuten operazio honekin. Maria Isabel Chicha Chorobik de Marianik, Diana Teruggiren amaginarrebak, hil zen egunera arte bilatu zuen militarrek hiru hilabete zituela lapurtu zioten biloba, Clara Anahi Mariani Teruggi. Hasieran umea amaren besoetan hil egin zela esan zioten, baina lekukoei esker bizirik atera zutela jakin ahal izan zuen. Maiatzeko Plazako Amonen sortzaileetariko bat izan zen, baita erakundearen bigarren presidentea ere. 1989an Anahi Elkartea sortu zuen.

Brazo Orientaleko sarraskia

Mirabal ahizpak Dominikar Errepublikan, 30. kaleko etxea La Platan, Argentinan, eta Uruguain «Apirileko neskak». 1974ko apirilaren 21eko goizaldean, diktadura bete-betean, Armadak eta Poliziak osatzen zuten Indar Bateratuen komando batek Diana Maidanic, Laura Reggio eta hiru hilabetez haurdun zegoen Silvia Reyes tiroz eta granadaz josi zituzten Montevideon. 1973ko ekainaren 27tik, estatu kolpe baten ostean, 1985era arte luzatu zen diktaduraren pasarte gordinetariko bat izan zen hura. Lau hamarkada baino gehiago igaro badira ere, Estatu uruguaitarrak ez du inolako aitormenik egin, eta are gutxiago erreparazio adierazpenik edo ekitaldi ofizialik.

Hiriburuko Brazo Oriental auzo lasaiaren bidegurutze batean, neskatoen argazkiekin osatutako hiru trafiko seinale daude. «Familiak betirako minduta gelditu ziren», nabarmendu zuen urteurrenaren harira Monica Wodzislawskik, Maidanicen lehengusinak Efe-ri eginiko adierazpenetan. Oso harreman estua zuten. Mota bereko irakurgaiak gustukoak izateaz gain, militantzia esperientziak partekatu zituzten.

Gizarte borrokekin konprometituta, Haur Psikologiako ikaslea zen Maidanic. Laura Raggiorekin batera atxilotu zuten. Urtebete eta erdi preso egon ostean, aske utzi zituzten kuartelean hamabost egunetik behin aurkezteko aginduarekin. «1973. urtea amaitzear zegoela, jakinaren gainean jarri zituzten haiek berriro espetxeratzeko asmoa zutela militarrek. Klandestinitatera pasatu ziren biak», gogoratu zuen. Tupamaros Nazio Askapenerako Mugimenduaren (MLN-Tren) ekintzaileak ziren biak.

Diana Maidanic (22 urte) eta Laura Raggiok (19 urte) Uruguaitik ihes egin zuten itxura egin zuten. Silvia Reyesen senarrarengana, Washington Barriosengana, joan ziren laguntza eske, Argentinara alde egiteko paperak emango zizkien-eta. Apirilaren 20an, Barrios Montevideotik Buenos Airesera joan zen herrialde horretan ostatua lortu nahian. Asmoa, neskak Uruguaitik apirilaren 23 eta 24 bitartean ateratzea zen. Baina komando batek Barriosen eta Reyesen etxean, Mariano Soler eta Ramon de Santiago kaleen bidegurutzean, harrapatu zituen. Bertan beste bikote bat ere bazegoen, haurtxo batekin. 200tik gora jaurtigai bota zituzten etxearen barrualdera. Paretetan eta zoruan odol arrastoak gelditu ziren nesken ile eta gorputz zatiekin nahastuta.

Odolez beteriko apartamentua

Barrios Kolonbian jaio zen, Cucutan, bertako futbol taldeak bere aita fitxatu baitzuen. Zuzenbidea ikasi zuen eta 1971. urtean Tupamaroen mugimenduan militatzen hasi zen. 1973an, oraindik bizirik eta aske zeuden buruzagiak Buenos Airesen elkartu ziren eta Uruguaiko errepresiotik ihesi bertan jarri zuten erakundearen bulego nagusia. Barriosek itsas agentzia batean lan egiten zuenez, maiz Buenos Airesera joaten zen eta bere lanaren aitzakiapean militanteak nahiz materiala hara eta hona eramaten zituen.

Argentinako Langileen Alderdi Iraultzailearekin, Herriaren Armada Iraultzailearekin (ERP), Txileko Ezker Iraultzaile Mugimenduarekin eta Boliviako Nazio Askapenerako Armadarekin batera Iraultzaren Koordinazio Batzordea sortu zuten 1974an. Apirilaren 21eko operatiboaren helburua Barrios atxilotzea zen.

«Etxez etxe ibili ziren. Barriosen gurasoen etxera joan ziren, parean bizi zirelako. Semea non zegoen esateko agindu zioten aitari, eta nahiz eta bi metroko altuera izan gogor bultzatu zuten paretaren kontra. Aurreko etxean bizi zela baina une horretan kanpoan zegoela eta etxean haren bikotea bi lagunekin beste inor ez zegoela azaldu zien. Etxeko atea ostikoz puskatu ondoren, tiroketa hasi zen, leku guztietatik tiro egiten zuten. Goizaldeko hiruretan gorpuak poltsetan atera zituzten. Militarrek izozkailua, sukaldea eta ohea eraman zituzten, etxean zegoen dena lapurtu zuten», adierazi zuen Horacio Raggiok, Lauraren anaiak, “Portal” hedabideari eginiko adierazpenetan.

Senideak apartamentuan sartu zirenean, dena nahasita zegoen, paretak tiroz josita, odol arrastoekin, haragi eta ile zatiekin. 200 tiro baino gehiago zenbatu zituzten. «Soilik nire arrebaren hilkutxa egon zen zabalik. Hori bai, gerritik behera txikituta zegoen», gaineratu zuen.

Tiro egiten lehenak militanteak izan zirela esan zuten militarren abokatuek eta operatiboaren burua, Juan Rebollo, zauritu egin zutela. «Hori ez da egia, haien arteko su gurutzatuan zauritu zuten. Etxe barruan armak zeudela ere esan zuten, baina lekukoek hori gezurtatu zuten. Baina garai horretan militarrek nahi zutena esan zezaketen, baita etxe barruan armategi bat zegoela ere. Nork jarriko zuen zalantzan haien bertsioa? Inork ere ez», gaineratu zuen atsekabetuta.

Javierrek zazpi urte zituen sarraskia gertatu zenean. Hura gogoratzean, begiak itxi eta kamioien zarata, oihuak, korrikaldiak eta ate eta leihoetako kolpeak gogoan ditu oraindik. Militarrek pentsatu zuten bere etxetik sartzen zela nesken apartamentura. Aitari galdeketa egin zioten, bera, ama eta arreba beldurrez begira zeuden bitartean.

Carlosek 19 urte zituen eta Juliok hamar. Boten zaratotsa, kolpeak eta oihuak gero eta hurbilago entzuten zirela esnatu ziren. «Atea ireki edo bota egingo dugu! Indar Bateratuak gara!», entzun zuten haien aita atea irekitzera zihoanean. Baina bortizki bultzatu zuten. Etxeko logelak banan-banan miatu ostean alde egin zuten, bila ari ziren etxebizitza ez zela ohartu zirenean.

Barriosen aitaren etxera iritsi ziren. Emaztearekin eta 17 eta 10 urteko seme-alabekin zegoen une horretan. «Hau ez ezazue hil, aita da», esan zuen Jose Gavazzok, kalekoz jantzita zegoela baina metraileta eskutan. Ordurako, apartamentu gehienak, hiru salbu, miatu zituzten militarrek. Ondoko ateetako bizilagunak kamisoian eta galtzontziloetan aterarazi zituzten kalera gau erdian, palmondo baten azpira.

Kalean, Dorval Marquez polizia hil zuten motorrean etxerantz zihoanean. Barrios zela pentsatuta, gelditzeko agindua eman zioten baina ez zuen bete polizia entrenamendu batean gorra gelditu zelako. Odol hotzean hil egin zuten. Familiari, ordea, bere lana betetzen hil zela esan zioten. Hiru hilabete beranduago, Ricardo Morales alferezak krimena aitortu zuen Epaitegi Militarrean.

Operatiboaren hurrengo egunean, Barriosek bizilagun bati deitu zion amarekin hitz egiteko eta horrela jakin zuen gertatutako guztia. Uruguaira ez itzultzeko eskatu zion amak. Elkarrekin hitz egin zuten azken aldia izan zen hura. 1974ko irailaren 17an atxilotu zuten Cordoban, Argentinan. Barriosek bere burua borrokalaritzat jo zuen, eta Genevako Konbentzioan ezarritako eskubideak errespetatzeko exijitu zuen. Kordobako Koordinazio Federaleko Zuzendaritzan egon zen preso urriaren 11ra arte, eta egun horretan La Plata hirira eraman zuten. Atxilotuta egon zen Lomas de Zamorako kartzela klandestino batean eta gero Armadako 9. unitatean. 1975eko otsailaren 20an, Argentinako agintariek jakinarazi zuten Barriosek ihes egin zuela Kordobara zeraman polizia furgoitik. Ez zen gehiago haren berririk izan. 22 urte zituen.

«Usoen Laura»

«Laura 1972ko uztailaren 31n atxilotu zuten. 1973ko maiatzaren 17an askatu zuten. Ez genekien non zegoen, baina gure senide militar bati esker jakin genuen 13. Batailoian zegoela. Patiora zein ordutan ateratzen zen jakitea lortu genuen. Batailoiaren kanpoaldera joaten ginen, prismatikoekin. Behin, harrapatu gintuzten. Gero ikasi genuen. Prismatikoak zuhaitzen sustraien artean ezkutatuta uzten genituen. Etxean usoak genituen, Batailoira eramaten genituen eta arreba patiora ateratzen zen bakoitzean, lau haizetara askatzen genituen kuartelaren gainetik hegan egiten zezaten. Askatasunaren sinboloa ziren. ‘Usoen Laura’ deitzen genion eta hitz horiekin kanta bat egin zioten», azaldu zuen Daniel Raggiok, Lauraren anaiak, 2016an kaleratu zuen idatzi batean.

«Atxilotu zutenean, torturatu eta bortxatu egin zuten. Sekula ez nuen kontatu bortxatu zutenik, baina haiek lotsatu beharko lirateke, ez gu. 1972ko ekainaren 11n 18 urte bete zituen. Adin nagusikoa izan arte itxoin zuten espetxeratzeko. Askatu zutenean, Dianarekin kuartelean aurkeztu behar zuen bi astean behin. Joaten zen bakoitzean, ukitu egiten zuten, iraindu egiten zuten. Bizitza ezinezkoa egiten zioten. Ezin zuten gehiago jasan, eta horregatik berriro ez aurkeztea erabaki zuten eta klandestinitatera pasatu ziren. Eta Silviaren etxean babestu ziren. Alde guztietatik tirokatu zituzten. Arrebaren ileak kolore gorria zuela ikusi nuen. Hasieran tindatuta zuela pentsatu nuen, ezkutuan hobeto mugitzeko, baina odola zen. Lauraren gaubeila hilkutxa zabalik egin ahal izan genuen, Silviarena eta Dianarena ez zen posible izan. Etortzen zirenak mehatxatu egiten zituzten militarrek».

Iraungitze Legea

Hiru nesken senideek lehenengo salaketa 1985eko maiatzaren 20an aurkeztu zuten, baina diktadura garaiko hilketak, torturak, desagerrarazteak, sarraskiak... ikertu gabe gelditu zituen 1986. urtean Legebiltzarrak onartu zuen Iraungitze Legearengatik. Horretan oinarrituta, epaileak salaketa artxibatu zuen. 1989an egin zen galdeketan, herritarren gehiengoak legearen eta amnistiaren alde bozkatu zuen, %55,9k. %41,3k berriz barkamena indargabetzea eta diktadura garaiko krimenak epaitzea eskatu zuen.

Baina, 2004an, Tabare Vazquezek presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Fronte Zabala koalizioarekin. Iraungitze Legearen beraren arabera, Gobernuak eskumena zuen auzi batzuk araudi horretatik kanpo uzteko. Horretaz baliatuta, Vazquezek diktadurako zenbait buruzagi auzipetuak izatea lortu zuen. Iraungitze Legetik atera zuen lehenengo auzia Silvia Reyesen senarrarena izan zen, Washington Barriosena.

Era berean, Antropologia Forentserako Ikerketa Taldearen sorrera sustatu zuen. Eremu militarretan lurperatu zituzten lehenengo atxilotu-desagertuak identifikatzea lortu zuen. 2009ko urriaren 19an, Auzitegi Gorenak Iraungitze Legea Konstituzioaren kontrakoa zela adierazi zuen aho batez. Dena den, epaia Nibia Sabalsagaray Literatura irakaslearen eta ekintzaile komunistaren, atxiloketa, tortura eta hilketaren auzian soilik aplikatu zuten.

Gorenak epai historiko hori eman eta soilik 6 egunetara, urriaren 25ean, plebiszitu batean, herritarrek berriro ontzat eman zuten Iraungitze Legea. Amnistia Legearen aurkakoek 1989an baino babes gehiago lortu zuten, %48, baina ez zen nahikoa izan.

2021eko otsailean, erretiroan zeuden hiru militarren auzipetzea eskatu zuten sarraski honengatik. Juan Rebollo, Jose Gavazzo –2021eko ekainaren 26an hil zen– eta Eduardo Klastornickek deklaratu zuten tiro egin zutela soilik etxe barrutik tiro egin zietenean. Rebollo operatiboaren burua zen eta besoan balaz zauritu zuten. Julio Cesar Gutierrez kapitaina hilik suertatu zen.

Gizateriaren aurkako krimenetan aditua den Ricardo Perciballe fiskalaren hitzetan, hiru militarren bertsioa ez da sinesgarria, lekukoek eta perituek esan zutenarekin bat ez datorrelako. «Nesken etxera epaile baimenik gabe sartu ziren, gauez. Exekutatu egin zituzten, lurrean uzkurtuta zeudela. Zeuden lekutik eta gorputz jarrera horretan ez zuten erresistentziarik egin», ondorioztatu zuen Perciballek.

«Apirileko neskak» Uruguaiko errepresioaren ikur bihurtu dira. Aitormen ofizialik egon ez bada ere, herriaren memorian gelditu dira.

 

«GORPUAN 30 TIROTIK GORA ZENBATU ZITUEN AITAK»

Stella Reyesek bikote bat eta haien haurtxoa ezkutatuta zituen bere apartamentuan. Militarren zaratak entzun zituenean, ihes egitea lortu zuen baina atxilotu egin zuten. Tortura saioetan ahizpa hilik zegoela eta paretetan haren haragi zatiak gelditu zirela esaten zioten. «Nik ez nien sinistu. Atxilotuen garrasi artean ahizparen ahotsa bilatzen nuen. Asteetara jakin nuen, kuartelean nirekin zeuden beste kide batzuek esanda, hilik zegoela. Bere gorpuan 30 bala zulotik gora zenbatu zituen aitak. Buruaren erdia falta zitzaion», gogoratu zuen.