Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Negoziazioa beti indarrean dagoen balioa da

Uste dut badugula konplexu berri bat, arazo politikoen konponbiderik onena negoziazioa eta akordioak direla argi eta garbi esatea eragozten diguna. Jakina akordio horiek ez direla behin betikoak edo magikoak izaten, itunek gatazka berriak sortzen dituztela, eta aldian-aldian berriro negoziatu behar direla. Baina horrek ez du ekiditen gatazkak konpontzeko modurik zibilizatuena eta eraginkorrena izatea, edo, gutxienez, belaunaldi batzuei gatazkaren ondoriorik kaltegarrienak saihesteko modurik efikazena izatea. Ez da gutxi.

Euskal independentismoak horixe defendatu du luzaroan. Diskurtso politikoaren atal nagusi bat zen eta gauza guztietarako balio zuen. Hala eta guztiz ere, azken urteotako gertakari politikoen ondorioz, elkarrizketa gatazkak konpontzeko mekanismo gisa defendatzeak indarra galdu du gure artean. Borroka armatuaren amaiera ordenatua eta estrategia aldaketa egiteko moduak, independentismoak bere kabuz eta Espainiako Estatuaren sabotaje iraunkorrekin aurrera atera zuena, aldebakartasuna bide bakarra zelako ideia indartu zuen. Perspektiba horrek urteetako inertzia negatiboak askatzea lortu zuen, baina ez da gai izan eremu guztietan berdin aurrera egiteko.

Hain zuzen ere, gaur bost urte betetzen dituen Kataluniako erreferendumak indar handiagoz bultzatu zuen ideia hori. Espainiako Estatuarekin akordioak lortzea ezinezkoa bada, bide bakarra independentziaren aldebakarreko adierazpena da, betiere Kataluniako gizartearen agindu argi bati erantzunez. Tamalez, ezinezkoa izan zen. Egunotan, jendarte hori introspekzio ariketa batean ari da: zer gertatu zen, nortzuk izan ziren porrotaren erantzuleak, zer egin zen ondo eta, batez ere, zer egin zen gaizki. Gaur egun, ez dirudi oso emankorra izaten ari denik, baina agian perspektiba apur bat falta zaigu.

Beñat Zalduak azaltzen duen bezala, fatalisten aurrean eta gaur egungo gertaera etsigarrien gainetik, demokraziaren udazken labur hark ekarri zuen guztia aldarrikatu behar da. Etorkizunari begira, aste honetako argitasun-arau baten eskaerak esoterikoa eta gastatua dirudi. Ziur asko, errepublikanoek demokrata katalanen gehiengo oso hori berriro independentziaren arrastoan jartzeko topatu duten formula da. Dekantazio hori ezinezkoa da baldin eta hasieratik negoziazioari uko egiten badiozu.

Beste arlo batean, gerrek bandoak inposatzen dituzte, halabeharrez. Onak eta txarrak daude, direnak direla ere, eta batzuen alde egitea eta besteen aurka egotea betebeharra da. Neutraltasunak ospe txarra du iraultzaileen artean, horretarako irlandarra bezalako esperientziak mespretxatu behar badira ere. Kontua da Ukrainako gerran bandera bat hartu behar badut, nahiago dudala negoziazioarena eta gatazkaren konponbide diplomatikoarena. Uste dut errealismo ariketa bat dela eta, aldi berean, bertute politiko baten defentsa.

Nire ustez, negoziazioari politikagintzan indarrean dagoen balio iraunkor gisa eutsi behar zaio. Eta akordiorako eta negoziaziorako tarterik ez dagoenean, boterea metatu behar da. Hau ez da, agian, dena irabazi edo dena galtzera jokatu nahi dutenentzako herri aproposa. Txikiek eta txiroek, baztertuek, ezin dute negoziazioa printzipioz ukatu, besteak beste, irabazteko beharrezkoak diren biolentzia eta botere mailak ez daudelako beren esku. Aldebakartasunez lortutako garaipenek, gainera, arerioaren ia erabateko gainbehera dakarte. Hau, ondo dakigunez, gatazka berrien iturri da. •