Asier AIESTARAN
PROSTITUZIOAREN ERRADIOGRAFIA

Arrats elkarteko Aukera zerbitzuak Irun eta inguruetako prostituzioari buruzko azterlana egin du

Pertsona baten itzala. Prostituzioa ezkutuan geratzen den errealitatea da gehienetan.
Pertsona baten itzala. Prostituzioa ezkutuan geratzen den errealitatea da gehienetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arrats elkarteko Aukera zerbitzuak Irun eta inguruetako prostituzioari buruzko azterlana egin du Irungo Udaleko Berdintasun Arloak eskatuta. Udalaren helburua prostituten kezkak eta beharrak ezagutzea da, zuzenean beraiei galdetuta, egoeraren erradiografia bat egiteko eta Udaletik pertsona horien ongizatea hobetzeko har daitezkeen neurriak erabakitzeko.

Ikerlana luzea eta sakona da. 174 orrialde ditu guztira eta Irungo kasua aztertzeko egina dagoen arren, prostituzioaren errealitate orokorra hobeto ezagutzeko hainbat gako biltzen ditu: prostituzioaren historia, hura baldintzatzen duen legeria, hainbat herrialdetako egoera... Irungoak izan daitezkeen elementu konkretu batzuk kenduta -espainiar eta frantziar Estatuen arteko mugan egotea, adibidez-, txostenak erakusten duen errealitatea Euskal Herriko beste hiri eta herri batzuetan aplikatu daiteke.

Irunen aspalditik lanean ari den Aukera programak 102 prostitutaren iritziak bildu ditu, horretarako propio sortutako zazpi orriko galdetegi baten bitartez. Helburua datu kuantitatiboak biltzea zen, baina baita kualitatiboak ere, hainbat gairen inguruan iritziak eskatuz eta sentitzen dituzten kezka eta beharrez modu irekian galdetuz.

Zenbaki adierazgarriak

Datu kuantitatiboei dagokienez, aipatu behar da galdeketan parte hartu duten pertsonen %91 emakumezko zisgeneroak direla, %7 emakumezko transak eta %2 gizonezkoak. Eta adinari erreparatuta, deigarria da %67k 31 urte baino gehiago dituela; alegia ez direla pentsa litekeen bezain gazteak. Elkarrizketatutako hiru pertsonak 66 urte baino gehiago dituzte.

Jatorriari dagokionez, %96 “atzerritarrak” dira. Zehazki, %81 Latinoamerikan jaioa da, %13,7 “Ekialdeko herrialdeetatik” dator, %3,9 “Mendebaldeko Europakoa” da eta %1, afrikarra. Eta prostituzioa Irunen edo Irun inguruetan egiten duten arren, bizilekua ez dute bertan askok. Galdeketan parte hartu duten 102 pertsonetatik 29 bizi dira Irunen, 13 Donostian eta 12 Gipuzkoako beste herri batzuetan; 9 Nafarroan bizi dira eta 7, Bizkaian. Baina, adibidez, 26k Estatuko beste lurralde batzuetan dute bizitokia. 65 pertsona, gehienak, alokairuan bizi dira; 17 “plaza” bat betetzen ari dira - prostituitzen diren lekuan bizi dira, alegia- klub edo pisu batean, eta 10 lagun/senideren baten etxean daude.

Jatorriarekin lotuta, kontuan hartu behar da elkarrizketatutako pertsonen %10ak soilik duela espainiar nazionalitatea; %62k adierazi du espainiar nazionalitatea ez izan arren “egoera erregularrean” dagoela, %11k turista-bisarekin dagoela, eta %17k onartu du “egoera irregularrean” dagoela. Gainera, pertsona guztiek, %100ak, adierazi dute senideren bat dutela beren kargura, izan seme-alabaren bat edo beste ahaideren bat; kasu gehien-gehienetan, jatorrizko herrialdean.

Prostituzio espazioari dagokionez, %4k bakarrik jardun izan du kalean. Aldiz, gehien erabilitako eremua klubak dira -%50ak erabiltzen du edo erabili izan du espazio hori-. Pisuen kasuan portzentajea %33koa da, eta %13k egiten ditu edo egin izan ditu irteerak.

Osasun arloan, 36 pertsonak adierazi dute nahasmendu psikologikoren bat izan dutela prostituzioan jardun duten bitartean (estresa, antsietatea, depresioa...); 31 pertsonak aipatu dute gaixotasunen bat hartu dutela noizbait (COVID-19a, gripea...); 17 pertsonak istripuren bat izan dutela (erorikoak, kolpeak...) eta 13 pertsonak adierazi dute alkoholaren eta/edo drogen kontsumoarekin arazoak izan dituztela edo dituztela. Bestalde, 21ek adierazi dute osasun-baliabideak eskuratzeko zailtasunak izan dituztela.

Bestelako zailtasunen artean, senideak ardurapean izatea (61) eta alokairu bat lortzea (38) dira gehien aipatzen direnak, eta laguntza eskatzerakoan instituzioak ekiditea ere bai: 30 pertsonak esan dute ez diotela laguntzarik eskatu inori eta 24k lankideei bakarrik. Prostituzioan jarduteagatik epaitua izatea da kezka nagusietako bat, %53rena zehazki, nahiz eta kopuru horri bere jarduna ezkutuan gordetzen duen %21 gehitu behar zaion.

Espainiar Estatuan etor daitezkeen lege aldaketei buruz galdetuta, prostituzioa debekatzeko bidean, %78k erantzun du jakinaren gainean dagoela, eta %91k aldaketa horren kontra dagoela -%6 prostituzioa debekatzearen alde agertu da-. Are gehiago, %83 agertu da zergak ordaintzearen alde eta %11k bakarrik adierazi du ez duela gizarte segurantzan kotizatu nahi. %49k esan du ez duela prostituzioa uzteko asmorik.

Egoera zail baten deskribapena

Ondorio kualitatiboei dagokienez, nabarmena da prostituzioan diharduten pertsonen zaurgarritasuna oso lotuta dagoela beraien egoera legala erregularizatzeko dituzten arazoekin. Azterlanean parte hartu duten pertsonen %22k ezin izan du hemen erroldatzea lortu, eta erroldatu gabe ezinezkoa da Lanbiden izena ematea, prestakuntza-ikastaroak egitea, larrialdi laguntzarik eskatzea, etxebizitza publikoetarako aukera izatea edota banketxean kontu bat irekitzea, besteak beste.

Aipatutako %22 horrek legalki ezinezkoa du, baina beste askok ere, legalki eskubidea izan arren, mota guztietako oztopoak aurkitzen dituzte oinarrizko beharrizanak betetzeko. Diotenez, prostituzioa ogibide bezala aipatzea nahikoa da banketxean kontu bat irekitzeko sekulako trabak jartzeko, gizarte-langileen aldetik arreta ez oso bidezkoak jasotzeko edota etxebizitza bat alokatzerakoan ezezko borobilak jasotzeko.

Egoera horretan, beste bide batzuk erabili ohi dituzte etxebizitza bat alokatzeko. Ohikoena lagun edo ezagunen baten bitartez egitea izaten da, baina formula horrek askotan botere-abusuak eragiten dituela ikusi du Arrats elkarteak. Mesedearen truke sexu-harremanak eskatzen direlako, adibidez, edota, alokairu kontraturik gabe daudenez, edozein momentutan kanporatuak izan daitezkeelako.

Osasunaren arloan ere gabezia handiak dituzte. Askok osasun sistema publikoa ekidin eta automedikazioa erabiltzen dute. Mediku-kontrolik gabeko farmakoen kontsumoa, merkatu beltzean erosketak... Eta fisikoa bezain garrantzitsua den osasun mentala ere kezkagarria da, ikerketan “estresatzaileen multzoa” deitutako faktoreen zerrenda oso luzea delako: migratzaile izatea, hizkuntza arazoak, atzerritartasun kontrolaren beldurra, bakardadea, familia-kargak, harrera-herrialdeko burokrazia, estigma eta haren erruz bizitza paraleloa eraikitzeko joera, gaixotasunak harrapatzeko beldurra, atseden eta elikadura ohitura txarrak, sufritutako indarkeria fisikoa edo hitz bidezkoa, itxura fisikoari buruzko kezka, lan-eskubiderik eza...

Jarduera eremu bakoitzak, gainera, bere arazo konkretuak sortzen ditu, indarkeria orokorraz gain. Pisuetan jarduten dutenek prostituten arteko borroka eta liskarrak aipatzen dituzte, adibidez. Kluben kasuan, jardunaldi luzeak edota alterne sistemak bultzatzen duen alkohol kontsumoa -desagertzeko bidean dagoen arren-. Eta bada bietan errepikatzen denik ere: plaza-sistemak bultzatzen duen etengabeko mugikortasunak berarekin dakarren errotzeko zailtasuna, adibidez.

Proposatutako neurriak

Datuak aztertuta, Arrats elkarteak pertsona hauen egoera hobetzeko hainbat proposamen egin ditu, aniztasunak irtenbide orokorrak asko zailtzen dituen arren.

Udalez gaindiko mailan, prostitutek «jasandako indarkeriei buruzko ikerketa espezifiko bat egitea» proposatu du, zaila baita neurri egokiak hartzea «errealitatea ezagutzen ez bada». Era berean, «prostituzioan jarduten duten pertsonen berariazko arazoak ikusaraztea» garrantzitsua dela uste dute, «sentsibilizazioa lortzeko eta diskriminazioak» saihesteko. «Gizartea sentsibilizatzeko kanpainak sustatzea» ere garrantzitsua da, «estigma murriztera bideratuak», eta gizarte-segurantza kotizazioa sustatzearen aldekoak dira, «prostituzioan aritu nahi dutenentzat lan-eskubideak bermatzeko».

Udal mailan, «prostituzioan jarduten duten pertsonek jasandako indarkerien urteko zenbaketa» egitea eskatu dute, eta protokolo bat egitea, kasu honetan Ertzaintzarekin eta Irungo Udaltzaingoarekin. Prostituzioan jarduten duten pertsonentzako «liburuxka» bat egitea ere aipatu dute, informazioa eskaintzeko.

Gizarte-zerbitzuekin koordinazioa hobetzea eta profesionalei prestakuntza ematea dira beste neurri batzuk, «estigma eta aurreiritziak murrizteko». Baita erroldatzeko aukera ez duten emakumeen errolda soziala bermatzea ere, «herrian errotzeko eta baliabide komunitarioak eta zerbitzuak eskuratzeko aukera ziurtatzeko».