Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
EZ, EZ DUT NAHI

Ezkontza gatibualdia, bizi osorako lasta emakumeentzat eta nazioarteko arazoa

Ezkontza behartua giza eskubideen urraketa gisa jasota dago nazioarteko hitzarmenetan, baina horrek ez du praktika geldiarazi: urtero 12 milioi neska adin txikiko ezkontzen dira behartuta munduan. Etiopian, Hego Sudanen edo Sierra Leonan, adibidez, ohikoak dira, baina Italian, Katalunian edo Euskal Herrian ere gertatzen da.

Amnesty International GKEak behartutako ezkontzak salatzeko egindako ekintza
Amnesty International GKEak behartutako ezkontzak salatzeko egindako ekintza (GETTY IMAGES)

Arooj eta Aneesa Abbas ahizpa pakistandarrak familiak agindutakoaren aurka jarkitzera ausartu ziren. Lehengusu banarekin ezkonduta zeuden, familiak derrigortuta, baina haiek ezetz, ez zutela lehengusuekin ezkonduta segitu nahi, ez zutela haiekin ezkondu nahi izan sekula eta banandu nahi zutela. Dibortzioa eskatu zuten. Terrassara (Bartzelona) egin zuten ihes pasa den urtean eta bikotekideekin bizi ziren geroztik. Agian urduri –desafioaren arriskuaz jakitun– egin zuten ihesa, agian izan zuten momenturen batean lasaitu sentsazio bat, posible irudikatuz ezkontzazko gatibualdiaren amaiera.

Legez kanpoko heriotza zigorra ezarri zieten, ordea. Maiatzaren erdialdean Pakistanera joan ziren, senideek egun batzuk pasatzera gonbidatuta. Baina, itxuraz, tranpa bat zen. Anaiek ustez ez zuten onartzen arrebek beste bikotekide batzuk izatea eta esan zieten anaietako bat ezkondu egingo zela eta ama gaixo zela Pakistanen. Aneesa eta Arooj hara joan ziren, beraz. «Ohoreagatik» hil zituzten.

Kasu honek eraman zuen behartutako ezkontzen salaketa, gaitzespena eta arbuio irmoa estatu espainoleko komunikabideetara aurreko hilabetean, baina emakumeen kontrako indarkeria mota honek baditu sustrai eta adar askoz zabalagoak munduan. Hainbeste, ezen zenbait herrialdetan naturaltzat hartzen den praktika hau, legez kanpokoa eta giza eskubideen kontrakoa bada ere.

Behartutako ezkontza munduan

Ezkontide batek edo biek ez badute libreki eta osoki ezkontzeko –izan ezkontza instituzionala, soziala, juridikoa edo kulturala– nahia adierazi, behartutako ezkontza da. Eta ezkontide batek edo biek ezin badute banandu, ezkonduta jarraitzera behartuta badaude, behartutako ezkontza da. Behartutako ezkontza mota bat, oso ohikoa eta larriena, adin txikikoen ezkontzak dira. Eta indarkeria honek emakume eta neskatoei eragiten die gehienbat.

Datuek neurtzen dute ondoen nazioarteko arazoaren sustrai-adarren sakonera eta luzera. Unicef gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) arabera, urtero 12 milioi neska adin txikiko ezkontzen dira behartuta. Nazio Batuen Populazio Funtsaren arabera, 18 urtetik beherako 140 milioi haur baino gehiago ezkondu ziren 2011 eta 2020 artean. Horietatik 50 milioi neskatok 15 urte baino gutxiago zituzten. Eta, berriz ere Unicefen datuei erreparatuz gero, egun munduan bizi diren 650 milioi neskato eta emakume adin txikikoak zirenean ezkondu ziren: mundu osoan, bost neskatotik bat ezkonduta dago 18 urte bete baino lehen.

Fokua gurera gerturatuta, bada Euskal Herrian ere kezkatzeko arrazoirik. 2015az geroztik sei ezkontza behartu atzeman dira Hego Euskal Herrian, bost EAEn eta bat Nafarroan. EAEn izan dira, gainera, mota honetako ezkontza gehien estatu espainolean (27 kasu 2015etik), soilik Kataluniaren atzetik (14 kasu). Estatuan, genero biolentzia gisa jasotzen da ezkontza behartua Zigor Kodean.

Eraginak haurren bizitzetan

Auzi honek, haurrei argiki askatasuna erauzteaz gain, baditu bestelako ondorioak. Unicefen arabera, «18 urte bete baino lehen ezkontzen diren neskek eskolara joateko aukera gutxiago dituzte, eta genero indarkeria jasateko aukera gehiago». «Haurren ezkontzek sufrimenduz betetako bizitza daramate berekin», ohartarazten du.

Bestalde, ezkontza hauek, sarri, haurdunaldien eta erditze goiztiarren aurrekari dira, eta horrek eritasun eta heriotza tasa handiagoak eragiten ditu.

Haurtzaroan ezkontzen diren mutilek ez diete nesken arrisku eta ondorio berberei aurre egiten desberdintasun biologiko eta sozialengatik, baina bi generoetako haurren eskubideak urratzen dira. Neskek bezala, mutilek ere helduei dagozkien erantzukizunak hartu behar izaten dituzte eta, haien kasuan ere, ezkontzak «aitatasun goiztiarra ekar dezake, eta presio ekonomiko gehigarria eragin; halaber, murriztu egin ditzake haurrak hezkuntza jasotzeko duen aukera», zehazten du Unicefek.

Bi: Omaimaren laguna

Talde zaurgarrien kasuan, hala nola errefuxiatuen artean, ezkontza behartua zama bat da, emakumeek bizi osoan bizkarrean eraman beharko duten lasta.

Omaimak gertutik bizi izan du ezkontza goiztiarra. 2012an iritsi zen Jordaniako Zaatani kanpamentura, 11 urte besterik ez zituela. Orduan, Siriako errefuxiatu honek ez zekien haurren ezkontza existitzen zenik, baina konturatu zen bere lagunetako askok eskola utzi zutela adinez nagusiak izan baino lehen ezkontzeko.

Baina bereziki kezkatu zen bere lagun onenetako bat, Basma, familiak ezkontzera behartu zuenean, 14 urte bete baino lehentxeago. «Beti egoten ginen elkarrekin», gogoratu zuen Omaimak Acnur GKEkoekin hitz egin zuenean, jada 15 urte zituela. «Berak ez zuen ezkondu nahi, baina gurasoek pentsatu zuten hura zela aukera onena», azaldu zuen.

Basmak eskola utzi zuen eta Omaimak ez du berriro bere laguna ikusi. Horren ondorioz, Omaimak erabaki zuen errefuxiatu kanpamentuko beste neska batzuek zorte bera izan ez zezaten saiatzea eta behartutako ezkontzen kontra borrokatzea.

Nazioartean kezka iturri

2013ko irailean, 107 herrialdek babestu zuten haurren ezkontzari eta ezkontza goiztiarrari buruzko lehen ebazpena Giza Eskubideen Kontseiluan. Testuak jaso zuen haurren ezkontza, ezkontza goiztiarra eta behartua giza eskubideen urraketak direla, «pertsonek indarkeria mota guztietatik libre bizitzea eragozten dutenak», eta modu negatiboan eragiten diotenak «hezkuntzarako eskubideari eta osasun mailari, sexu eta ugalketa osasuna barne».

Paradoxa badirudi ere, ebazpena babestu zutenen artean ziren haurren ezkontza tasa handiak dituzten herrialde batzuk, hala nola Etiopia, Hego Sudan, Sierra Leona, Txad, Guatemala, Honduras eta Yemen.

2013koaz geroztik, gai hau nazioarteko hainbat hitzarmen eta akordiotan aztertu izan da. 2015ean, Europako Giza Eskubideen Batzordeak ere ebatzi zuen haurren ezkontza eta ezkontza behartua giza eskubideen urraketak direla. Emakumearen Aurkako Bereizkeria Mota Guztiak Ezabatzeari buruzko Konbentzioak, halaber, haurren ezkontzatik babesteko eskubidea jasotzen du 16. artikuluan, eta honako hauxe ezartzen du: «Haur baten ezkontzak ez du ondorio juridikorik izango, eta beharrezko neurri guztiak hartuko dira, legeria barne, ezkontzarako gutxieneko adina zehazteko [...]».

Ezkontza ez da zuzenean aipatzen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean, baina beste eskubide batzuen bitartez babesten dira haurrak zentzu horretan, hala nola adierazpen askatasunerako eskubidearekin, abusu mota guztien aurka babesteko eskubidearekin eta tradizio kaltegarrien aurka babesteko eskubidearekin.

Hiru: Dilek Demir

14 urte zituela, aitak egongelan agertzeko agindu zion Dilek Demir neskatoari. Aurrean zuen gizon arrotz hori bere senarra izango zela esan zion orduan. Demir 16 urtez egon zen gizon horrekin ezkonduta, denbora horretan bortxatu egin zuen eta lau alaba izan zituen.

Turkian legez kanpokoak dira ezkontza behartuak, baina GKEen datuen arabera, herrialdeko emakumeen %15 18 urte izan baino lehen ezkontzen da.

Lurraldearen ekialdean dira ohikoen behartutako ezkontzak. Batzuetan, 13 edo 14 urteko neskatoak 10 edo 15 urte zaharragoak diren ezezagunekin elkartzera behartzen dituzte. Hori pasa zitzaion Dilek Demirri.

«Ezkondu nintzenean, nire bizitza amesgaizto bihurtu zen. Goitik behera amesgaizto. Sexu erasoak pairatu nituen, ni bezalako adin txikiko batek. Adin horretan ez da legezkoa ezkontzea, 18 urtera arte haur bat zara. Egunero bizi nuen amesgaiztoa», kontatu zion Demirrek AFPri.

Praktika honen kontrako aktibista da orain Diyarbakir hiriko emakumea eta, esaten duenez, lortu du hiri horretako 40 haurren arteko ezkontza geldiaraztea. «Haur hauen familiek gorroto naute eta askotan ez didate uzten berriz neska hauek ikusten. Otsoari arkumea kentzen diozunean bezala; modu horretara gorroto naute», azaldu zuen.

Hobera bai, konpontzetik urrun

Ezkontza behartuen auzian izan da hobekuntzarik azken urteetan. Haurren ezkontzen prebalentzia gutxitzen ari da mundu mailan. Hegoaldeko Asia ari da azkarren aldatzen: azken hamarkadan, haur bat ezkontzeko arriskua heren bat baino gehiago jaitsi da bertan, %50etik %30era.

Bestalde, NBEren arabera, azken hamarkadan 25 milioi haurren ezkontzak saihestu dira munduan, «nesken hezkuntza tasa igotzeari, gobernuek nerabeengan egiten duten inbertsio proaktiboari eta haurren ezkontzak eragiten dituen kalteei buruzko kontzientziazio publikoari esker».

Hala ere, Unicefen arabera, behartutako ezkontzen tasak handia izaten jarraitzen du, bereziki zenbait zonaldetan, hala nola Hegoaldeko Asian –hobekuntza nabarmena den arren– eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, munduko kargaren %18 eta %44 hartzen baitute hurrenez hurren. Horien atzetik daude Ekialdeko Asia eta Pazifikoa (%12); Latinoamerika eta Karibe, (%9); Ekialde Hurbila eta Ipar Afrika (%5).

Gainera, ezkontza behartuen kasuetan ematen ari ziren aurrerapausoak, beste hainbat konturekin gertatu bezala, pandemiak apaldu ditu. NBEren arabera, 2020ko apirilean eskolak itxi ziren, 190 herrialdeetako 1.600 milioi ikasleei eraginez, eta egoera honen ondorioz haur eta nerabeek galdu egin zuten beraien babes eremu nagusia.

Ukrainako gerrak piztu duen elikagaien krisiak ere izan du eragina. Plan Internacional GKEaren arabera, gosea pairatzen duten «familiek tentsioak jasan behar dituzten heinean, neskek aukera gehiago dituzte eskolatik ateratzeko eta ezkontzeko, goiz eta behartuta».

Aurrez aipatu bezala, urtean 12 milioi neska adin txikiko ezkontzen dira, eta joerak berdin segitzen badu, 100 milioi neskatila baino gehiago ezkonduko dira 18 urte bete baino lehen 2030erako, NBEk ohartarazten duenez. Egoera larria da eta praktika honen tradizio luzeak konponbidea zailtzen du.

Lau: Saman Abbas

18 urte zituen Saman Abbasek. Jatorriz pakistandarra zen eta Italian bizi zen. Arooj eta Aneesa Abbas ahizpek nola, etxetik ihes egin zuen Samanek ere, salatu ostean senideek lehengusu batekin ezkontzera behartu nahi zutela, eta berak, ordea, ez. Hilabeteak zeramatzan gizarte zerbitzuen babeserako etxebizitza batean bizitzen, baina dokumentazio bila itzuli zen etxera, Novellara herrira (Reggio nell´ Emilia eskualdean). Egun horretan desagertu zen, 2021eko apirilaren 30ean.

Italiako Fiskaltzaren arabera, neskaren gurasoek osabaren esku utzi zuten Saman eta honek, bi lehengusuen laguntzarekin, neskatoa hil zuen eta bere gorpua ezkutatu. Poliziak asteak eman zituen bila, baina ez zuten aurkitu.

Gurasoak Pakistanera joan ziren eta osabak eta lehengusuek ihes egin zuten, baina denbora batera atxilotu egin zituzten estatu frantsesean eta espainiarrean. Novellarako familia etxean geratu zen bakarra Salmanen 16 urteko neba izan zen. Honek agenteei kontatu zien bere arreba hil egin zutela uko egin ziolako bere lehengusuarekin ezkontzeari.