Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IKUSMIRA

Izpi ultramoreak

(Raul BOGAJO | FOKU)

Izpi ultramoreak ikusezinak dira gizaki gehienentzat, ikusmenaren gaitasunetatik kanpo kokatzen direlako. Ezin horiek ikustera iritsi begi hutsez. Hori dio zientziak. Zientziak baldintza zehatz batzuetan haur, gazte eta heldu zenbait izpi horiek sumatzera irits daitezkeela ere badio. Eguzkitik datorren energiaren parte diren izpi ikusezinak. Gorputzak berotzen eta gozatzen dituzten izpiak, aurrera segitzeko indarra pilatzen laguntzen dutenak. Eguzkitan eseri, begiak itxi eta sumatu energia berritzen.

Martxoaren 8an jasotako irudi ederrean horixe begitantzen da, neskatoa izpi ultramoreei begira, aurrean daukan biderako energia pilatzen ariko balitz bezala. Eta ez da energia pilatzen bakarrik ari, bestelakoak ere ari da jasotzen. Esaterako, ikasten ari da emakumeek lanerako eta zaintzarako adinako abilidade eta grina daukatela borrokarako. Ikusten ari da munduan badela irauli beharreko zerbait, berak maite dituen emakumeak kalean daudelako. Oraingoz aldarrikatzen, noizbait ospatzen aritzeko esperantzan.