Pello Otxandiano

Bai, eredu kontua da

Ekonomia eta energia krisiak eta beren ondorioek markatuko dute urte politiko hau hein handi batean. Aldagai asko daude xake taulan gauzak batera zein bestera mugitu ditzaketenak, baina, edozein kasutan, mundu guztia da kontziente energia krisiak zein krisi ekonomikoak badutela oinarri egiturazko bat: funtsean, planetaren muga biofisikoekin talka egiten ari garela eta baliabide fosil merke ugarien garaia bukatu dela.

Aste honetan hiru notizia aipagarri izan dira eztabaida energetikoa astindu dutenak. Lehena, Europak, Ursula Von der Leyen kontserbadorearekin eskutik, enpresa energetiko handien (elektrikak zein erregai fosilen produktoreak) irabaziak zergapetuko dituen tasa bat iragarri duela, ustez, 140.000 miloi bilduko lituzkeena. Atera kontuak non gelditzen den Josu Jon Imaz! Bigarrena, Gaztela eta Leongo Juntak Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko ikerketa bat egin asmo du. Eta, azkenik, Statkraft enpresa norvegiarrak euskal lurretan bi parke eoliko eraikitzeko asmoa duela jakin da.

Azken horrek zurrunbilo mediatikoa sorrarazi du. Esan dezagun garbi: zurrunbiloa ez du notiziak sortu, baizik eta honi EAJk eman dion erabilerak. Noiz ikusi da EBBk asteazken iluntze batean prentsa oharra ateratzea tankera honetako notizia baten kasuan? Berriz ere eztabaida garrantzizko bat lokaztu eta pobretzeko makineria mediatikoa aktibatu da. Zer mesede egiten dio inori Azpeitia, Zestoa, Errezil, Eskoriatza eta Aramaioko herritarrek proiektu hauen berri prentsaren bidez eta modu honetan jakiteak? Eta sortu den presio mediatikoak zertan laguntzen du gaia modu sosegatuan aztertzeko garaian? Ez al litzateke zuzenagoa, eraginkorragoa eta zentzuzkoagoa herritarrek beren udal agintarien eskutik jasotzea Norvegiako enpresarekin izandako hartu-emanen berri? Denok dakigu herri honek asko duela jokoan auzi energetikoan. Eta estatu seneko itun bat behar da, bai noski. Esango nuke hiru oinarriren gainean eraikia:

Baga: Energia itunak herri estrategia baten ingurukoa behar du. Euskal herritarren interes publikoa bermatzera zuzendutako estrategia nazional koherente bat behar da. Enpresa askok du interesa energia azpiegiturak eraikitzeko, negozioa baitago tartean. Baina proiektatzen den azpiegitura bakoitzak estrategia territorial koherente bati erantzun behar dio. Eta halako zerbaiten antzik izan dezakeenik ez da oraino ezagutu.

Trantsizio energetiko justu eta demokratiko baterako euskal estrategia batek bi hanka behar lituzke ondo jarriak: energia kontsumoaren kontrakzio handi baterako bide orri bat eta ekonomiaren deskarbonizaziorako beste bat. Biak eskutik ulertuz eta biak batera garatuz.

Biga: Eskema oligopolistatik kanpoko ereduen alde egin behar da. Zer esan nahi du horrek? Ezin daitekeela energiarekin espekulatu. Herritarrek eskubidea dutela energia prezio justuan eskuratzeko. Eta horretarako, ezinbestekoa dela kontrol publikoa. Energiaren ekoizpena eredu publiko-komunitarioan egin behar da, instituzio publikoek, tokiko enpresek eta herritarrek ere (energia komunitate lokalen bidez) kogestio moduetan parte hartzeko bidea zabalduz. Areago, halakorik posible denez gero, ez litzateke energia berriztagarrien azpiegiturarik garatu beharko eskema oligopolistaren arabera.

Higa: Trantsizio energetikoa lehen mailako erronka demokratikoa denez gero, herritarrekin batera egin behar da. Ez du balioko gobernu batek proiektu bat interes publiko orokorrekoa izendatu eta herritarrak erabakien parte egin gabe gauzatzea. Gainera, Unai Pascualek GARAn berriki egindako elkarrizketan esan zuenez, klimari eta biodibertsitatearen zaintzari dagokienez, zenbat eta deliberazio prozesu herritar sakonago eta zabalagoak, orduan eta erabaki hobeak. •