Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Bisexualitatea

Pasa den irailaren 23an izan zen Bisexualitatearen Nazioarteko Eguna eta oihartzunaren indarra jarraitzea erabaki dut. Batzuetan estrategikoa izan daiteke halako ikusgarritasunak aprobetxatzea eta zeresanak adierazteko erabiltzea. Hor doa.

Desiraren orientazio honek badu bitxitasun berezi bat: erdibidean egongo balitz bezala ikusten dute askok eta erdibideak ez ditugu erraz ulertzen. Horregatik, askok neurgailua ateratzeko beharra sentitzen dute eta gaia ulertu nahian (beste batzuk epaitzeko gogotsu) galdera mordoxkarekin hurbiltzen dira: baina zenbat neskarekin egon zara? Eta zenbat mutilekin? Bikote harremanak mutilekin bakarrik izan badituzu, horrek ez al du adierazten gehiago gustatzen zaizkizula? Bisexuala izanda txortan egiteko aukera gehiago, ezta? Ez zara lesbiana izango berez berez eta erreprimituta zaude? Ez al zara hetero kuriosoa izango eta listo?

Eta zu galdera hauen aurrean zer egin ez dakizula aurkitzen zara, pentsatuaz: eta nik zer dakit! Ez ditut kontuak eramaten. Ez dakit eraman behar ditudan ere. Gehiago eta gutxiago nola neurtu dezaket? Kantitatez? Intentsitatez? Alde bat edo bestea aukeratu behar dut? Erreprimituta nago? Eta mutilak gehiagotan gustatzen bazaizkit, zer? Edo neskekin larrua jotzea gustatzen bazait eta ez bikoteak eraikitzeko, zer? Edo alderantziz gertatzen bazait, zer? Nola izan behar du ondo egoteko? Erdi eta erdi?

Aztertu ditzagun galderak. Zenbat neskarekin eta zenbat mutilekin egon zara? Hasteko, gure topaketa erotikoek ez dute gure desiraren intentsitatea eta kualitatiboa adierazten. Baina bitxia da desira konkretu honekin bi kontzeptuak nahastea; zure desira sinistuko dut edo balio emango diot praktikak izan dituzula demostratzen badidazu, bestela agian iruzurtia zara eta alde batekoa zara benetan. Uau. Zeini okurritzen zaio heterosexual bati galdetzea ea zenbat jenderekin oheratu den benetan heterosexuala dela adierazteko? Inori. Zentzugabea da. Jarrai dezagun.

Bikote harremanak erreferentziatzat hartzeko tendentzia zure desira alde batera edo bestera doan ziurtatzeko. Hau da premisa: mutilekin bakarrik sortu baduzu bikote binkuloa, horrek esan nahi du mutilak gehiago gustatzen zaizkizula. Oseaa bikoterik ez duten pertsonek desira gutxiago dute edo ahulagoa, agian ez dira benetan heteroak ezta? Bestela, bikotean egongo lirateke… Komentariorik gabe. Bikoteak eraikitzea gauza bat da eta desirak izatea beste bat, batzuetan bi kontzeptuek topo egiten dute baina ez beti, eta eskerrak horri.

Larrua jotzeko aukera gehiago ditugula ustea: je-je, nahi bai! Desira ez dago une oro piztuta, a tope! «Neskak, mutilak…. Uauuu, zenbat estimulu!». Bisexual izateak ez gaitu katxondago egotera eramaten. Bisexualtzat definitzeak desirak deskribatzen ditu; biografian zehar egon dira gustuko izan ditudan emakumeak eta gizonak (barkatu binarismo zurruna).

&hTab;Alde batekoek uste dute hetero kuriosoa zarela eta bestekoek, benetan lesbiana zarela eta ez zarela ausartzen onartzera. A zer paradoxa. Ustezko erdibideek sortzen dituzten erreakzioak. Nahasmena sortzen du eta polarizazioa; “gurekin zaude edo ez zaude”. Bada, ez gaude. Je-je! eta horrek deseroso sentiarazten bazaitu, begiratu zergatia. Agian zu zaude nahastuta, eta ez gu. •