Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Beroaldiak

Tenperatura altuek asfaltoa eta hormigoia are ilunago, gogorrago eta arrotzago bihurtu dute egun hauetan. Azal izerditua kale gorrietan zehar sentitzeak gaztigu sentsazioa dakar, deserosotasunak salbuespen egoera bat izateko desioa pizten du, munduaren bukaera gertu dagoela diotenen ideia zailago ukatzeko momentua. Hondamendiaren erdian zuhaitzaren itzala kalean indartsuago aldarrikatzen duenik entzun dut egun hauetan. Eskaerak logika handia izanagatik ere, naturarekiko begirada ustiatzaile bat ezkutatzen du, non natura gure behar eta gurarietarako erabili nahi dugun, izerdiaren desesperazioan eta larrialdi egoeraren aurrean. Kaleak diseinatzean landaredia, zuhaitzak eta ura erabiltzea aspaldiko jakintza bada ere, hirigintzaren, eraikuntzaren eta kale mantenimenduko ohituretan ez du ospe onik, jokabide, protokolo eta segur aski (hasieran) lan gehixeago eskatzen duelako. Baina oro har, egiteko moduetan aldaketa bat ekartzen duenak erresistentziak eta mesfidantzak sortzen ditu, edozein dela eragin esparrua. Kalean zuhaitz gehiago landatzea onura asko ekar ditzakeen ohitura ona izan arren, «zuhaitzak soilik ez dira soluzioa», irakurri dut Twitterren. Esaldiak egiturazko aldaketa bati egin nahi dio erreferentzia, salbazioa komunitatearen eserlekura eramanez eta ez keinu isolatu batean.

Egia da arkitektura irakatsi eta egiten dugunon jakintza hormigoiarekin lotuago dagoela zuhaitzarekin baino. Hormigoiarekiko atxikipena arkitekturan logikoa den arren, jakintza garrantzitsua da landaredia beste langai bat izatea kale eta eraikinen parte izateko, dekorazioko elementu gisa ulertzetik eraikinak sortu nahi duen bizitzaren parte bat dela ulertzeraino. Zuhaitz eta landareen beharrak gizakiaren bizitzarekin nola moldatzen diren ezagutzea energia berriztagarriak kalkulatzea bezain zentzuduna da, unibertsitateetako ikasgai nagusi bat izateraino. Egungo naturarekiko ezagutzarik ezak eta hormigoiarekiko atxikimenduak indartzen du giza bizitza naturarekiko urrutiago sentitzea espazialki eta kontzeptualki, gure lurralde, eraikin eta kaleak jakintza horretatik eginak baitira, natura eta artifizioa banatzen duen ikuspegitik alegia. Arkitekturako ikasketen hutsuneen harira, kaleen diseinuak eraikinen ikusgarritasunaren aurrean interes gutxiago jasotzen du, bai irakasleriaren eta bai ikasleriaren aldetik, joera egituratu bat bailitzan. Eraikinaren kanpoko espazioa ahazturik gelditzen da maiz, eraikinzentrismoak jota. Garrantzitsuena eraikina da, gizakiaren bizitzaren adierazle dena, eta arkitektoaren arkitekturaren erakusle. «Artista gutxiago, hirigintza gehiago», esaldia irakurri dut Twitterren. •