Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS
Historialaria

Neoformalismoa

Ilustrazioa: Jonbi EGURTZEGI
Ilustrazioa: Jonbi EGURTZEGI

Hamarkada bat joan da jada kontzeptuari lehen bueltak eman nizkionetik. Sentsazioa zen hasieran, oro har norbanakoen jarreretan nabaritzen hasi nintzena. Eta jarrera horien atzean zegoen patroia antzeman nahi nuen. Zein portaera orokortu dira? Zein erreakzio bihurtu dira ohiko? Zein pentsatzeko logika nabarmentzen dira?

Batetik, lanpostuetan gero eta ohikoagoa den hiztegi eta praktika da. Edozein jardueraren aurrean, pauso eta tramite batzuk ezarri dira: helburuak, lorpen adierazleak, ebaluazio irizpideak... Berdin balio dute prozedura horiek torloju lantegi baterako, autobus garraio enpresarako edo hezkuntzarako. Eta hezkuntzan, berdin haur hezkuntzarako edo unibertsitaterako; modu berean aisialdi talde baterako. Inportanteena taulak eta excelak betetzea da. Horiek ondo antolatuz gero, hitz magikoa lortuko omen dugu: kalitatea.

Hezkuntza kalitatea, ekoizpenaren kalitatea... Prozesuak, prozedurak... Baina horren barnean dagoena, funtsa, mamia, muina... garrantzia galtzen joan da. Badirudi, bere esanahiari uko eginez, forma dela funtsa. Eta hor gabiltza, taulak eta txantiloiak betetzen bata bestearen atzetik. Eta inork ez du hitz egiten txantiloi horren azpian dauden eguneroko praktikez. Eta praktika horiek behar duten xehetasunez eta zehaztasunaz. Dena interneten omen dago. Forma geratuko da, eta gizakiok ordezkagarriak gara.

Formaren lehentasuna hizkeran ere nabaritu da. Ez pentsa eskuindarrei arrazoia emango diedanik “politikoki zuzenaren diktadura” delako horrekin. Horiena 1960ko hamarkadatik gutxiengo minorizatuek izan dituzten lorpenengatiko erreakzioa besterik ez da. Nahiz eta egungo gizartean formak duen garrantziari erreparatu dioten eta horregatik zabaldu den hain erraz “woke kultura” delakoaren aurkako mezua. Arazoa ez da hitz egiteko modu zehatz bat inposatu dela, ordea. Arazoa da erreakzionarioek hitz egiteko modu horrek eskatzen duen umiltasuna ez dutela eta mespretxuz begiratzen diotela oraindik arrazializatuari, emakumeari, euskaldunari... Modu berean, neoliberalismoak forma hori bera erabili du gizartearen gehiengoen eskakizunak neutralizatzeko. Berdin dio Laboral Kutxaren, Eusko Jaurlaritzaren edo NBEren mezu bat entzutea. Hitz ederrez jantzita dago, baina, funtsean, ezer ere ez.

Bestetik, formaren lehentasun horrek gure gorputzei ere eragin die. Erreakzioa gotortu egin baita gure gorputzaren forman (zakila du edo ez), betidanik anitzak izan diren identitate eta praktika sexualei ezikusiarena egiteko. Beste behin. Oinarri-oinarrizkora jotzen du, edo gutxienez, horiek oinarrizkotzat dutenera. Gure forma, besterik ez.

Forma horien guztien atzean zapalkuntza egoera anitzak daude. Bakoitzak bere bizia askatasunez bizitzeko ezintasun ekonomiko zein kulturalak. Biztanleriaren gehiengo zabala ordezkatu nahi dugunok ezintasun erreal horiek identifikatzera eta gainditzera bideratu behar dugu gure praktika. “Politikoki zuzena” omen den horren barnean zer dagoen eta zer egon behar duen identifikatu eta gainditu behar dugu. Askatasuna ez digu formak ekarriko, edukiak baizik. Politikan erradikala izatea gauzak errotik aldatu nahi izatea dela esan izan da Euskal Herrian. Horretara jo behar dugu. •