Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Haserre maitea:

Hitz hauek idazteko beharra sentitu dut azkenaldian. Konturatzen naiz ez zaitudala batere ondo tratatu eta merezi ez duzun lekuan kokatu zaitudala. Fama txarra duzu oso eta, badakizu, kanpoko iritziek indar handiegia dute askotan eta korronteari jarraituz alde batean utzi zaitut, bakarrik.

Ez dakit nondik datorkizun halako ospea. Deserosoa zara askotan, agian norberarentzat baino besteentzat izaten da. Energia asko daukazula ezin ukatu. Etortzen zaren bakoitzean beroa sentitzen dut barrenean eta sua izango bazina bezala suntsitzeko indarra dudala sentitzen dut. Neure burua defendatzeko beharra eta gaitasuna dudala erakusten didazu, kanpokoak zerbait ukitu duela nigan eta arriskutsua dela niretzat. Eskerrik asko horregatik.

Askotan etsaitzat hartzen zaitugu. Askok izugarrizko malabarak egiten dituzte zu ez agertzeko eta gatazken aurrean ihes egiten dute ziztu bizian. Beldurra sortzen duzula nabarituko zenuen, ezta? Beste batzuek, ordea, izugarri maite dute ematen duzun puntx hori eta engantxatu egiten dira, beti haserre eta haserrearen izenean min egiten dutenak dira. Badira bestelakoak ere, magia egiten dutenak; haserrea etorri, txapel barruan sartu eta… tatxan!!! tristura bilakatu da! Suposatzen dut askorentzat tristura eramangarriagoa dela haserrea baino eta alderantziz.

Dena dela, haserre maitea, zera esan nahi dizut, zuk erakusten dizkidazunak ezin izango nituzkeela ikusi beste modu batera, nire mugak eta minak erakusten oso ona zarela eta zuri esker egoera askori egin diedala aurre. Gogoratzen duzu bikote ohiari nahikoa zela esan nionean? Zuri esker izan zen, behar nuen indarra eman zenidan egoera hori amaitzeko eta behingoz nire burua zaintzen hasteko. Batzuetan haserre aurre egiteak salbatu gaitzakeelako. Haserrea biolentziarekin lotzen dute askok. Berdina da? Hori zara? Nik ezetz uste dut.

Zurekin mila modutara egin dezaket dantza, zu alde batean utzi gabe, ezkutatu gabe. Egia da etortzen zarenean a tope etortzen zarela, zaratatsu eta erritmo azkarrean. Batzuetan eraman egiten nauzu tsunami bat izango bazina bezala. Besteetan, une batetik aurrera zurekin hitz egitea lortzen dut eta esan nahi didazun hori entzutera iristen naiz. Zarata melodia bihurtzen da, instrumentuak desberdindu ditzaket eta oihuka zegoen ahots horri letra ulertu. Pausoak egokitzen ditugu orduan, dantzaren erritmoa aldatu da.

Ederra izan da zu ezagutu eta zurekin dantza egitea. Badakit nire izatearen hasieratik zaudela eta behar-beharrezkoa izan zarela, baina bidean galdu egin zaitut. Gure harremana sendotzen joan nahi dut, elkar ezagutzen, elikatzen eta orekatzen. Ez dakit adina den ala zer, baina jada ez dut hainbeste maite intentsitatea; beraz, ez zaitez gehiegi harrotu, mesedez, eta joan gaitezen elkar entzun eta ulertzen. Besteei ere esango diet nola doan gure artekoa eta saiatuko naiz besteen haserreekin ere harremana lantzen; agian hori zailagoa egiten zait eta gehiago beldurtzen nau.

Beldurrarekin ere gauzak egin daitezke. Zer esaten didazu; nahi duzu nirekin dantza egin? •