Juantxo EGAÑA

Gamazoren dekretuaren aurkako borroka Castejonen

1893ko maiatzetik 1894ko otsailera bitartean Gamazada gertatu zen. German Gamazo Espainiako Ogasun ministroak euskal foruen aurka emandako dekretuaren aurka Euskal Herriko hainbat tokitan izan ziren protestak, mobilizazioak eta altxamenduak. Iruñean eta Gasteizen Gamazoren dekretuaren aurkako lehen manifestazio jendetsuak egin ziren “Gernikako arbola”-ren doinuan; Bizkaian, berriz, Sanrokada izan zen, eta Gernikako jaiekin batera Espainiako banderak kendu eta erre ziren, «Viva Euskeria independentea» oihukatuz. 1893ko abuztuaren 27an, manifestazio bat joan zen “Gernikako arbola” abestuz Donostiako Londres hotelera, non Sagasta Gobernu espainiarreko presidentea afaltzen ari zen. «Foruak bizirik» eta «Sagasta behera» oihuak entzun ziren. Guardia Zibilak manifestazioa desegin eta hiru donostiar hil zituen, eta prentsak horrela jaso zuen: «...ezin dugu protesta besterik egin, benemeritak manifestari babesgabeei egindako fusileria kargengatik...». 1894ko otsailaren 18an, Castejonen milaka pertsonak Madrildik negoziatzetik zetozen diputatu nafarrak babestu zituzten. Egun horretan, Arana anaiek lehen aldiz zabaldu zuten ikurrina Castejonen, Teodoro Galarzak Altaffaylla Kultur Taldeak argitaratutako memorietan deskribatzen duen bezala. Gamazoren dekretua kendu egin zuten. Iruñean, XX. mendearen hasieran, foruen monumentua eraiki zen. Artikuluaren irudia erremolatxaren kaian dago egina, Castejongo geltokian, 1894ko otsailaren 18an, diputatuei harrera egin zitzaien egunean. Aire zabaleko meza bat da, eta, hurrengo egunean “La Union Vascongada” egunkariak jaso zuenez, apaizak, zegokion abemaria errezatu beharrean, oihu egin zuen: «Gora Nafarroa», «Gora Diputazioa» eta «Gora Foruak».

EGILE EZEZAGUNA. CASTEJONGO KULTUR ETXEA.