Unai Garcia Martinez
Ingurumen Teknikaria
AZTARNA EKOLOGIKOA

COP, KYOTO, PARIS ETA EUROPEAN GREEN DEAL: ORAINGOAN BAI, BAINA AZKENEAN AGIAN EZ

Itunak, gailurrak eta hitzarmenak. COP, UNFCCC, IPCC. Kyotoko Protokoloa, Parisko Akordioa. European Green Deal. Derrigorrezko akordio ez lotesleak. Adostasun lotesleak, baina ez asko. Bete ez dena alde batera utzita zeharo erdietsitako betebehar klimatikoak. Hurrengorako utzitako premiazko erabakiak. Oraingoan benetan baietz, baina azkenean agian ez.

Erantzukizun historikoaz hitz egiten badugu, Europari eta AEBei, guztira, atmosferara isuritako karbonoaren erdia baino gehiago esleitu dakieke. Txinari, gaur egungo igorle handiena izan arren, %13,89.
Erantzukizun historikoaz hitz egiten badugu, Europari eta AEBei, guztira, atmosferara isuritako karbonoaren erdia baino gehiago esleitu dakieke. Txinari, gaur egungo igorle handiena izan arren, %13,89. (GETTY)
IPCC

Komunitate zientifikoak bi hamarkada zeramatzan aldaketa klimatikoaren berri ematen 1988. urtean, susmoak egiaztatzeko Nazio Batuen Erakundeak (NBE) IPCC aditu-taldea sortu zuenean. Geroztik, Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak gaiaren inguruan argitaratutako literatura ebaluatzen du aldizka (lehen mailako ikerketarik egin gabe), bere ondorio-txostenak nazioarteko gailur eta goi-bileretan oinarri zientifikotzat erabiltzeko. Hau da, adibidez, atmosferaren tenperaturaren igoera 1,5 eta 2ºC artera mugatu behar dugula azaleratu duena.

UNFCCC eta COP

IPCCren lehen txostenak bi ondorio nabarmendu zituen 1990. urtean: Lurra berotzen ari zela atmosferako berotegi-efektuko gasen kontzentrazioaren igoeraren ondorioz, eta erantzule nagusia isuri antropogenikoak zirela. Argitalpenak Rio de Janeiroko Lurraren Gailurra egitera bultzatu zuen Nazio Batuen Erakundea, non 178 herrialde eta 400 Gobernuz Kanpoko Erakundetako ordezkariak elkartu ziren larrialdiari aurre egiteko urratsak eztabaidatzeko. Bileraren emaitza aipagarriena Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren sorrera izan zen (UNFCCC ingelesez): atmosferako berotegi-efektuko gas kopurua orekatzeko beharra aitortu zuen ituna. Ez zuen murrizketa helburu zehatzik ezarri, ezta betebehar loteslerik ere, baina COP (Conference of Parts) organoa sortzea erabaki zuen, itunaren betekizuna urtero berraztertzeaz arduratuko zena; haren bilera urtero, pare bat astez, aipatzen dute albistegietan. Horietako batzuetan adostu dira ezagunak ditugun Kyotoko Protokoloa eta Parisko Akordioa, esate baterako.

Kyotoko Protokoloa

1997an Kyoton COPek egindako bileran, UNFCCC hitzarmenaren sinatzaileek itunari eranskin bat gehitzea erabaki zuten, ‘Kyotoko Protokoloa’ bezala ezagutarazi zena. Lehenengo aldiz, emisio gehien zituzten 37 herrialdeentzat eta Europar Batasunarentzat (EB) murrizketa helburu lotesleak ezarri zituzten (emisio globalen %55aren erantzule ziren herrialde horiek). Oro har, isuriak %5 gutxitzeko betebeharra ezarri zuten 2008-2012 aldirako, 1990. urtekoekin alderatuta. Europar Batasunak %8 murrizteko konpromisoa hartu zuen, herrialde bakoitzari helburu zehatz bat jarrita. Alemaniari %21eko beherapena egokitu zitzaion; Espainiar Estatuari, berriz, isuriak %15 baino gehiago ez areagotzea.

Hala ere, azkenean, Ameriketako Estatu Batuek ez zuten hitzarmena berretsi, beren ekonomian kalte larriak eragin zitzakeela argudiatuta. Gainerakoentzat derrigorrezko bihurtu zen 2005ean, Errusiak aurrera eraman behar zuen industria-birmoldaketa Europar Batasunak ordaintzea lortu zuenean. Epea bukatzerako sinatzaileek %24ko murrizketa lortu zuten (EBk %19,2koa), teorian Kyotoko Protokoloa betetzea lortuta (Espainiar Estatuak ez zuen helburua lortu, %23,7 areagotu baitzituen isuriak).

Dena den, helburua lortuko ez zuela ikusita, Kanada akordiotik atera zen azken momentuan, ez betetzeari lotutako isunak ekiditeko. Hura eta AEBak kontuan hartu izan balira, Kyotoko Protokoloa ez zen beteko. Berez, emisio globalak %50 handitu ziren aldi horretan.

(GETTY IMAGES)

Kyotoko Protokoloaren bigarren aldia

Lehen aldia amaituta, 2012an COP organoak Kyotoko Protokoloa 2020ra arte luzatzea adostu zuen, jomuga berriak ezarrita. 1990koekin alderatuta, isurpenak %18 murrizteko konpromisoa hartu zuten estatu parte-hartzaileek (EBk, %20). Garapen-bidean dauden herrialde batzuek ere bat egin zuten, baina beste zenbaitek, Errusiak eta AEBek adibidez, hedapen aldian parte ez hartzea erabaki zuten. Bigarren aldiak emisio globalen %15 bakarrik hartu zuen kontuan. Gainera, Europar Batasunak ordurako lortua zuen helburu bat ezarri zion bere buruari.

Parisko Akordioa

2015ean atmosferako karbono dioxido kontzentrazioak 400 ppm-ko muga psikologikoa gainditu zuen, eta Kyotoko bigarren aldiaren porrota ikusita, Parisko COP21ean jarri zuten askok itxaropena. Bilerak ikusmin handia piztu zuen, hitzarmen global, lotesle eta anbiziotsu bat sinatzeko beharra premiazkoa zela ohartarazi zuelako komunitate zientifikoak eta sutsuki exijitu herriak.

Bilerak IPCC aditu-panelak proposatu zuen eta ezaguna zaigun helburua ezarri zuen: ezinbestekoa da, mende amaierarako, batez besteko tenperaturaren igoera 2ºCra mugatzea, industria-iraultza aurrekoarekin alderatuta (jada 1ºC handiagoa da), eta, posible bada, oinazeak nabarmen arinduko lirateke igoera 1,5ºCra mugatzea lortuko bagenu.

Helburua lortzeko, akordioa sinatu zuten 175 herrialdeek berotegi-efektuko gasen emisioen murrizketa planak entregatzeko konpromisoa hartu zuten, baina hitzarmenak loteslea izan behar zuen parte-hartzaile guztiak barneratzeko. Ez zen murrizketa helburu zehatzik ezarri, beraz, ezta ez betetzeari lotutako isunik ere. Gainera, 2019an Donald Trumpek akordiotik atera zituen AEBak (2021ean sartu ziren berriro ere), eta Txina eta Indiak igorpenak barne-produktu gordinaren arabera murriztuko zituztela adierazi zuten; erlatiboki jaitsi arren, hazkunde ekonomikoagatik, gora egiten jarraitu ahal izango zutela.

Parisen halakorik jaso ez zuten arren, 2030erako isuri globalak %40 murriztu behar zirela adierazi zuen IPCCk, eta klimatikoki neutroak izan mende erdirako (planetak era naturalean xurgatu dezakeen karbonoa besterik ez isuri urtero; hau da, atmosferan dagoen kontzentrazioa ez areagotu). 2021ean Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen gaur-gaurkoz aplikatutako neurriek 2,7ºC inguruko tenperatura-igoerara garamatzatela.

European Green Deal eta Next Generation EU

2019an Europar Batasunak European Green Deal (Europar Itun Berdea) publiko egin zuen, bere hitzetan, ekonomia jasangarria bultzatzeko bide-orri lana egingo zuena. Emisioak murrizteko jomuga berriak ezarri zizkion bere buruari, IPCCk adierazitako norabidean: %40ko murrizketa 2030erako (2021ean %55era igo zuen helburua) eta neutraltasuna, 2050erako.

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

2021ean, pandemiak eragindako oinazeei aurre egiteko Next Generation EU plana diseinatu zuen EBk, estatuei emandako dirulaguntzak Itun Berdearen helburuekin lerrokatzeko eta hondamendia trantsizio ekologikoa sustatzeko aprobetxatzeko asmoz.

Europa trantsizio ekologikoaren eredu, tranpatxo batzuekin

Askotan aipatzen da Europar Batasuna dela Parisko Akordioan ezarritako helburuak betetzen ari den bakarra. Gainera, gaur egun (2021eko datuen arabera), 27ak emisio globalen %7,51ren erantzule dira soilik (Global Carbon Project). Hala ere, bi gauzatxo kontuan hartzea ahaztu ohi da datu horiek aztertzen direnean.

Batetik, erantzukizun historikoaz hitz egiten badugu, Europari eta Ameriketako Estatu Batuei, guztira, atmosferara isuritako karbonoaren erdia baino gehiago esleitu dakieke (%55,87); Txinari, aldiz, gaur egun igorle nagusia den arren, %13,89. Mendebaldeko herrialdeek isuri dute jada garapen ekonomikoa bultzatzeko behar zuten karbonoa (hegoalde globaleko baliabideak eta bizitzak ustiatuz). Orain, garapen-bidean daudenei gauza bera egitea aurpegiratzen diete.

Bestetik, emisioak kontatzeko eta antolatzeko erak ere irudi desitxuratua erakutsi dezake. Datu base erabilietan isuriak ondasunak ekoizten dituzten herrialdeei esleitzen zaizkie, kontsumitzen dituztenei esleitu beharrean. Beraz, Europan kontsumitzen diren lehengai eta produktuen fabrikazioari erantsitako emisio gehienak Asiako herrialdeei kontabilizatzen zaizkie, ekoizpen gehiena bertara kanporatu delako. Kontsumo ikuspuntu batetik egingo bagenu analisia, IPCCren arabera, Asiako ekialdeko herrialdeetako biztanle bakoitzak (Txina, bi Koreak eta Mongolia) 6,7 tona berotegi-efektuko gas isuri zituen 2018an; Europako biztanle bakoitzak, ordea, 7,8.

Horrela bete zuen Europar Batasunak Kyoto, eta horrela ari da Parisko helburuak lortzen. Bere isuriak hegoalde globaleko herrialdeetara garraiatuz.