Asier AIESTARAN
Entrevista
SONIA VEGA ETA ELI PADURARU
Gizarte langileak eta Ikerketaren egileak

«Prostituzioan jarduten duten pertsonei aukera eman nahi genien askatasunez kontatzeko zer arazo eta kezka dituzten»

Prostituzioa errealitate ezezaguna denez, ezkutuan egiten dena, horrelako ikerketa bat egin ahal izateko metodologia eta gakoak hobeto ezagutu nahi izan ditugu.

Eli Paduraru eta Sonia Vega, Donostian egindako elkarrizketan (Maialen ANDRES / FOKU)
Eli Paduraru eta Sonia Vega, Donostian egindako elkarrizketan (Maialen ANDRES / FOKU)

Arrats elkarteak Donostian duen egoitzan elkartu gara Sonia eta Elirekin. Zail egiten zaie horren ikerketa luzea hitz gutxitan laburbiltzea, baina argi dute egindako lana gizarteratzea oso garrantzitsua dela.

Zer da Aukera programa? Zer lan egiten duzue?

SONIA VEGA: Prostituzioan jarduten duten pertsonei arreta eskaintzen dien zerbitzu bakarra da Gipuzkoa mailan, eta eskatzen den baldintza bakarra horixe da: prostituzioan jardutea edo noizbait jardun izana. Ez da edozein pertsonarentzat irekitako zerbitzu bat, bereziki prostituzioan dihardutenentzakoa da. Berdin du egoera irregularrean zauden, edo bizilekua non daukazun.

Gure lana bi zatitan bana daiteke. Alde batetik, sentsibilizazio sozialaren alderdia dago. Eta, bestetik, kolektiboarekin egindako lan zuzena. Hor ere lan egiteko bi modu ditugu: bata, bulegoan egiten duguna eta bestea, landa-lana. Pertsona horiek dauden lan espazioetara joaten gara: klubetara, pisuetara eta, Irunen kasuan, Behobia ingurura, bertan jarduten dutelako zenbait emakumek prostituzioan.

Eta zehazki zer egiten dugu beraiekin? Alde batetik zer arazo dituzten entzun. Hemen espazio bat dute non ez diren epaituak izango. Errespetatu egiten da lan sexuala. Bestalde, material prebentiboa banatzen dugu: preserbatibo maskulinoak, femeninoak eta gel lubrifikatzaileak. STI kontsultetara (Sexu Transmisiozko Infekzioak) ere laguntzen diegu, nahi badute.

Eta beste hainbat gauza: errolda lortzen laguntzen diegu, NAN-a edo pasaportea berritzen, Lanbiderekin harremanetan jartzen, Alaitz lankidea abokatua da eta aholkularitza ematen du...

Eta esperientzia zabala duzuenez, Irungo Udalak ikerketa bat eskatu zizueten herriko prostituzioaren egoera hobeto ezagutzeko. Nola heldu zenioten erronka horri?

S.V: Gizartean ezkutatuak izaten diren pertsonak dira, eta ikerlan honetan saiatu gara beraiek izan zitezela ikerketa nolabait bideratuko zutenak. Guk galdetegi batzuk prestatu genituen, baina beraiei ere aukera eman nahi genien askatasunez kontatzeko zer arazo eta kezka dituzten.

ELI PADURARU: Kontuan izan behar da ikerlanak bat egin zuela Madrilen aurrera atera nahi diren lege aldaketei buruzko informazioekin. Eta sentitzen zuten inork ez ziola haien iritziari jaramon egiten, inork ez zuela haien ahotsa kontuan hartzen. Beraz, horretarako aukera bat ere izan zen.

Azkenean 102 pertsonak hartu dute parte. Haiengana hurbildu zinetenean, nolako harrera izan zenuten?

S.V: Elik aipatu duena garrantzitsua izan zen. Maiatzean hasi ginen komunikabideetan entzuten zigor kodean aldaketak egin nahi zituztela, proxenetismotzat hartuko zirela klubak edo pisuak bezalako lan espazioak. Horregatik emakume askok parte hartu nahi izan zuten beraien iritzia emateko. Ziur asko, ikerketa beste une batean egin izan bagenu, zalantza gehiago izango zituzten parte hartzeko. Ez baita batere erraza 102 pertsonak baiezkoa eman eta beren lanari buruzko galderak erantzutea.

Sonia Vega (Maialen ANDRES / FOKU)

Datu kuantitatiboen atalean erradiografia nahiko argia da: gehiengo ia erabatekoa emakume zisgeneroak dira, migranteak eta ardurapean seme-alabak edo beste senideren bat dituztenak.

S.V: Eguneroko lanean beraiekin zabiltzanean ikusten duzuna errepikatu da. Baina egia da datu moduan jasotzeak ere balioa duela.

E.P: Profila jasotzen dugu gizarteak ere ikus dezan zertaz ari garen. Adibidez, norbaitek pentsa dezake prostituta guztiak 20 urteko neska gazteak direla, eta ikerketan argi ikusten da ez dela horrela. Gehienbat pertsona helduak dira, "karga" familiarrak dituztenak... eta hori egunerokotasunean ikusten dugu. Nabarmendu litekeen beste datu bat da galdetutakoen erdiak prostituzioan jarraituko lukeela debekatuko balitz ere.

S.V: Badago gai bat, aipatu behar dena eta ikerketan agertzen ez dena. Aukera zerbitzuak ez ditu prostituzioan dabiltzan pertsona guzti-guztiak artatzen. Badira kasuak guregana iristen ez direnak. Izan liteke bertan jaiotako emakumeen kasua, segur aski egiten dutena ezagutzera emateko asmorik ez dutenak. Alde horretatik onartu behar dugu ikerketa honen muga. Klubez ari bagara, Gipuzkoako klub guztietan sartzen gara, eta hor argazkia osoagoa da.

Azterketa kualitatiboan argi geratzen da arazo eta oztopo asko migrazioaren errealitatearekin lotuta daudela.

S.V: Lehenik aipatu behar da migrazio fenomenoa femeninoa dela, eta, lehen esan bezala, migrazio hori "karga" familiarrekin lotuta ematen dela; batez ere, Latinoamerikatik datozenen kasuan. Berdin zait mendekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko den edo prostituzioan jarduteko, baina dirua lortu eta etxekoei bidaltzeko asmoz beren herria utzi eta atzerrira doazen emakumeak dira. Europara iristen direnean konturatzen dira turista bisa amaitzen denean egoera irregularrean daudela, eta ezin dutela hori konpondu. Ez delako erraza. Europa kontinente-gotorleku bilakatu da migranteentzat. Eta zenbait kasutan ikusten duten irteera bakarra prostituzioa da.

E.P: Erroldatuta egotearen garrantzia ez dute ezagutzen emakume askok. Ez dakizu zuretzat berria den herrialde bateko erakundeek nola funtzionatzen duten, nora jo paperak egiteko... Atzerritar Nortasun Zenbakia (NIE) bi urtero berritu behar da, baina Udalak ez zaitu horretaz ohartaraziko...

Ikerketan askotan aipatzen duzue «estigma» kontzeptua, eta zer eragin duen laguntza eskatzeko ere.

S.V: Askotan ez gara kontziente zer nolako pisua duen estigma edo motxila horrek, eta pertsona gehienek prostituzioan dihardutela ezkutatu egiten dute baztertuak edo kriminalizatuak izateko beldurragatik. Gizarte langileari ere askotan ez diote onartu nahi izaten prostituzioan jarduten direnik, agian hor hasiko direlako susmoak eta galderak.

E.P: Bada esaldi bat argigarria iruditzen zaidana. Estigma hori kentzen badiozu, geratzen zaizuna da bizirik iraun nahian dabilen emakume bat. Ahal duena egiten du bizirik jarraitzeko eta etxekoei jaten emateko. Motxila kentzen lagundu behar diegu.

Eli Paduraru (Maialen ANDRES / FOKU)

Pertsona horiekin harremana duten eragileentzat formakuntza eskatzen duzue. Polizia, gizarte langileak...

S.V: Eta oro har ere bai. Aipatzen dugun beste adibidea banketxeetakoa da. Banketxe batean kontua ireki nahi duzu, diru sarrera batzuk dituzulako, baina ez daukazu nominarik, eta denak arazoak dira. Berdin etxe bat alokatzeko. Ez zara soldatapeko langilea, ezta autonomoa ere, baina badituzu diru sarrerak, eta ez duzu deliturik egin hori lortzeko, ezta gutxiago ere.

E.P: Edo harreman sozial arruntak ere zailtzen dira. Pertsona bat ezagutzen dugunean bigarren edo hirugarren galdera horixe izaten da: «Zertan egiten duzu lan?». Eta aipatu dugun motxila horrekin bizitza paralelo bat eraikitzen hasten zara, horrelakoetatik ihes egiteko. Epaitua edo baztertua izateko beldurra hor dago beti.

Amaieran neurri batzuk proposatzen dituzue. Horietako bat Donostian jada erabiltzen den errolda sozialarena da. Zer da zehazki?

S.V: Prostituzioan jarduten duten pertsonen ezaugarrietako bat izaten da askotan lan egiten duten espazioan bertan bizi direla. Kluben kasuan, adibidez, klub horretan egiten dute lan eta bertan bizi dira. Baina erroldatzerakoan bizileku bezala ez dizute onartzen kluba. Etxebizitza baten jabe izan behar duzu edo alokairu kontratu bat izan, pisu edo gela batena. Hori ez daukatenez, ezin dute frogatu herri horretan bizi direla. Errolda sozialaren kasuan, Aukera zerbitzuak idatzi bat prestatzen du, egiaztatuz pertsona hori ezagutzen dugula eta udalari eskatuz mesedez errolda soziala egiteko. Idatzi hori jasotakoan, udalak pertsona hori erroldatu egiten du bizileku bezala udal eraikinen bat jarrita. Donostian, adibidez, udal aterpetxea.

E.P: Une horretan onartzen zaizkizu herritar izaera eta berarekin dakartzan eskubideak. Erroldatu arte ez daukazu ez Osakidetza, ez Lanbide, ez Mugi... Pertsona askori ukatzen zaizkien eskubideak.

Martxoaren 8a igaro berri da, eta feminismoan existitzen da prostituzioa arautzearen aldekoen eta abolizionismoaren aldekoen arteko eztabaida. Zuen esperientziatik, nola ikusten duzue eztabaida hori?

S.V: Nik uste dut feminismoak inklusiboa izan behar duela, eta emakume guztiak onartu behar dituela, haien ezaugarriekin. Pertsona bakoitza bakarra da, berezia, eta guztiok balio bera daukagu. Eta askotan kosta egiten zaigu hori onartzea. Ez zaie prostituzioan jarduten dutenei bakarrik gertatzen; emakume transexualei ere pasatu zaie duela gutxi, badaudelako zenbait feminista emakumetzat hartzen ez dituztenak. Tristea iruditzen zait emakume guztiok batzeko jaio zen feminismoan orain "gu bai baina zuek ez" bat ikustea.