Juantxo EGAÑA

Luis Aranari egindako azken argazkietako bat

(RONAN PERENNOU URREIZTIETA FUNTSA)

Luis Arana Goiri Abandon jaio zen 1862an. Anaia Sabinorekin batera, 1894ko otsailaren 18an Castejonen -Gamazoren dekretua bertan behera uzteko negoziatzetik Madrildik zetozen diputatu nafarrei egindako harreran- lehen aldiz zabaldu zen ikurrina diseinatu zuen. Urtebete geroago, EAJren sorreran parte hartu zuen. 1915ean, bertako presidente zela, kanporatu egin zuten eta Eli Gallastegirenera eta antzeko sektore independentistagoetara hurbildu zen. Frankisten etorrera zela-eta 1936an erbesteratua, Lezo Urreiztietarekin bizi izan zen zenbait hilabetez Bretainian eta Euskal Herrira 1941ean itzuli zen. 1951n hil zen. Artikuluak erakusten duen argazkia Luis Arana Goiriri egin zioten azkenetarikoa izan zen, joan den mendeko 40ko hamarkadaren amaieran Santurtziko bere etxean egina. Irudian, armarriez eta beste elementu batzuez gain, bi argazki daude horman zintzilik: bata, Sabino anaiarena, eta, bestea, Lezo Urreiztietarekin, Parisko aireportuan. Argazkiaren egilea Luis Aranaren seme bat izan daiteke. Irudi hau, beste batzuekin batera, Lezo Urreiztietak, jagi-jagi militanteak, independentista sakonak eta Luis Aranaren lagun handiak, utzitako ondarearen parte da. Urreiztieta Donibane Lohizunen bizi zen, eta Santurtziko etxera joaten zitzaion ezkutuan bisitatzera, eta, berak esaten zuen bezala, debozio berezia zion “ideiaren aitari”.