Itzea Urkizu Arsuaga

Hitz batzuk absurdoari

Urtean behin elkartzen gara bazkaltzeko, eta txor-txor pasatzen ditugu orduak. Denborarik joan izan ez balitz bezala, baina, aldi berean, denbora horri buruz etengabe hizketan. Absurdo bat, akaso. Duela pare bat asteburu izan zen azken hitzordua. Zer moduz, aspaldiko, X beranduxeago dator, ez nekien zer jantzi, botea jarriko dugu. Dena zegoela bere tokian, alegia: larunbat eguerdia, uda-hondarreko eguzki gozoa, gure herriko erdialdean dagoen terraza irrikatuenetakoa eta ardo zuri hotza. Eta, atmosfera horren gainean laino ikusezin bat sortu izan balitz bezala, arnasten zen halako poz bat.

Bazkari horretatik aparteko egunetan gertu-gertu-gertuko zirkulukoak ez izanagatik, aspaldiko lagunekin edozeri buruz aritzeko askatasun horrek sortzen duen poza. Beharbada, egun horrek ematen digulako aukera bat haurtzaro-nerabezaroan gorpuztu genuen rol hura berriz soinean janzteko eta, ondorioz, orain daramaguna pixka batean eranzteko. Txikitako lagunekin periodikoki elkartzea, badelako toki bat izatea zeinetara beti itzul gaitezkeen.

Eta, toki horretatik, hizpidera ekartzea gai arruntak eta serioak eta arinak eta urtero errepikatzen direnak. Otordurako aukeratu beharreko jakiak erabakitzen 25 minutu pasatzea eta, hala ere, proportzio eta hautuarekin bete-betean ez asmatzea. Aldameneko mahaikoen bazkari erromantikoa gure kontu-jatearekin zapuztea. Eta barre egitea, besteen bizitzez eta geureaz.

Bazkalondoan izotzak perfekzioz txikituta eta menda-hostoak bere tokian jarrita zituen mojito bana eskatu genuen. Instagrameko edozein argitalpen galako janzteko aitzakia. Eta, halako batean, parabola perfektu bat marraztuaz bezala, lagunetako bati edalontzia erori zitzaion, saihestu ezineko indar fisikoen dantzan.

Ni eserita nengoen toki pribilegiatutik, istripuaren bide-orria begiradarekin jarraitzeko aukera izan nuen: nola mugitu zuen eskua; nola igurtzi zuen mojitoa esku-mugimenduak; nola amildu zen mahaira, baxera-pieza eder haren barruko likido eta solido guztia, poliki baina ezinbestean. Nola pentsatzen dudan, halakoetan, nahiko nukeela fisika kuantikoaren inguruko ezagutzaren bat izan, ezbehar txoroak ekiditeko edo ezabatzeko. Absurdo bat, akaso. Horrelako egoeretan sortzen den barreguraren antzera; katastrofearen erdian poza ukitzeko behar absurdoa.

Ez dut uste berriki gurean gertatu dena mojito bat erortzearen zalapartarekin aldera litekeenik; ezta fisikak konpon lezakeenik ere. Baina, bi urteko semeak aitari «hori ez da saxofoilaria, hori neska da» esaten entzutea katastrofe txiki bat izan da gure unibertso propioan; kolpea erraietara. Non eta hemen, munduak haurrari erakusten diona beste nolabait irakurtzeko saiakerak bata bestearen atzetik kateatzen dihardugun etxeetako batean. Askori absurdo bat irudituko zaio nire kezka, eta berdin zait. Jarraituko dugu inon idatzi gabeko indar fisikoen dantza-pausoak aldatzen, eta orain arte halabeharrez erori izan diren edalontzi horiei guztiei eusten. Nahikoa absurdoak bagara-eta, bestela ere. •