Koldo Sagasti

Kontatzen ez dena ez da

Aforismo herrikoi batek dio gerra batean egia dela lehenengo biktimetariko bat. Gauza jakina da gatazka armatu batean propaganda hobekien darabilena izan ohi dela garaitzeko aukera handiena duena eta, era berean, garailearen kontakizuna izan ohi dela nagusitzen dena. Kontaketarako baliabideak kontrolatzen dituenak, batekoak zein bestekoak, bere interesen neurrira manipulatzen du errelatoa. Baina gatazkaren kontakizunaren manipulazio hori, hainbatetan, aktiboa izan barik, kontatzen ez diren ñabarduretan datza.

Afganistango inbasioan, gerora Irakekoan gertatuko zen bezala, CNN telebista kateak bere egin zuen AEBetako Defentsa Departamentuak ezarritako estilo irizpide bat: hildakoen gorpuen irudiak erakustea bazegoen, baina inola ere ez armada estatubatuarraren erasoek eragindako hildakoenak. Halaxe kontatzen zuen Jugoslavian berriemaile ibilitako kazetari beterano batek: Europako prentsako lankideak kexatzen zirela beren hedabideetako zuzendaritzek espresuki debekatzen zietelako NATOko erasoek eragindako hilotzen irudiak argitaratzea.

Gerra bateko ikusle pasiboak izanik, iritsi gara normaltasunez onartzera gatazkako parte interesatu baten kontakizuna baino ez dugula jasotzen, eta gure iritzia manipulatuta dagoela, ez hainbeste kontatzen digutenagatik, baizik eta kontatzen ez digutenagatik. Eta isiltasun itun horren barruan bertsio hegemonikotik aldentzen diren ahotsak deserosoak dira. Deserosoak eta mehatxagarriak. Horregatik, akaso, iritsi gara normaltasunez onartzera euskal kazetari bat, Pablo Gonzalez, Ukrainako gerrako informazioa eman nahi izateagatik Poloniako kartzela batean egotea. Otsailaren 28tik dago gatibu gatazkaren bestelako egia bat kontatzen ahalegintzeagatik eta eskandaluzkoa beharko lukeen bahiketa ezerezean geratu da bigarren mailako albisteen txokoan baztertuta. Berriemailea isilarazita, egiaren zati bat da biktima. •