Juantxo EGAÑA

Martxoaren 3an Gasteizen hildako langileen hileta-elizkizuna

(Luis ZIARRUSTA)

1976ko martxoaren 3an, greba orokorreko egun batean, 5.000 langile inguru elkartu ziren Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzarra egiteko. Poliziak gas negar-eragilea bota zuen eliza barrura hura hustu nahian. Han zeudenak irteten ari zirenean, poliziak tiro egin zuen, bereizi gabe. Barne irratiko elkarrizketetan, poliziak 2.000 tiro baino gehiago egin zituela eta sarraski bat eragin zuela aipatu zuen. Bost pertsona hil ziren poliziaren tiroen ondorioz: Romualdo Barroso, Pedro Maria Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda. Ehundik gora zauritu izan ziren; horietatik 33 poliziaren tiroen ondorioz. Martxoaren 8an, Basaurin, Gasteizko gertakariak salatzeko manifestazio batean, poliziak Vicente Anton Ferrero hil zuen.

Luis Ziarrustak 24 urte zituen garai hartan eta “El Correo” egunkarirako lan egiten zuen. Bera da alboko argazkiaren egilea, martxoaren 5ean bere etxetik egindakoa, Gasteizko katedral berrian poliziak tiroz hildakoetako hiru langileren hileta-elizkizunetan. Ziarrustaren Gasteizko gertakarien argazkiak haren baimenik gabe banatu zituen Europa Press agentziak, eta Europako hainbat egunkaritan argitaratu ziren.