Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

McDomu’s

Ilustrazioa: Gilen TXIUNTXURRETA BEITIA
Ilustrazioa: Gilen TXIUNTXURRETA BEITIA

Ia egunero jaikitzen gara etxebizitzaren prezio eroari buruzko notiziak entzuten, eta etxebizitza eskubidea izanik, erreza da pentsatzea soluzioa gehiago eraikitzea dela. Politikariek azkar botako dituzte halako mezuak, hauteskunde garaian bereziki, eta promotore eta etxe-agentziek pozarren beteko dituzte gure egunkariak “Obra nueva”-ren inguruko infografia ziztrinekin.

Ez dut, baina, etxebizitzaren eskubide izaeraz jardun nahi, haren produkzioaz eta hiria egiteko gaitasunaz baizik.

Hiria paella bat bada, etxebizitza arroza da, gainerako elementuen zaporeak hartzen dituena eta osotasunari koherentzia eta oreka ematen diona. Etxebizitza, bere horretan, arroz zuria bezalakoa litzateke: gosea (bizitoki beharra) asetzen du, bai, baina zaporez eskas ibiliko da. Azken hamarkadetan gure paisaiari forma eman dion hirigintza, baina, ez da ez paella, ez arroz zuria izan, McMenu bat izan da, eta, janari zaborra osasunarentzat txarra den moduan, hirigintza zaborra gizartearentzat kaltegarria da.

Ez gaitezen engaina, etxebizitza ez da eskubidea, produktu bat da, haren produkzioa, soilik, operazioaren “bideragarritasun” ekonomikoak justifikatzen baitu. “Bideragarritasun” hori produkzio kostuak eta salmenta irabaziak balantzan jarriz egiten da soilik; alegia, ez dira kontuan hartzen mantentzea, birgaitzea edota eraldaketa beharra bezalako bigarren mailako kostuak. Produktua erakargarria egiteko, gehigarri batzuk ezinbestekoak dira (hanburgesa, patata eta freskagarriarekin), eta modu honetan etxebizitza + garajea + parkea konbinazioa sortzen da. Gehigarri horiek, estandar urbanistiko gisa ezagunak, jatorriz hiri historikoaren ekipamendu eta berdegune gabeziak konpentsatzeko pentsatuta zeuden; gaur egun, baina, produktua garestitzen duten gehigarri ezinbestekoak dira. Horren ondorioa “Euskal Sabana” dugu: zebrak diruditen eraikin zuri eta beltzek kolonizatutako paisaia, inork zapaltzen ez dituen espaloiak, apenas jenderik duten parkeak, eta soilik autoek erabiltzen dituzten errepidez josia.

Bizitokiak tokitan eraikitzen dira, hiritik zein lanpostuetatik urrun, eta garraio publikorik gabe ia. Egoera horretan, autoa “ezinbesteko” egiten da, eta harekin, aparkalekuak, hiru sotodun eraikinak, eta inoiz dendarik izango ez duten kale zabalak. Eta urrun dagoenez, eskola, parke eta gainerako zerbitzu berriak eraiki behar dira, jada existitzen direnak irisgarri ez direlako. Hori guztia etxebizitzaren salmentarekin ordaindu behar da, haren prezioa igoaraziz. Horrela, etxebizitzaren garestitzeak ez du sikiera bizitokien eta espazio publikoaren kalitatea bermatzen, haren produkzio eta salmentarako ezinbestekoa den gehiegizko azpiegitura ordaintzen baizik.

Azken hamarkadetan euskal gizartea kontsumitzera behartua izan den produktu higiezina hiri zaborra da, epe laburrera etxebizitza beharra asetzera bideratutako produktu bat, ekonomiko, ekologiko eta sozialki guztiz jasanezina.

Etxebizitzarako eskubidearen ustezko bilaketan ezin dugu “hirirako eskubidea” alde batera utzi. Hiria, Jane Jacobs-ek deskribatuko lukeen moduan, biztanleek intentsiboki erabiltzen duten, eta honela, bizigarri eta seguru egiten duten giza habitata da, elkarri zaporea ematen dioten funtzio, jende eta arkitektura anitzek osatutako habitata. Familiarekin egindako igandeko paella, ez biharamuna pasatzeko fast food ziztrina. •