Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Oi, Baldorba

Oi, Baldorba. Lur gorri, harri kiskali, txinparten eta haizearen kantu. Ezkil gabeko elizen eremu galkorra, eguzki eta haize idor, suzko ibai, erraustuarena. Kantu bat laburra da eta pentsa esaten ez dizudan hartaz. Zure irriño erromanikoa jenderik gabe, paisaia soil bihurtua, utzi zuen madarikatuaren izena nahi dut».

Zenbat aldiz kantatu zaitugun, Baldorba, mapetan zehazki kokatzen ez zaitugun isurialde atlantikoko euskaldunok. Hortxe, Nafarroa hegoaldean, Iruñetik beherako eremu zehaztugabe horretan, izen bat eta irudi fosilizatuak, soro, mahasti eta lautada eguzkiz goxatuak, Euskal Herri amestu bateko postal. Harik eta irratian "Orbaibar" izendatu zaituzten arte; harik eta bizilagunek kantu bateko objektu izateaz gain gauza gehiago egiten dituzuela kontatu duten arte: bizi, eskolara joan edo garia bildu, adibidez.

Eta, hala ere, badira kantu batzuk mantapean biltzen gaituztenak, elkarrekin kantatzeko sortuak direla diruditenak. Ezagutu ez genituen garaiak, ukituko ez ditugun lekuak. Udak berriz jaiak eta jaiek berriz kantu-jirak ekarriko dizkiguten garaiotan, elkarri lepotik helduta kantatuko ditugu gu baino zaharragoak diren abestiak. Tarteka hitzen bat trabatuko zaigu, baten lekuan beste bat jarriko dugu, baina melodia ezagun baten goxotasunean babestea etxera itzultzearen parekoa da batzuetan. Haurtzaroko paisaietara joango gara, badakigulako paisaia horiek ez direla sekula aldatuko. Han ez dago suterik, han ez dago izerdirik, han ez dago bortizkeriarik. Denok ezagutzen dugun topaleku baketsu bat, besterik ez.

Halakorik sortu ote daiteke orain? Denok kulunkatuko gaituen melodiaren bat, eztarrian iltzatuko zaizkigun hitzak... Ba ote da halakorik? Edo denak asmatuta ote daude jada, gu jaio baino lehenagotik? Izan omen zen garai bat, dena egiteko zegoena eta ia dena egin zena. Dena kontra eduki arren kantuak sortu zituen garai bat, hizkuntza bati eremu berriak eman zizkiona, herri baten hezurdura eraiki zena. Eta orain, batzuetan pentsatzen dut ez ote garen garai haren, amets horien nostalgian bizi. Ez ote dugun lurra geronek erre. Ez ote gauden jada kiskalitako zoru honetan haziko denari begira. Eta ez ote dugun, etengabe, haziko den hori gure aurrekoek amestu zutenarekin alderatuko.

Ereserkirik gabeko herria omen da gurea. Hori al da, ordea, behar duguna? Ereserkiak, lehendik ere, ez dauzkagu gutxi. Eta ereserkietan fosilizatutako lekuetan jendea bizi da, sugarren aurrean jartzen dena, lan istripuz hiltzen dena, bikotekideak mehatxatuta bizi dena, euskaraz ikasteko kilometroak egiten dituena edo Baionako Hezkuntza Ikuskaritza okupatzen duena. Akaso, haiei kantatu baino, hobe genuke haiei entzutea. •