Nerea GOTI
TXITATOKI ZIRKU ESKOLA

Baserriko korta batean jaiotako zirkuak parez pare ireki dizkio ateak inklusioari

Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolan parez pare zabaldu dizkiote ateak inklusioari. Ariketa fisikotik hasi eta alderdi animikora heltzen den praktika da zirkua. Errespetuan oinarritutako pedagogia horretan, zailtasunei aurre egiteko modua aurkitu dute askok, eta irribarrea ere bai. Ikustekoa da nola sartu eta zelan irteten diren, diote han.

Gautegiz Arteagan, baserri bateko kortan jaio ostean, Gernikara egin zuen jauzi Txitatoki Zirku Eskolak.
Gautegiz Arteagan, baserri bateko kortan jaio ostean, Gernikara egin zuen jauzi Txitatoki Zirku Eskolak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolan muga fisikoak eta mentalak ezabatzen dituen espazio bat sortzea lortu dute, hori baita zirkua, hein handi batean: arte eszenikoen lanketa bat, non lorpenak (txikiak eta handiak) sortu besterik ez diren egiten, teknika handiarekin eta beharra izanez gero, egoerari doitutako beharrezko laguntza dosiekin. Teknika, profesionalen laguntza hori eta nork bere mugak gainditzeko dosi handiak ikusten dituzte egunero. Garaipenak irribarreetan eta bizitzak hobetzen dituzten aurrerapen txiki eta handietan zenbatzen dira. Zirkua praktikatzeko adinik ez dago. Sartu eta probatzea da lehen urratsa. Espazioak berak horretara gonbidatzen du.

Gernikako Astra kultur gunetik gertu dagoen poligonoan aurkitu du zirku eskola bezalako proiektu batek behar duen espazio zabala, eta hala eta guztiz ere, txiki geratzen da hainbatetan. &dle;“Guernica”-ren erreplika batek betetzen du horma bat. Sabaitik behera erortzen diren koloreetako oihal sendoek, trapezioek eta hainbat tamaina eta lodieratako koltxonetek bereganatzen dute arreta: beste gonbidapen bat sartu eta probatzeko.

Inguruan, pilota handiak eta malabareak egiteko tresna ugari behar bezala ordenatuta daude. Ate horiek zabaltzen direnean bistakoa da elementu horiekin esperimentatzea dela bertaratzen den edonoren lehen bulkada. «Zirkua ikuskizun gisa ikustera ohituta gaude hemen, baina zirkua praktikatu ere egin daiteke», dio lehen kolpean Keko Salvadorrekin batera proiektuaren sustatzailea den Elsa Pamparacuatrok.

2007. urtean Iruñeko Oreka eskolan bat egin zuten bultzatzaile biek. Bizkaira eraman zuten egitasmoa, eta Gautegiz Arteagan, baserri bateko kortan jaio zen lehen esperientzia. Zirkua landa eremura eramatea zen ideia. Garai hartan ez zegoen ia ezer; orain proiektua ezaguna da inguruan. Hasierako une haiek oroitzapen onez inguratuta gogoratzen ditu Pamparacuatrok, jaso zuen harrera onagatik, Udalean aurkitu zuten laguntzagatik eta hainbat herritarren artean proiektua laguntzeko sortu zen auzolanagatik.

Egitasmoak, hala ere, herri handiek eskaintzen duten proiekzio handiago bat eskatzen zuen. Herri handi batean egoteak aukera gehiago zabaltzen ditu eta errazago suertatzen dira herri txikietatik handietarako mugimenduak alderantzizkoak baino. Industria poligono batean errazagoa zen, gainera, espazio zabalago bat lortzea; eta txiki geratzen ari da, hala ere.

Nor doa zirku eskola batera eta zer bilatzen du horrekin? Ariketa fisikoa da jardueraren lehen ardatza, baina horren barruan eskala ugari dago, eta hori ere bere alde du zirkuaren praktikak, norberaren errealitatera egokitu daitekeen jarduera da. Beste abantaila bat dauka: lehiakortasuna ezabatzen duen praktika da, Pamparacuatrok nabarmendu duenez.

Eskolan bertan eskaintzen dituzten saioez gain, eskolaz kanpoko jardueretan ere aritzen dira Txitatokiko hezitzaileak. Eskolan praktika era profesionalago batean landu nahi duen jendea ere badago, eta tailer irekiak ere badaude, erakundeek programatutakoak.

Futbola edo saskibaloia bezalako kirolak praktikatzen diren bezala, zirkuan aurkitu dute aisialdiko praktika Txitatokira doazen askok. «Ariketa fisikoa lantzen da, baina beste ate asko zabal ditzake esperientziak. Ez zegoen horrenbesteko ohitura, baina gaur egun Gernikan eta inguruan galdetzen baduzu, beste jarduera baten modukoa da zirkua», eta adin guztietako hautagaiak ditu proposamenak, kontatu duenez. Tailer ireki horietara, adibidez, adineko jendea ere joaten da, eta adin tarte horretan piloten edo diaboloaren erabileran landutako abilezia nabarmendu du.

Haurrak dira Txitatokiren ikasleen zati handi bat, eta haurren artean ‘mortalak’ egitera heltzen dira energiaz beteriko gaztetxo asko, pentsatzekoa denez. Hormaren beste aldetik irtengo lirateke batzuk energiari eta indarrari nahi bezala eragiteari utziz gero. Baina puntu horretan beste oharpen bat egin du bizkaitarrak: teknika da eskolaren oinarria, arriskurik gabe egin eta egiten den horretaz gozatzeko.

Kontatu duenaren arabera, aurrera egiteko bide bat marrazten du teknikak, gainera, pausoz pauso egin beharreko prozesu bat. Horri lotuta dago zirkuaren balio nagusietako bat: erronka gainditzea baino horraino bidea egitea da helburua.

Elsa Pamparacuatro, zirkuko sustatzailea.

Bost teknika eta mila erantzun

Oinarrizko bost teknika lantzen dira eskolan: oinarrizko akrobazia, «gure ikasle guztiek egiten dute akrobazia, itzulipurditik ‘mortal’ eskala batera, baina guztiek egiten dute diziplina horrekin lotutako gutxieneko bat: aireko ariketak (trapezioa, oihalak, soka..), malabareak, orekak eta «artistikoena dena; clown, mimoa, antzerkia...». Horrek aukera ematen du pertsonari egokitzen zaion praktika lantzeko. Azken diziplina horretaz ere hitz egin dio GAUR8ri Txitatokiko jendeak: «Batzuetan pailazoez hitz egiten dute, horrekin lotzen dute zirkua, gauza erraza balitz bezala. Nik esaten diet pailazoak direla gehien kobratzen dutenak, teknikarik zailena dela eta pailazo batek beste teknika guztiak jakin behar dituela», dio Pamparacuatrok irribarretsu.

Zirkua paradisua da haur askorentzat, baina badaude ausartzen ez direnak edo arrazoi bat edo bestea dela medio zailtasunen bat dutenak. Inklusioa da Txitatokik jorratzen duen balioetako bat, eta ez aparteko saioetan.

Eskolako saioak irauten duen denboran elkarrekin daude gaitasun eta zailtasun ezberdinak dituzten ikasleak. Azken horien ondoan laguntzaile bat egoten da, taldean haien itzal moduko bat dena, eta behar denean esku bat botatzeko prest dagoena.

Egon daiteke ikasle batek bereziki landu behar duen zerbait, eta horrek bere lekua aurkituko du talde-lanean. Zailtasun horiek ez dute taldean aipamen berezirik izaten, soilik galdetzen badute: «Beharrezkoa bada, azaltzen diegu taldekide bati zer gertatzen zaion».

Zirkuaren praktikak alderdi animikoan duen eraginez galdetuta, Pamparacuatrok adierazi du kirola izan gabe ariketa fisikoa lantzen duela eta alde horrek berak pertsonen egoeran isla argi bat duela. «Ikustekoa da zelan sartzen diren eta zelan irteten diren», dio zirku irakasleak, eta nabarmendu duenez, «epe luzeagoan ahalduntzea ikus daiteke, egunez egun lortzen dituzten gauza horiek, oso gauza txikiak izan arren».

Alderdi horrekin bereziki lotuta dago behar bereziak dituzten pertsonei zuzendutako Hazitoki proiektua. Ez dira aparteko eskolak: eskolako ohiko saioetako beste ikasle bat dira.

Mugikortasun-arazoak, autismoa, arreta-defizita, garun-paralisia, hipoxia... dituzten pertsonak ibiltzen dira zirku eskolan. Hipoxiaren kasuan, «neska batek akrobazia talde bat aukeratu zuen mutil askoko talde batean, ‘ahuntzak’ esaten genien txantxetan, eta elkarbizitza esperientzia basatia izan zen. Ikasle askok arreta falta dute, autismoa... eta ariketak edo lan egiteko modua horietara egokitzen dira. Espresuki esan gabe, une batzuk pentsatuta daude haiek komunikazioa, mugimendu jakin bat edo kontzentrazioa lantzeko», azaldu du Pamparacuatrok. Beste adibide bat aipatu du: ohean gorputza biratzea ezinezko duen pertsona baten kasua da.

Irudiak bilatu ditu ordenagailuan mugimendu horien lanketa nolakoa den erakusteko. Eskutik heldutako haur talde batean inpultsoen aurreko komunikazioa lantzen duen taldea agertzen da irudietan. Haur horien arteko batek autismoaren espektroko nahasmendua du, irudietan ez da inor nabarmentzen; ondoan duen begiralea, «bere itzala dena», da pista bakarra.

ADHNa eta oreka

Pamparacuatrok esan duenez, esperientzia horiek erronka gisa hartzen dira, batzuetan lan gogorra eskatzen dute, baina «oso aberasgarriak dira, gogoa eta nork bere mugak gainditzeko dosi handiak daudelako, bizitza lezio bat ematen dutelako pertsona horiek guztiek; mugak buruan daudela demostratzen dute», dio zirku hezitzaileak.

Arretaren Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendu (ADHN) kasu ugari daude zirku eskolan, eta benetan bitxia da ikasle horien artean antzeman duten jokaera patroia. «Kekok zirku pedagogia ikasi zuen Madrilen eta alde hori ikertzeko proiektua du. Ikusi du oreka lantzen duten ariketekiko joera bat dutela. Kontua ez da bakarrik onak direla ariketa horietan; ikusi dugu ariketa horien praktikak euren onera eramaten dituela. Izan daiteke kontzentrazio handia behar dutelako», hausnartu du.

Erantsi duenez, ikusi dute «ADHNa dutenak berehala joaten direla oreka ariketa horietara eta eragin ona dutela haiengan. Gurasoren batek esan digu, adibidez, haurrak zirkua egiten duenetik hobeto egiten duela lo», dio hezitzaileak. «Proiekturik kutunena« da hori. Zaintza lanetan aditu den Zure Alde enpresaren aholkua eta laguntza du Txitatokik atal horretan. Pamparacuatro eta Salvadorrekin batera, Larraitzek, Lolak, Xabik eta koordinatzaile lanak egiten dituen Nekanek osatzen dute taldea.

Pamparacuatroren hitzetan, inklusioaren bidean urrats asko eman daitezke, eta bide horretan zirkuak oso tresna baliagarriak ditu, eta hainbat lankidetzaren bidez garapen handia izan dezakeela nabarmendu du.

Izan ere, Estatu espainoleko FEECSE zirku sozio-hezitzaile eskolen federazioko kidea da Txitatoki Urdaibai Zirku Eskola. «Azkenean kontua da nola sortu espazio seguru bat eta espazio horren barruan pertsonak hezteko pedagogia seguru bat aplikatzea, pertsonen izaeran zirkua bitartekari gisa erabiltzeko», adierazi du zirku irakasleak.

Balioak ere zirkuaren ardatz nagusiak dira. «Guretzat errespetua da lehen balioa, beste pertsonekikoa, espazioarekikoa eta materialarekikoa, eta hori lortzea da lehen erronketako bat, batzuetan oso era inbaditzailean heltzen baitira ikasleak; horiek berehala ‘jaitsarazi’ behar ditugu. Zirkua kultura da, eta heztea eta kulturaren balio guztiak transmititzea dugu helburu», azaldu du.

Ariketa eta jolasen magiaren harian mugitzen den zirkuan «garrantzitsuena ez da helburua, baizik eta bidea», adierazi du Elsa Pamparacuatrok, eta bide horretan, beraz, hainbat jardueratarako babesa ematen duen euritakoa izan nahi du Txitatoki Urdaibai Zirku Eskolak.