Mijo Lizarzaburu

Ziztatzailea zure mutil laguna da

Ziztadak jaietan, Baionan, Algortan eta Zarautzen. Ziztadak telebistan, egunkari alternatiboetan eta Ana Rosaren programan. Nerea Barjolak (2002) «Alcasser kasuarekin» egindako analisiak argi adierazten du komunikabideek zer ardura duten eraso matxisten aurrean. Modu polarizatuan azalduko dut, bi aukera daude erasoen berri emateko orduan: informazioa politizatu eta autodefentsa feministarako deia egitea edo morboa zabaldu eta izuaren produkzio mekanismoak aktibatzea.

Ziztadak gizonek emakumeei zuzenean egiten dieten erasoak dira, baina ziztaden errelatoek gizon oro biolentzia sexualean ahalduntzeko eta emakume oro biolentzia horren objektu zuzen bihurtzeko balio dute, gugan beldurra eta otzantasuna sortuz. Izu sexualaren makineriaren aktibazioaren ondorioek emakumeengan sortzen duten beldurrak autokontrolera eramaten gaitu, etengabeko arriskuan gaudelako sentsaziora, eta denborarekin hori guztia gorpuzten amaitzen dugu normaltasunaren baitako errutina gisa. Gizonekiko beldurra sentitzea emakume izateko baldintza beharrezkoa da nolabait.

Beldurraren testuinguru horretan bakarrik uler daiteke feminismoagatik ezer gutxi egin duten talde politikoek antolatu dituzten etxeratze kolektibo kanpainak, emakumeen babesaren izenean izu sexuala indartuz. Eta nola ez, izu sexual hori aprobetxatzen finena da polizia, dagoeneko adierazi duela ziztadak ekiditeko beren presentzia indartuko dutela festaguneetan. Polizia festaguneetan, mugimendu feministako kideak kriminalizatuta, emakumeak beldurtuta artaldean etxera eta gizonak bitartean lasai-lasai (boligrafoekin ziztatuz, txantxetan).

Bonbardaketa mediatiko horren erdian eskertzekoa izan da Emaginek fokua gizonen ardurara desplazatzeko eginiko kanpaina. Argi esan dute: «Gizonen ardura erasotzeari uztea da», ezin gaituzte gu jasotzen dugun biolentziaren arduradun egin, ezin gara egon bortxatuak izateko beldurrez autokontrol etengabean, gaua gure espazioa da, «eskubide guztia dugu jaietan egoteko, mozkortzeko eta drogatzeko». Beharrezkoa da ardura gizonengan jartzea, beharrezkoa da beldurraren alarma gorriak aktibatzetik haratago, indarkeria estrukturalean fokua jartzea hau ez errepikatzeko.

Erasotzaileak ziztadak ematen ditu, bai, eta hori oso kontu larria da. Baina hori baino askoz gehiago behar du patriarkatu heterosexualak funtzionatzeko. Erasotzailea ez da bakarrik goizeko lauretan kale ilun batean bakarrik zaudela agertuko den gizon gaiztoa, erasotzailea da baita ere isilarazten zaituena espazio publikoan, ez duena etxeko eta zaintza lanen ardurarik hartzen, argaldu zarenetik sexyago zaudela esaten dizuna edo aitatasun baja erabiltzen duena inguruko mendi guztiak altxatzeko.

Ez da «el hombre del saco», zure aita da, zure mutil laguna, udalekuetako begiralea, herriko pizzeroa, tabernaren jabea edo bertako langilea. Beldurra sartu nahi digute gizon gaizto eta misteriotsu horrekiko, beste gizon guztiekiko ezer egin ez dezagun, baina feministok argi dugu erasoak egunero daudela eta erasoen gehienak gertuko gizonek egiten dituztela.

Erasoa bat-batean parrandan zaudenean jasotzen duzun ziztada da, baina eraso hori posible egiten duena normaltasuna da, haren konfigurazio heterosexual, patriarkal eta misoginoan egunero erreproduzitzen. Ez sumisio kimikoz (bakarrik), ez indarrez eta bortxaz (bakarrik), baizik eta subjektibazio femeninoa produzituz, emakumeak produzituz. Gizonak zaindu, maitatu, haien haurrak izan eta haien prestigioa berretsi nahi duten subjektuak produzituz.

Emakumeak izateari utzi behar diogu, beldurra sentitzetik beldurra ematera jauzia egin. Medeak taldeak zioen kontua ez dela horrenbeste guk haiek egin duten berdina egitea, ez da helburua gu erasotzaile bihurtzea. Helburua da biolentzia pairatu dugun eta haren erabileratik kanporatuak izan garen emakume, bollera, marika eta transek autodefentsarako baliabideak garatzea, biolentzia patriarkalaren konplize diren gizon eta poliziaren inolako beharrik gabe. Elkartasun osoa Algortako mugimendu feministako kideei, eraso patriarkal eta polizialen aurrean autodefentsa feminista posible egiten dutenei. •