Oier Gorosabel
Fisioterapeuta

Konponketen alde

Muskulu-eskeletoko lesio larrienek ere, ia beti egonkortzera eta hobetzera egiten dute.
Muskulu-eskeletoko lesio larrienek ere, ia beti egonkortzera eta hobetzera egiten dute. (GAUR8)

Lekeition gustuko dudan etxetresna elektrikoen denda bat dago. Bertako dekorazioa ez da modakoa (duela 20 urte bai, agian); han lanean ari direnek ez dute zure «bezero-esperientzia ahaztezin bihurtzeko» ahalegin berezirik egiten; bertan eskaintzen duten jeneroa normal samarra da. Zer gustuko dut, beraz? Zerbait hondatzen zaigunean, ahaleginak eta bi egiten dituztela etxetresna elektrikoa mantentzeko: piezak aldatzea, noski (leku guztietan bezala), baina piezarik ez denean ere, edo aldatzerik ez dagoenean, bestelako trikimailuak erabiliz; halako zirkuitua “puenteatzea”, bestelako giltza moldatzea (sartzen ez den pieza sar dadin)... Beste leku askotan, egoera horretan, ez lukete horrelako ahaleginik egingo: garantiatik kanpo dagoenean, “ezin da konpondu” esan, eta gailu berria salduko lizukete.

Ez da diru kontua: gaur egun, lehengoarekin alderatuta, etxetresna elektrikoak merkeak dira (duela 40 urte, zenbat hilabetetako soldata behar zen garbigailu bat erosteko?). Erreparazio horiek egiteagatik ere dendakoek kobratu egiten digute -nola ez- eta horrek esan gura du, behin eta berriro egin behar izatea suertatuz gero, berria erostearekin alde handirik ez duzula igarriko. Baina... esan bezala, ez da diru kontua. Gailu zahar bat konpontzen duzunean, gailu bat gutxiago botatzen ari zarelako zaborretara (ber gauza esan dezakegu arropa, zapata edo bestelako tresnekin), eta ni bezalako “eroentzat” gauza handia da hori. Gero eta jende gehiagok pentsatzen du horrela, baina. Eta 2009an Amsterdamgo Platform21 kolektiboak “Repair manifesto” famatua argitaratu zuen, gauza berriak erosi baino lehen, zaharren konponketa aldarrikatzen zuena.

Zuetako batzuen bekainak altxatzen ikus ditzaket. Irakurle edadetuak, batez ere, pentsatzen ari dira jada: «Bada, zelako gauza! Ni gaztea nintzenean, normala zen hori. Berriak erosteko dirurik ez genuenez, dena konpondu behar». Arrazoi duzue, jaun-andereak: hain zuzen ere, 1960ko hamarkadako desarrollismotik hona txarto ohitu arte, horixe izan baita normalena, eta zentzuzkoena.

Gorputzaren eremura ekarrita, ikuspegi honek badu bere zera ere. Osasungintzan, gaur egunean badugu gorputzeko zenbait atal ordezkatzeko aukera, protesiak ezarriz edo transplanteak eginez. Nahiz eta emaitzak onak izaten diren, teknika ez da perfektua eta pieza berriek ez dute “benetako” artikulazio baten lan berbera egiten; gainera, ez du gorputz osorako balio. Baina, zorionez, gorputzak dagoenarekin konpontzeko ahalmen handia du.

Muskulu-eskeleto aparatuan, adibidez, giltzaduren higadura etenik gabea da eta kasu askotan (disko herniak, kondromalazia, Bankart... ) lesioek ez dute atzera bueltarik izaten. Baina horrek ez du esan nahi hobetu ezin daitezkeenik. Izan ere, lehengo egoerara itzultzea ezinezkoa den arren, gorputzak baditu erreparaziorako modu asko, ahal denean konpontzeko, eta ezin denean trabatik kentzeko. Azalpen konplexuetan ez gara sartuko, noski (kasutik kasura alde handia baitago), baina jakin ezazue, muskulu-eskeletoko lesio larrienek ere, ia beti egonkortzera eta hobetzera egiten dutela. Arazoaren arabera denbora gehiago edo gutxiago igaroko da, baina jakin badakigu hobera egingo duela. Prozesu horretan, jakina, emaitza hobeak lortuko ditugu pazientearen parte hartze aktiboarekin. Alegia, ohatilan etzan eta tratamendua pasiboki hartzeaz haratago, ariketa fisikoaren bidez, hondatutako artikulazioaren inguruko mugimenduaren eta muskuluen egoera hobetu dezake pazienteak. Horrekin, hondatutako egiturak babestuago egongo dira, egonkorrago, eta horrek mesede handia egingo du eguneroko bizimoduan, kirolean edo edozein tratamendutan. •

www.abante.eu