Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Mindutako gorputzak

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

Gabonetan aspaldi ikusi gabeko arkitektura ikasle ohi batekin egin dut zita. Arkitektura unibertsitateko berritasunak eta beste hainbat hizkimizki elkarbanatu dizkiot. Irakasle, ikasle berri eta ikasle izandakoen nondik norakoak ere solastatu ditugu. Eta orduan, lagunak, begirada ikasle garaiko iraganean jarria zuela, oso sakonetik ateratako esaldia bota du. «Arkitektura ikasketak egin dituzten hainbat ikasle mindutako gorputzak dira egun». Pausa bat sortu da hizketaldian eta bihotza izoztu zait.

Gabonetan, aurten izan ditudan erasmus ikasleekin ikasgaiaren itxiera egin dut. Europako ikasleek Donostian zer-nolako zailtasunak izan dituzten, jatorriko ikas-ereduekiko desberdintasunak eta arkitekturaren begiradan leku amankomunak komentatu dizkidate. Konfiantzazko hizketaldian ginen, eta orduan, Poloniako ikasleak gaineratu du: askatasun gutxiko espazioak dira arkitektura eskolako ikasgelak. Eta Alemaniakoak berretsi dio, eta Greziakoak, eta Belgikakoak, eta italiarrak, eta euskaldunak. Gorputz giharrak tentsioan dituztela ari direla eraikinak pentsatzen eta proposatzen, diote. Norberaren diseinua eta pentsaera irakaslearen mandatuan nola enkajatuko den beldur dira. Ia onartua izango den haien iritzia.

Inpaktaturik utzi nau konfesioak; ez da berria, nire esperientzia antzerakoa delako, baina zirrara sortzen du ziurtatzeak arkitektura irakaskuntzako pedagogia zaharra Europan zehar zabalduta dagoela. Hemen eta han, arkitekturako irakaskuntza dogmatikoa praktikatzen dela, “ikuspegi on” baten existentziara bideratutako irakas-ereduaren pean. Arkitektura unibertsitatean ikasleek beraien diseinu-lanen prozesua jarraitzeko klaseei “zuzenketa” deitu izan diegu historikoki. “Gaur zuzentzera noa” esaldiarekin hezi gara eta hezi ditugu. Atera kontuak.

Gabonetako bi aitorpenek sufrimendu eragilea den egoera deskribatzen dute. Milaka begirada posible eta helduleku zabala dituen arkitekturaren egitekoa pentsamolde bitarrera sinplifikatzean, diseinu bat ondo edo txarto dagoela sinestean, pentsatzeko esparrua zeharo mugatzen da eta arkitektura ona egiteko modu bakarra dagoela irakasten da. Eta emaitza, ikasle atrofiatuak sortzea edo bide pertsonal eta propio bat eraikitzeko tresna gutxi dituzten indibiduoak mundu profesionalera bideratzea. Batzuek heldutasuna lantzeko aukera izan ez duten proto-arkitekto bezala lizentziatura eskuratuko dute eta beste hainbeste ikasle bidean geldituko dira, irakaskuntza metodoak sortu dezakeen eskizofrenia jasan ezinik eta psikiatria bulegoetan ate joka.

Ez da ahuldade pertsonalitatearen akatsa, baizik eta irakas-ereduaren -eta irakasleen- baldartasuna. Sormena lantzeko eta arkitekturaren bidez pentsatzeko leku izan beharko luketen unibertsitateko gelek akats egiten dute. Arkitektura ona egin dezaketen ikasle gorputzak egon arren, beste batzuengan oinazea sorrarazten bada, zeozer berraztertu beharrean gara. Pedagogia zaharra gaindituko lukeen pentsamendu kritikoan hezteko, irakasleok barne-lanketa mardula egiteke dugu aurrena. •