Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Iraganaren eskua, ahanzturatik askatua

Mattin Aiestaran, Irulegiko aztarnategiko zuzendaria irudikatu dut, hara itzultzerakoan, Aranzadiko boluntario tropa adoretzen, Napoleonen antzera: «Hogeita bi mende dituzue Irulegi menditik beha». Tira, ez da horrenbeste, Madrilgo Komunitateko presidente andreak oraindik orain aipatu duen «mila mendeko espainierazko kulturaren herentziaren» aldean. Zerbait apalagoa da, baina badu bere garrantzia, diotenez.

Adituek esan dute Irulegiko eskuko testua idatzita dagoen alfabetoa iberiarrenaren moldaketa dela, zeltiberiarrena bezala, baina haren desberdina, ezaugarri propioak baititu.

Ez ditut hizpidera ekarriko sare sozialetan irakurri ditudan memelokeriak, baina bai adituen hitz argien interpretazio bitxiren bat. Asteartean irakurri nuen euskararen jatorriaren eta erromanizazioaren aurreko «gainerako» hizkuntza iberiarren arteko ahaidetzari buruzko eztabaida berria zabaldu duela aurkikuntzak. Zertaz ari dira, penintsulako beste hizkuntzez edo iberieraren familiako beste hizkuntzez? Izan ere, bide batez, Pirinioez bestaldean ere badira iberieraren arrasto idatziak.

Gaur egungo euskara alfabeto latinoan idazten da, gaztelania, frantsesa, katalana eta beste hainbat hizkuntza bezala; edo serbokroaziera bezala, alfabeto zirilikoan ez ezik latinoan ere idatzi arren hizkuntza latindarra ez dena. Edo bai? Baskonikoa ez da iberiera, gaur arteko ikerketen arabera, ez nik diodalako. Harekin harremana izan zuela? Baliteke. Baina ondorio horretara iristeko ez zegoen inongo eskuren beharrik.

Aurkikuntzak aurreko uste bat berretsi du, baskoiek beren hizkuntzan idatzi zutela, hain zuzen. Alfabetatuak zirela, beraz. Eta, are gehiago, beren hizkuntzan idazteko sistema propio bat bazutela. Oraintsu arte hizkuntza horretan zenbait txanponetan idatzitako izenen baten berri baino ez zegoen.

Batzuk, zer egingo diogu, bada, penatuta bezala agertu dira asteon, beharbada Irulegiko eskuan ez delako ñ-rik agertu. Bai, ordea, T itxurako hizki bat, iberiarren eta zeltiberiarren signarioetan ez dagoena (orain ardi latxaren ordez, edo haren ondoan, horixe jarri beharko dugu autoan ikur).

Azken albiste bat. Euskara nafarren hizkuntza da, Irulegiko eskuaren agurra baino lehenagotik ere bai. Euskaraz hitz egiten duten nafar ugari ezagutzen dut nik. Beran eta Tuteran, Izaban eta Vianan. Baita euskaraz ikasteko oztopo asko ere, Arangurenen eta are gehiago handik behera.

Gure etxeko atean esku bat zegoen, ahurrean helduta bola bat zeukan burdinazko eskua, atea jotzeko. Aldaba, jakina. Oraindik ere ikusgai daude aldabak ate zaharretan. Nafarroaren erdian, Arangurengo Irulegi mendian, Kristo aurreko I. mendeko etxe baten orubean aurkitu berri duten brontzezko eskuak ez du balio atea jotzeko, nonbait ere etxera sartzen zirenei ongietorria egiteko baizik. Hamaikagarrenez, Aranzadiko jendeak iraganari eskua luzatu dio eta iraganak eskuzabal eskaini dio berea. Beti eta beti lurrean uxarka, belaunak urratuta, gure iragana arakatzen. Errotarri bat (edo hogeita hamar) hor, gorpu bat (edo dozena erdi bat) han, ahanzturatik askatuta. •