Juantxo EGAÑA
BEHATXULOTIK

1936an Lasarteko hipodromoan, segalari proba batean

Goian ageri den argazkia Lasarteko hipodromoan egina da, 1936an, segalari proba batean. Atletismo Federazioko Juan Bautista Juanena, Manuel Ormazabal kazetaria eta Juan Kortajarena "Ondartza" segalaria agertzen dira, besteak beste. Haiekin batera, Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiko kide izandako Jose Olaizola konpositore eta musikaria, Toribio Alzaga Euskal Deklamazio Akademiako zuzendaria eta Ascensio Martiarena margolari eta Euskal Artisten Akademiaren sortzaileetako bat daude. Hilabete batzuk geroago, frankismoa iritsi zenean, Jose Olaizola musikariak eta Ascensio Martiarena margolariak erbesteratu egin behar izan zuten, eta Toribio Alzaga atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Argazkia Donostiako Photocarte estudioak egin zuen, garai hartan Ricardo Martinen alarguna zen Agustina Zugastik zuzentzen zuen estudioak.