Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

Ezkiak

Artikulu hau argitaratzen denerako ziurrenik ezkien patua idatzia izango da dagoeneko. Eta sorpresa handirik ez badago Zarauzko Nafarroa etorbideko 250 ezki epe motzean mozten hasiko dira.

Ez da ekintza isolatua. Inoizko udararik beroena pairatu dugun honetan, asko dira hiriguneetako zuhaitzen kudeaketan izandako esku-hartze neurrigabeak jasotzen dituzten notiziak. Marrutxipin Donostiarako sarbide berriari lekua egiteko 542 zuhaitz heldu moztu zituzten abuztuan. Uztailean Madrileko Castellana pasealekuko zuhaitz lerrokada oso bat bota zuten bidegorri bat eraikitzearen aitzakiapean. Beste hainbeste gertatu zen Bartzelonako Poble Noun. Sevillako Triana auzoan 100 urte baino gehiagoko ficus bat moztu zuten abuztuan. Eta horrela jarraitu genezake artikulu honen 3.000 karaktereak bete arte.

Hirietako zuhaitzak moztea erraza da udaletxeentzat. Edo aukera errazenetarikoa, hobeto esanda. Hiri batean dauden interes desberdinen artean zuhaitzak dira defentsarako tresna gutxien dituztenak. Ez dago babesten dituen lege zehatzik, planeamenduan ez dute (salbuespenak salbuespen) figura zehatzik eta haien babesa proiektuen sustatzaileen eskuetan geratzen da gehienetan. Funtsean zera gertatzen da zuhaitzei ez zaiela balio ekonomikorik aitortzen. Estatu mailan bada zuhaitzen balioa kalkulatzeko mekanismo bat, «Granada araua», baina hura aplikatzeko borondatea ezinbestekoa da.

Zarautzeko kasuan, zuhaitzen eraistea herriaren saneamendu berria eraiki ahal izateko ekintza ezinbestekoa dela argudiatu du Udalak. Ziur arazo honek badituela beste irtenbide batzuk. Ziur beste irtenbide horiek izango dituztela bestelako konplikazioak ere: garestiagoa agian, Diputazioarekin arazoak edo etengabeko negoziazioak bestela, bestelako afekzioak herriko beste txoko batean akaso. Badakigu udalek erresistentzia gutxieneko bidea hartzen dutela beti.

Granada arauaren bitartez Zarautzeko ezkien balioa kalkulatuko bagenu 4 milioi eurokoa izango litzatekeela defendatzen dute Tiloak plataformakoek. Hala eta guztiz ere, esango nuke pisu handiagoa izango dutela plataformak jaso dituen 5.000 luze sinadurek hauteskundeetatik hain hurbil gaudenean. Horixe baita udaletxean dagoen EAJ alderdiak jaso zuen boto kopurua azkeneko hauteskundeetan.

Hau nire azken zutabea izango da orrialde hauetan eta ezkien patua ezagutu gabe utzi beharko dut. Beste batzuek idatziko dute hori. Jarrera pesimistarekin noa, idatzitako hamar artikuluetan nabarmen agertzen delako gaizki egindako ekintza gehiegiren pilatzea, izan zitezkeen lan egokien alboratzea, memoriaren nahastea, epe motzeko erabakien inposizioa, teknikari eta politikarien mediokritatea.

Eta konstatazio bat, osteguneko udalbatzarrean ezkien mozketa gelditzea erabakitzen baldin bada, Tiloak plataformako kideen lanari esker izango da. Herri mugimenduek hobetzen dituztelako gure hiriak. •