Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Atzo manada, gaur ziztadak... bihar zer?

Udarekin batera gure komunikabideak jaietan gertatzen diren erasoen bozgorailu bihurtzen dira. Egunero datu berriak, emakumeonganako indarkeriaren metodo berritzaileen azalpen zehatzak, erasotakoen kontagailua martxan. Uda, jaiak, aisialdia eta hortxe berriz ere beldurra ate joka. Kasualitatea?

Zoritxarrez, urte guztian zehar izaten diren gertakariak dira erasoak, erailketak, tratu txarrak. Azken ikerketa batek azaltzen duenez, bikote barnean gertatzen diren bortxaketak bestelako guztiak halako hiru dira (“International Journal of Environmental Research and Public Health”-en argitaratutako ikerketa, estatu espainoleko hainbat eragileren artean). Esaterako, aztertutako 16 urtetik gorako emakumeen artean, gehiago izan dira bikotekideak bortxatuak beste edozeinek baino. Badakigu aspalditik halako eraso eta indarkeria gehienak familia nuklearrean eta bikoteen artean gertatzen direla, baina hala ere beldur gehien aisialdian sartzen digute: kontuz, kale bazterrean edozein gizonek bortxa zaitzake; kontuz, etxera bakarrik bueltatzearekin, aplikazio bat deskargatu nik jakin dezadan non zauden une oro… Kanpaina izugarria. Eta ez dut esan nahi gertatzen ez direnik, jakin badakigu gertatzen direla eta nazkagarria da. Eta era berean haserre nago beldurra beti espazio publikoetan, aisialdian, plazerean... inposatzen digutelako.

Imajinatzen duzue bikote harreman heterosexualei buruzko beldurra etengabe sartzea? Komunikabideak familia eredu honen aurka adieraztea, esanez halako egiturek emakume eta bazterretako edonor baztertzen dutela eta erasotzen? Bikote heterosexualak izatean probabilitate gehiago duzula bortxatua izateko? Baina ez, noski, ez ditugu halakoak entzuten. Parrandetan, aisialdian, jasaten ditugun erasoek dute garrantzi gehiago, nahiz eta gutxien gertatzen direnak izan. Joder, berriz ere guk ibili behar dugu kontuz; «kontuz hain ondo pasatzearekin, desfasatzearekin... bortxatu egin zaitzakete-eta».

Eta zenbat mezu doaz beraientzat? Bortxatzen eta erasotzen duten gizon heterosexual horientzat? Zero. Aitei, osabei, lehengusu, bikote, lagunei zuzendutakoak? Zero. Eta zer nahi duzue esatea, ez zait kasualitatea iruditzen jaiak iritsi eta mundu guztiaren ahotan eraso hauek egotea, ez da berria espazio horiek gureak ez direla esatea. Argumentuak aldatuz doaz baina mezua ez: kaleak ez dira gureak, lagunak.

Nekatua eta nazkatua beldurra kudeatzeaz, parrandak ez direla leku seguruak entzuteaz, ezezagun batek bortxatuko nauen pentsatzeaz... eta bitartean sakoneko mezuak, erroan daudenak zalantzan ez jartzeaz; izan heterosexuala, bikotea izatea ezinbestekoa da zure zoriontasunerako, familia da daukagun gauzarik garrantzitsuena... Hipokrisia nazkagarri eta jasanezina. Kaleei begira gauden bitartean inork ez ditu etxe barneak begiratzen, bikote ereduak zalantzan jartzen, harremantzeko ditugun zailtasunen inguruan hausnartzen... Baina, ei! Lasai, parrandan ateratzen ez bazara ez zaizu ezer gertatuko, gelditu etxean eta dena ondo joango da. Ezaguna zaizue? •